astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

kirola

ALBERTO AIERBE, ROSA LASAGABASTER ETA JUAN MARTIN TOLOSA

«Lasterketa asko daude, baina denek egin nahi dute Zegama»

Unai Ugartemendia

«Lasterketa asko daude, baina denek egin nahi dute Zegama»

Hamaseigarren aldia izango du aurten Zegama-Aizkorrik: kilometro bertikala ostiralean eta maratoia igandean. Denbora asko pasatu da 2002ko lehen mendi maratoi hartatik. Zegamak izan duen ikurrik handiena Kilian Jornet korrikalari kataluniarra izan bada ere, historian sartu ziren lehen bi lasterkariak, 2002ko garaileak, bi euskal herritar izan ziren: Juan Martin Tolosa (Amezketa, Gipuzkoa, 1967) eta Rosa Lasagabaster (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1971). Urte haietako lasterketez hitz egiteko bat egin du Alberto Aierbek ere (Zegama, Gipuzkoa, 1957), guztia abian jarri zuenak. Dena hasi zen lekuan elkartu ditu BERRIAk. Tolosa eta Lasagabaster sasoiko daude oraindik, mendi lasterketak utzi badituzte ere.

2002. urtea. Mendi korrikalariak eta lasterketak ez ziren ohikoak. Halako batean, maratoia antolatzea erabaki zuten Zegaman. Zuek nola izan zenuten lasterketaren berri?

JUAN MARTIN TOLOSA: Apirilean, Amasan jokatzen den Loatzoko igoeran izan zen. Orduan komentatu zidaten Zegaman mendi maratoi bat egitekoak zirela. Azkar batean pentsatu nuen probatu behar nuela. Etxera joan eta emazteari aitatu nion, inoiz halakorik egin gabea nintzenez, hura ere probatu nahi nuela, behin bazen ere.

ROSA LASAGABASTER: Orduan ez nenbilen mendi lasterketetan. Mendian bai, baina oinez. Nire inguruan ez zegoen mendi lasterketarik. Gu beti Aizkorriren beste aldean ibiltzen ginen, Arantzazu aldean. Behin, gizona eta biok inguruan genbiltzala, marka batzuk ikusi genituen, eta galdezka hasi ginen ea marka haiek zer ziren. Handik gutxira esan ziguten Zegaman maratoia prestatzen ari zirela. Biok eman genuen izena.

Emakume asko ez zineten izango irteeran.

R.L.: Uste dut bost edo sei irten ginela. Denetan ezagunena, Pilar Arriola zen, Euskal Selekzioko kidea.

Gogoan al duzue nola entrenatzen zineten?

J.M.T.: Igandetan eta jaiegunetan Aralarrera joaten nintzen; aste barruan, berriz, Tolosa inguruan ibiltzen nintzen, batzuetan Uzturrera, besteetan Herniora... Ahal nuen moduan eta ahal nuen denborarekin. Ez genuen informazio handirik, ezta planifikaziorik ere.

R.L.: Ni ia egunero ateratzen nintzen. Ikasketak ere horri buruz egin nituen, eta zerbait banekien, baina ez nuen uste inola ere lehiatzeko moduan izango nintzenik. Ibili egunero ibiltzen nintzen, planifikazio txiki bat ere banuen, baina inongo helburu argirik gabe. Errepidean saio gehiago egiten nituen mendian baino.

Lehen urteko bitxikeriaren bat gogoratzen al duzue?

R.L.: Gogoan dut nola deitu zidaten Zegamako Udaletik, galdezka ea banekien non sartzera nindoan. Alegia, nire gizona baietz, baina ni ez nindutela hain ondo ikusten [barreak].

Ibili ere jende gutxi ibiliko zen urte haietan mendian korrika, ezta?

J.M.T.: Gure inguruan, Juan Mari Garin eta biok bakarrik.

ALBERTO AIERBE: Nik ere ez nuen jende asko ikusten Zegaman. Orduan ez zen arruntena jendea mendian korrika ikustea.

Zuen garaipenak ezustean iritsi ziren. Ez zineten faboritoak.

J.M.T.: Ez, ni behintzat ez. Orduan ezagunenak Garin eta Euskal Selekziokoak ziren: Asier Urdanpilleta, Gaizka Itza...

Nola gogoratzen duzue egun hartako lasterketa?

J.M.T: Tolosatik hiru lagun etorri ginen. Nahiko urduri nengoen. Bukatu egin nahi nuen, ez nuen inondik inora erretiratu nahi, horixe bakarrik nuen buruan. Nire erritmoan atera nintzen, eta konturatzerako Aratzen hirugarren postuan jarri nintzen. Aizkorrin, Garinek hamalau minutu ateratzen zizkidan. Handik behera jaisten, txaloak entzuten hasi nintzen. Urdanpilleta Urbian harrapatu nuen, eta Garin, Andraitzen. Handik behera bakarrik egin nuen dena.

R.L.: Errespetu ikaragarriarekin etorri nintzen Zegamara. Bakarrik, bikotekiderik gabe. Lagun batzuekin atera nintzen, baina Sancti Spiritun erretiratu ziren. Nik, ordea, aurrera jarraitzea erabaki nuen, eta gogoan dut nola orduko faboritoa, Pilar Arriola, Sancti Spiritun aurreratu nuen. Harrituta gelditu nintzen nire aurrean ikusi nuenean. Nire erritmoan jarraitu nuen, eta lasterketa bikaina atera zitzaidan.

Tolosak 4 ordu eta 14 minutuko denbora egin zuen. Gaur egun ere korrika asko egin behar da denbora hori lortzeko: iaz lehen hamarren artean zinateke.

A.A.: Gogoan dut lasterketaren aurreko astean Garinek irrati batean esan zuela irabazlea lau ordu eta erdiren inguruan ibiliko zela. Lekutan gelditu zen! Ordu laurden lehenago helmugaratu zen Tolosa.

Lasagabaster, zuri zer ekarri zizun Zegama irabazteak?

R.L.: Ate bat zabaldu zidan, Euskal Selekzioarena. Bi urte egin nituen bertan, Espainiako Kopan eta Txapelketan lehiatzen. Lehen urtean, gainera, hirugarren postuan amaitu nuen Kopa. Gero lau urte egin nituen hautatzaile lanetan, pertsona zoragarriak ezagutuz, harremanak eginez... Eta, jakina, urte hartatik aurrera ez dut gehiago errepidean korrikarik egin [barreak].

2003an itzuli egin zineten berriro ere. Hala ere, denbora hobea eginda ere, ez zenuten irabazi.

J.M.T.: Ez nuen itzultzeko asmorik, baina iruditzen zitzaidan lasterketarekin konpromiso bat nuela, aurreko urtean irabazi nuelako. Gainera, baten batek ezbaian jarri zuen nire garaipena, eta horrek amorratu egin ninduen. Horregatik itzuli nintzen berriro ere.

R.L.: Nik 45 minutu gutxiago eginda ere [5.45.50], ez nuen irabazi. Aurreneko urtetik bigarrenera izugarrizko jauzia izan zen. Lasterketa Espainiako Kopan sartu zen, eta orduko lasterkari on asko azaldu zen Zegamara: Madrilgo selekziokoak, Kataluniakoak... Urte gehiagotan ere parte hartu nuen, baina konturatu nintzen askoz ere hobeto ibilita ere, atzerago amaitzen nuela. Maila asko igo da. Hala ere, denaren gainetik, bertan egin ditudan lagun pila aipatu nahi nuke.

Bigarren urterako izen-emateak agortu ziren. Geroztik zer esanik ez.

A.A.: 300 parte hartzailetan jarri genuen muga. Lehen urtean ez zen bete, bigarrenean bai. Argi izan dut beti 500 parte hartzailetik ez ginela pasatuko: batetik, mendia zaindu behar delako; bestetik, korrikalarien segurtasunagatik; eta, horiez gain, Zegama ez delako Chamonix, oso herri txikia da, eta ez dago prestatuta kanpotik hainbeste jende etortzeko.

Gaur egun jende andana biltzen da leku guztietan, bai Otzaurten, bai Sancti Spiritun… Lehen urte hartan ere hainbeste jende bildu al zen?

J.M.T.: Bai, bai, orduan ere leku askotan zegoen jendea, orduan ere korridore antzeko batetik igaro ginen, bai. Agian ez zegoen gaur egun ikusten den jendetza, baina orduan ere jende asko bildu zen, bai Urbian, bai Andraitzen, eta zer esanik ez Aizkorrin.

Zegama-Aizkorriren historian, gizonezkoetan, Tolosa izan da lasterketa irabazi duen euskal herritar bakarra. Emakumeetan, Lasagabasterrez gain, Oihana Kortazarrek ere bai, bitan. Noizko berriro ere euskal herritarren bat garaile?

R.L.: Uf, zaila izango da.

J.M.T.: Hor daude ba! Hala ere, egunean bertan gauza asko behar izaten dira alde, eta zaila izaten da hori dena elkartzea.

A.A.: Kontuz aurten! Aritz Egea, esaterako, aurten bigarrenez aita izan da, ondo entrenatzen ari da eta sasoiko dago. Baina inoiz ez da lau ordutik jaitsi Zegaman, eta hemen irabazteko 3 ordu eta 50-54 minutu inguruan ibili behar da. Aintzat hartuta Marco Di Gasperi, Marc Lauenstein, Zaid Ait Malek, Pere Rullan eta besteren bat datozela... Emakumeetan ere, [Maite] Maiora oso ondo dago, baina...

Lehen urtean 225 lasterkari inguru atera zineten. Aurten antolakuntzak 9.000 eskaera jaso ditu. Imajinatzen al zenuten halako bilakaera izango zuenik?

R.L.: Ezta pentsatu ere. Orain lasterketa asko daude, ikaragarri pila, baina, hala ere, denek Zegama egin nahi dute. Inork ez dauka Zegamak duena, eta nire galdera hori da: zer egin du Zegamak bilakaera hau izateko? Bota Alberto...

A.A: Uf, askotan egiten didaten galdera da, baina oraindik zer erantzun ez dakidana. Guztiaren batuketa bat izan daitekeela uste dut: izaera bat, gauzak egiteko era, Aizkorri bera... eta jendea, noski. Esaterako, Sancti Spirituko orroak ez dira gezurretakoak, argazkietan ederki ikusten da hori. Han ez dago antzerkirik !

J.M.T: Nik uste dut lehenetarikoa izateak asko lagundu diola. Lehen aldiak jada arrakasta handia izan zuen eta jendeak emandako erantzunak zerikusi handia izan zuen.

Zegama-Aizkorri eta Kilian Jornet. Zer eman dio bakoitzak besteari?

A.A.: 2007an azaldu zen lehenbizikoz. Urte hartan irailean jokatu zen lasterketa, Munduko Kopako azkenekoa izan zen. Ez zidan graziarik egin, jendea sasoiz kanpo etortzeko arriskua ikusten nuelako; baina lasterketaren bilakaera ikusita, pozik nago etorri izanaz. Munduko Kopako lau probak irabazi zituen urte hartan, 18 urterekin.

Zuen garaian pentsaezina al zen 18 urterekin horrelako lasterketa bat irabaztea?

R.L.: Ezinezkoa esango nuke. Eta ez Zegamaren moduko lasterketa bat irabaztea, baizik eta ultra lasterketak irabaztea, berak oso denbora gutxira egin zuen bezala.

J.M.T.: Urte haietan oso zaila zen hain jende gaztea horrelako lasterketetan ikustea. Orduan esaten zena zera zen: horrelako lasterketak korritzeko zaildutako mendizalea edo lasterkaria izan behar zela. Berak apurtu egin zuen ikuspegi hura.

Iritzi berekoa al zara, Aierbe?

A.A.: Bai, baina ni beti gogoratzen naiz Zuhaitz Ezpeletaz. Uste dut 25 urte ingururekin bigarren egindakoa dela Zegaman. Ez ziren 18 urte, baina lasterketa handiak egindakoa da bera ere. Urduritasunak oso pasada txarrak ematen zizkion.

Zertan aldatu dira mendi lasterketak hamabost urteotan?

R.L.: Ikaragarri aldatu dira. Uste dut gaur egun jendea obsesionatuta bizi dela mendi lasterketekin. Jende asko ezagutzen dut Zegama egiten ez badu mundua eroriko zaiola uste duena. Zegamaz gain, beste lasterketa asko daude, ordea. Alde ona zera du, jende asko hasi dela mendian lasterka. Ni bizi naizen inguruan lasterkari mordoa dago gaur egun.

A.A.: Nik ere Zegaman sumatu dut aldaketa handia. Garai batean tabernetatik ateratzen ez zen jendea gaur egun korrika ari da mendian, eroen pare [barreak]. Bestalde, badirudi mendian korrika egitea ohitura bihurtu dela. Ikusi besterik ez dago inguruko herri guztietan sortu diren lasterketak: Seguran, Idiazabalen, Gabirian...

Kiniela egiteko garaia: zein izango dira lehen euskal herritarrak helmugan?

R.L.: Emakumezkoetan, Maiora. Ez lehen euskalduna bakarrik, uste dut azken garaipenerako lehian ere izango dela.

A.A.: Nik badut itxaropena bi podiumetan bi euskaldun izango ditugula. Irabaztea beste gauza bat izango da, baina podiumean bi bai.

J.M.T.: Gehiena Egearen izena entzuten dut, baina irabaztea zaila izango da.

BERRIAn argitaratua (2017/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA