astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

kirola

IKER IRRIBARRIA

«Oraindik jantzi beharko dut elastiko urdina»

Imanol Magro Eizmendi

«Oraindik jantzi beharko dut elastiko urdina»

Elkarrizketa sorta eman behar izatea da finalera iristearen ajeetako bat. Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996), baina, iazko eskarmentua du, eta hobeto kudeatu du aurten.

Txapeldunaren urtea igandean buka daiteke. Nolakoa izan da?

Gogorra bezain polita. Gauza berri bat, bolada onak izan ditut, txarrak... Sufritzea tokatu zait batzuetan. Hala ere, polita izan da.

Errepikatzeko moduan?

Bai, noski, zalantzarik gabe.

Iazko finalaren ondoren, itota ibili zinen, ezta?

Bai. Niretzat, sekulako boom-a izan zen. Aspeko komunikazio arduradunak ere esaten zidan ez zela normala pasatu zena, eta, egia esan, nahiko gaizki pasatu nuen finalaren aurreko eta ondorengo astea. Hedabideen arretarekin ohitu gabe, dena berria... Kosta egiten da ikastea. Baina, behin ikasita, dena da errazagoa.

Uste al zenuen buruz buruko txapeldun izateak hainbeste ardura zekartzanik?

Ez. Ikusten duzu enpresarentzat eta jendearentzat nolako garrantzia duen. Konpromisoak nahi gabe ere atera egiten dira. Txapelaren atzean, lan asko dago.

Buruz buruko txapelduna pertsona publikoa da Euskal Herrian.

Alde horretatik, aldaketa handiagoa dago, jendearekin dudan harremana aldatu da, eta saiatzen zara ahalik eta gehienekin konplitzen. Baina, bestela, aurreko berdina naiz oraindik ere.

Zu, gainera, ingurune oso pilotazale batean bizi zara. Bizimodua aldatu zaizu? Kalera irtetean neurriak hartzen dituzu?

Itxura eman behar da. Azkenean, egiten duzun guztiaren jakitun izan behar duzu, eta jendearen begitan zaudela jakin. Ez naiz kikiltzen, 20 urte ditut, eta 20 urteko pertsona batek egiten dituen gauzak egin behar dituzu, baina ahalik eta ondoen.

Ezagunagoa zarela sumatu duzu, beraz.

Bai, baina ez dut arazorik. Jende guztiak errespetuz hitz egiten dit. Normaltasunez hartzen dut. Ezin dugu mundu guztiarekin ondo gelditu, gu ere pertsonak gara, gure haserreak ditugu, baina saiatzen gara kasu egiten.

Badu, beraz, alde txarra ere txapeldun izateak.

Bai, baina txapeldun izateak dituen gauza onek mila buelta ematen dizkiete txarrei.

Elastiko gorriak gehiago pisatzen al du?

Hasieran, bai. Kosta zitzaidan egokitzea, baina apurka hobeto ari naiz. Horrek ez du esan nahi hemendik aurrera bolada txarrik izango ez dudanik, baina beste ikuspuntu bat da. Elastiko gorriarekin ere gal daiteke.

Elastiko urdinik ba al duzu?

Bai, elastiko urdina etxean dago, eta oraindik ere jantzi beharko dut.

Iaztik hona, gora egin du zure jokoak? Zertan?

Lanean ari gara hori lortzeko, eta bai, nik ere nabaritzen dut, defentsa aldetik eta partidei aurre egitean. Hala ere, kostako da iazkoa bezain txapelketa borobila egitea.

Zergatik diozu hori? Nola gogoratzen duzu iazkoa?

Harrigarria izan zen, bizitzan lortuko dudan gauzarik preziatuena. Egia esan, ez dut denbora askorik izan gelditu eta pentsatzeko, eta, gelditu naizenean, deskonektatzen saiatu naiz.

Faborito binakakoan, faborito buruz burukoan… Badirudi Irribarriak galtzen badu porrota dela.

Txapela hain gazte lortuta, aurreikuspen batzuk sortzen dituzu zaleengan, eta normala da. Baina ez zait iruditzen galtzen badut porrota denik. Irujok eta Olaizolak hainbeste final galdu badituzte, nik are gehiago galduko ditut.

Urrunago joan gabe, igandean gal dezakezu lehena. Harritu zaitu aurkaria Oinatz Bengoetxea izateak?

Harritu ez, badakigulako zein pilotari puska den. Bagenekien nolako lau t'erdiko eta binakakoa egin zituen, eta bagenekien sasoi bikainean zegoela. Bi izarren itzalean egon den pilotari bat izan da, eta orain ari da finaletara iristen. Txapel bat lortu zuen abenduan, bigarrena ia, eta orain du hirugarren finala.

Estilo oso propioa du Bengoetxea VI.ak.

Bai, hark bere estiloa du, eta niri gaizki datorkit. Nirea erabat kontrakoa da, eta, era berean, hari okerren datorkiona. Bi estilo ezberdineko pilotariak gara. Bakoitzak bestearen estiloarengandik alde egin beharko du.

Zer gustatzen zaizu gehien Bengoetxearengandik?

Hankak. Harrigarriak dira, katamotza bezala mugitzen da. Agian nik ez dudan zerbait delako miresten dut.

Bada, zuk baino hamabi urte gehiago ditu.

Hala da, bai, baina abiadura harrigarrian mugitzen da.

Bi belaunaldiren arteko finala da.

Ezin da konparatu. Bakoitzak bere aroa izan zuen. Ezin da konparatu behetik gora datorren 20 urteko gazte bat edo Aimar Olaizola bat bere adinean. Biek adin bera balute? Ezin da alderatu. Guk orain estilo honetan jokatzen badugu, haiek asmatu zutelako jokatzen dugu. Guk gaztetatik hori ikasi genuen, eta haiek beranduago.

Zuek perfekzionatu egin duzue.

Agian bai, baina sortu, haiek sortu zuten. Irujo hasi zen airez sartzen, gero Aimarrek hortik ikasi zuen. Belaunaldi ezberdinak dira, eta ezin dira alderatu.

Noizbait argazkirik atera al zenuen Bengoetxea VI.arekin?

Bai. Oinatzekin, Juanekin, Aimarrekin... Oinatzekin Ordiziako festetan atera nuen, Aimarren kontra jokatu zuen egun hartan. Ez naiz oroitzen emaitzarekin, kostako zitzaion irabaztea.

Iaz, 22-10 irabazi zenion finalerdietan.

Oroitzapen ona dut, baina galtzak zikinduta irabazi nion; bera 9-10 jarri zen aurretik. Txapelketako unerik kritikoena izan zen, baina oso gustura gelditu nintzen. Berak ikaragarri asmatu zuen, hori da bere arriskua, pilota mugituz hasten denean. Baina finala nire eremura eramatea lortu nuen.

Ez da denbora asko eztabaida izan zenuela harekin piloten harira, binakako finalean. Bi final jokatu dituzu, eta bietan xextra egon da pilotekin. Nazkatu al zaitu horrek?

Nazkatu ez, baina ez du graziarik egiten. Iaz, kritika batzuk jaso nituen; bazirudien finala pilotei esker bakarrik irabazi nuela. Aurten ematen du pilotengatik iritsi garela finalera, eta binakakoa ere pilotengatik irabazi genuela. Ez nago ados. Egia da partida batzuetan behar zena baino gehiago irteten zirela pilotak, baina, beste batzuetan, behar zena baino gutxiago, eta horrekin ados nago. Bi finaletan, gainera, ikusi da ez dela egon esaten zen adinako pilotarik, eta finala zikindu nahi horrek ematen dit pena, horrek bai. Final eder bat ikusi ordez, jendea pilotalekura pilotak ikustera joatea... Aho zapore txarra uzten dizu.

Zale batzuek mentalki lotzen zaituzte pilota biziekin.

Hala da, baina, adibidez, Urrutikoetxearen aurka, ez dakit zenbateraino den ona niretzat pilota biziak erabiltzea, berak sotamanoz-eta ikaragarri jokatzen baitu. Oinatzekin agian bai, berak horrelako kolperik ez duelako, eta aurrean artista delako. Baina, beste partida batzuetan, nik ez diot logikarik ikusten. Baina bakoitzak bere iritzia du. Pena ematen didana da bi final jokatu ditudala lehen mailan, eta bietan jende askok pilotei buruz gehiago hitz egin duela partidaz baino.

Hirugarren finala duzu bi urtean. Lagunak hasi al dira kexatzen? Garestia da zure laguna izatea.

Bai, hasi dira kexatzen. Egia esan, eskertzekoa da haiek beti hor egotea eta hau dena antolatzen laguntzea. Une hauetan eta une txarretan hor daude lagunak eta etxekoak. Haiek gabe ez litzateke berdin.

Bateren batek paga eskatu beharko du etxean. 19-20 urterekin, ikasle izango dira gehienak.

Bai, baina haiek ere gustura joaten dira, ez pentsa.

Zenbat sarrera eskatu zenituen?

Ez dakit, ama eta lagunen baten esku utzi dut, Aramako eta Ordiziakoa jendea joan dadin.

Iaz baino gehiago?

Zaila. Iazkoa oso berezia izan zen. Egia esan, eskuetatik pixka bat ihes egin zigun.

Bideoa: Lara Madinabeitia (BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2017/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA