astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

kirola

JOSE MANUEL ESNAL, 'MANE'

«Alaveseko zaleen hazia gure garaian erein zen»

Jon Eskudero

«Alaveseko zaleen hazia gure garaian erein zen»

Alavesen garairik oparoenek lotura zuzena dute Jose Manuel Esnal Mane-rekin. Gasteizen egindako zazpi denboraldietan balentria dotoreak lortu baitzituen: Lehen Mailara igo zuen taldea lehenbizi, eta UEFA kopako finalerako sailkatu ondoren. Aulkian kasik 30 urtez egon eta gero, duela zazpi urte hartu zuen erretiroa, eta «lasaitasun handiagoz» jarraitzen du orain futbola. Mendizorrotzaren alboan bizita, Alavesen lanari so dago egunero, eta harrituta dauka taldearen sasoi onak. «Iazko abuztuan inork ez zuen pentsatuko halakorik!». Horregatik, uste du taldea gai dela Kopa irabazteko eta, bide batez, duela hamasei urteko arantza ateratzeko. Nola ez, Vicente Calderonen izango da larunbatean.

Zer bizimodu daramazu?

Gasteizen bizi naiz, lasai antzean, soinu handirik egin gabe. Goizetan, bizpahiru orduko paseoa egiten dut, eta arratsaldetan, lagunartean ibiltzea gustatzen zait. Edozein erretiraturen bizimodua daramat. Bilbo ingurura ere joaten naiz astean behin, ezin baita ahaztu nongoa naizen. Hori bai, oso gustura bizi naiz Gasteizen, eta pentsatzen dut hemen jarraituko dudala betira arte.

Ez al duzu futbolaren falta sumatzen?

Futbola jarraitzen dut, baina beste era batean. Ohitu egin naiz egoera honetara. Batek badaki noiz utzi behar duen aulkia, eta niri 2009an iritsi zitzaidan garaia, ondo hausnartu ondoren. Erabakia hartu berritan izaten dira tentazioak itzultzeko, gorputzak zerbaiten falta izaten baitu. Buruari buelta asko eman nizkion bi urtez edo, baina pixkanaka ohituz joan nintzen lasai bizitzera, eta, orain, pozik nago. Beste begi batzuekin ikusten dut futbola.

Alaves Kopako finalean dagoela eta, inoiz baino gehiago oroitu al dituzu zuen garai haiek?

Historiako bigarren finala jokatuko du Alavesek, eta lehenengo final hari begira jarri da jende asko. Kazetariak, bereziki. Horregatik, sekula baino dei gehiago jasotzen ari naiz, eta kalean ere jende askok geratzen nau. Halere, ni ez naiz batere nostalgikoa, eta naturaltasun osoz eramaten ditut gai horiek. Dortmundeko finalaz une onak soilik oroitzen ditut orain. Denbora dezente igaro nuen barruan pena handi bat nuela, mingarria izan baitzen luzapenean 5-4 galtzea. Halere, porrota onartu nuen, eta kito. Hori bai, ederra litzateke lehen titulua lortzea.

Bereziki, zer oroitzen duzu Dortmundeko final hartaz?

Alaveseko zaleen artean zegoen giro bikaina. Taldeak urte gehiegi zeramatzan onenen artean postu bat lortu ezinik. Futbola bigarren koska batean zegoen Gasteizen, eta guk ilusioa berreskuratu genuen. Hasteko, Lehen Mailara jauzi egin genuen, Espainiako Kopako finalerdietan ere izan ginen, eta Liverpoolen aurka UEFA kopako finala jokatzea izugarria izan zen. Saririk handiena. Behetik gora eginda, bost urteren buruan emaitza ederrak lortu genituen, eta uste dut egun Alavesek daukan zalego bikainaren hazia garai hartan erein genuela.

Nola kudeatzen da talde bat halako porrot mingarria jaso berritan?

Ez dago kudeatu beharrik. Gure kasuan, behintzat, negar malkotan hasi ginen, baina minutu erdian txaloak jotzen ari ginen. Alaveseko zaleak munduko onenetakoak dira, eta gogoan dut haiek atera gintuztela lurpetik. Zinez eskertu ziguten denboraldian eginiko lana, eta, finala galdu arren, alde onari begira jarri ginen berehala. Lehen, orain eta gero, Alaves ez litzateke ezer bere zaleak gabe. Orain ere ikusgarria da Mendizorrotzara joatea. Harmailetako giro onari esker, partidek hobeak dirudite. Ezinezkoa da giro horretatik aldentzea segundo bakar batez ere. Jarraitzaile horiek merezi dute titulu bat.

Izan ere, azken urteetan gauzak oso gaizki egin dira, ezta?

Egia esan behar badut, Alaves ez dut gehiegi jarraitu Bigarren Mailan egon denean, baina badakit Gasteiz osoak asko sufritu duela. Jendea triste ibili da, baina, zorionez, egoera bestelakoa da orain. Sasoi hasieran, baziren zalantzak eta kritikak, ez baita ahaztu behar taldea Lehen Mailara itzuli zuen entrenatzailea kargutik kendu zutela: Jose Bordalas. Inork ez zekien taldea nola ariko zen hainbeste berritasunekin, baina bistakoa da zuzendaritzak asmatu egin duela, eta meritu handia du. Ligan, lehen hamarretan sartu da, eta Kopan, finalean dago. Ezin da gehiago eskatu.

Sasoi hasieran espero al zenuen taldeak hain lan ona egitea?

Ezta pentsatu ere! Ez nik eta ez inork. Denok hartu gaitu ezustean Alavesen lan onak. Abuztura arte eztabaidatzen ari ginen entrenatzailearen inguruan, eta jokalariak ekartzea ere kosta egin zitzaion zuzendaritzari. Gainera, liga hasiera oso zaila zen: Atletico Madril, Bartzelona... Egia da talde horien aurka hasieran jokatzea hobe dela, baina arriskutsua ere izan zitekeen. Apurka-apurka, behetik gora egin du taldeak, konfiantza irabazi du, Pellegrinok ñabardura taktikoak erantsi dizkio, eta Alavesi irabaztea oso zaila da gaur egun.

Beraz, badu aukerarik Bartzelonari irabazteko?

Titulua lortu nahi badu, orain arte egin duena eta zerbait gehiago egin behar du Alavesek. Beste bultzada bat eman beharko dio neurketari. Bartzelonako jokalariek kolore zuri eta urdinak besterik ez dute ikusi behar zelaian. Hori izango da sekretua. Lasterka asko egiten dute Alaveseko jokalariek, baina finalean apur bat gehiago egitera derrigortuta egongo dira. Fisikoki askoz talde hobea da Alaves, eta aukerak izango ditu baloi geldian, kontraerasoan eta beste. Gainera, sasoi honetan Bartzelonak badaki zer den Alavesen aurka galtzea, eta urduri jar daiteke. Zorteak ere eragina izan dezake, bestela esan diezadatela niri.

Esperientziak ere eragina izan dezake, eta horretan Bartzelona da nagusi.

Bai, baina presioa ere Alavesek baino askoz handiagoa izango du. Kopa irabazten ez badu, titulurik gabe agurtuko du denboraldia, eta hori atzerapausoa da haientzat. Dudarik ez dago talde hobea dela Bartzelona, baina, Alavesen jokatzeko modua eta sasoia ikusita, ez dakit zer gertatuko den. Luis Enriqueren taldeak zerbaitetan huts egiten badu, baliatu egingo dute gasteiztarrek. Ziur, gainera. Jokalari gehienentzat lehenengo finala izango da, eta esperientziarik ez daukate, baina odol hotza daukatela agerian uzten ari dira sasoi honetan. Alavesen arazorik handiena ate aurreko eraginkortasuna izan da, baina, aurrea hartzen badu, asko izan dezake irabazita.

Nolako taldea iruditzen zaizu Alaves?

Badaki zertan jokatzen duen, eta hori da garrantzitsuena. Talde handienak salbu, beste guztiak defentsatik hasita osatzen dira, eta Pellegrinok bikain eraiki du taldea. Zutabe sendoak ezarri dizkio atzean, eta hortik aurrera konfiantza irabaziz joan da partidak jokatu ahala. Talde handiek izarrak fitxatzen dituzte, eta gola sartuta konpondua izaten dituzte arazo gehienak. Ordea, Alaves gisako taldeek ezin dute hori egin, eta sendotasuna dute oinarri. Txikiaren izaera eduki arren, oso handi ikusten ari naiz Alaves, eta are handiago bihur daiteke. Aurkariaren beldurrik ez du izan behar.

Besteak beste, Bartzelona ere lehengoa ez delako, ezta?

Bartzelona ez dago ondo. Lehengo estilo hura falta zaio, eta normala da, Xavi ere ez baitago taldean. Defentsako eskuin hegala eta zelai erdia ahulduta dauzka, eta, horrez gain, kontuan eduki behar da beti ezin dela egon goi-goi mailan. Aurkariak ez dira inozoak, eta bere jokatzeko moduari aurre egiten ikasi egin dute. Bartzelonak arazo ugari izan ditu denboraldi honetan baloia jokatuta ateratzeko, lasterka asko egiteko eta partidak geratzeko. Berak nahi erara jokatzen zuen Pep Guardiola entrenatzaile zutela, baina orain denek ikasi egin dute nola aurre egin, eta ez du hainbeste min egiten zelai erditik aurrera. Aginteek iraungitze data izaten dute, eta ezin egon daiteke beti lehenengo lerroan. Finala irabazi nahi badute, jokatzeko beste era bat bilatu beharko dute, Pellegrinok ondo prestatuta eramango baitu lehia.

Mauricio Pellegrino al da Alavesen sasoi onaren errudun nagusia?

Errudunetako bat bai, behintzat. Entrenatzaile bikaina iruditzen zait, eta motibatzaile hobea. Argentinar guztiek sutsu bizi ohi dute futbola, baina Pellegrino odol hotzekoa da. Ezin hobeto kudeatu du taldea. Pentsa, ordezko jokalariekin jokatzen aritu da Kopan, eta begira noraino iritsi den. Ligan ere noiznahi egin ditu aldaketak. Asmatu du talde osoa motibatuta edukitzen, eta, horrez gain, jokatzeko era egokiena plazaratu du. Hasieratik jakin izan du nolako taldea zuen, eta aparteko magiarik egin gabe, goi mailara iritsi da. Gutxirekin izugarri lortzen ari dela esatea zilegi da.

Nola irabazten zaio Bartzelonari?

Txapeldunen Ligan Paris Saint-Germainek irabazi zion bezala. Goian estutu egin zuen, Bartzelonak baloia zuenean ederki sufriarazi zion, eta ate aurrean eraginkortasunik ez zitzaion falta izan. Aspaldi ikusi nuen erakustaldirik handiena eman zuen Parisen Unai Emeryren taldeak. Iruditu zitzaidan gainerako taldeek bazutela nora begiratua Bartzelona garaitzeko. Ados, Alavesek ez dauzka PSGren jokalari berak, baina garrantzitsuena taldearen bizkarrezurra da. Izenen gainetik, atzetik aurrerako osotasunak balio du, eta Alaves bikain ari da horretan. Hots, Bartzelonari horixe bera falta zaio.

Luis Suarezen hutsunea izango dute haiek. Hiru izarretako bat faltako du, beraz.

Albiste ona da hori guretzat. Messi da gaur egungo munduko jokalaririk onena, baina historiakoa ez dut uste, Pele izan baitut beti begiko. Inori ikusten ez dizkiogun gauzak ikusten dizkiogu Messiren jokoari, baina hura ere hobea da Neymarren eta Luis Suarezen ondoan. Horregatik, azken hori ez egotea mesedegarria da. Ordezko faltarik ez dute izango, baina golari begira fin ez badabiltza, Alavesek irabazteko aukera gehiago izango du. Finalak ezberdinak dira, eta edozerk izan dezake eragina: lesioek, epailearen erabakiek... Hasi eta buka, kontzentratuta eta urduritu gabe jokatzea ezinbestekoa izango da.

Nola kudeatzen da talde bat halako final baten atarian?

Oso zaila da. Gainera, Alaveseko jokalariek hain esperientzia gutxi izaki, dena egingo zaie arrotza. Neurriko tentsioa edukitzea da garrantzitsuena. Finala inguratzen duen oro arazo bilakatzen da: familia, bidaia, prentsa... Jokalariek konpromisoak izaten dituzte finalerako sarrerekin, eta ohikoa izaten da partida baino ordu batzuk lehenago kontu horietan murgilduta egotea. Finala ez den beste edozeri begira ezin du egon jokalariak. Horregatik, entrenatzaileak bermatu behar duena da jokalaria horretatik aldenduta egotea. Azken finean, futbolariak ere pertsona normalak dira, eta zaila da egoera horiek kontrolatzea.

Badaezpada, entrenatzaile batek prest egon behar al du finala galtzeko, gero jokalariak kontsolatu behar baditu ere?

Sekula ere ez. Museko jokalari on baten gisan, entrenatzaileak zein jokalariek irabaztera joan behar dute gogor. Aurkariari begietara begiratu, eta pentsatu behar du: «Zu ez zara ni baino gehiago!» Finala galduz gero, egia da kolpea handia izaten dela, baina sasoi amaiera izaki, Pellegrinok ez luke hainbeste lan izango taldea kudeatzen. Izan ere, jokalari erdiek Gasteiztik urrun eraikiko dute etorkizuna, finalaren ondoren oporrak hartuko dituzte denek, eta ez da egongo denborarik penaz egoteko. Okerrena zaleen tristura izaten da. Bihotzeko mina geratzen zaie, baina Alaveseko jarraitzaileek badute baikor egoteko motiborik. Orain arte bezala segitzen badu taldeak Lehen Mailan jarraituko baitu luzaro.

Finala irabazi edo galdu, hori da garrantzitsuena, ezta?

Dudarik gabe. Zuzendaritza berria lanean ari denetik, bestelako emaitzak lortzen ari da taldea, eta ezinbestekoa izango da bide berean jarraitzea. UEFA kopako finalerako sailkatu ginen gu, baina ezin da ahaztu Bigarren Mailara jaitsi ginela gero. Ezin daiteke errepikatu bekatu bera. Datorren denboraldi-aurrean berriz ere taldea eraberritu beharko du zuzendaritzak, eta aski lan izango du. Talde txikien etengabeko arazoa da hori. Halere, egonkortasuna lortzeko orain arteko lanari jarraipena ematea gakoa izango da, eta ni baikorra naiz. Zuzendaritza berriak arnasberritu egin du Gasteiz, eta ilusioa ekarri du berriro.

Alavesek Kopa irabazten badu, promesaren bat beteko al duzu?

Ez, baina duela hamasei urteko arantza aterako dut. Entrenatzaile postutik ezin daiteke gozatu nahi bezala, baina oraingo honetan zale bat gehiago izango naiz, Vicente Calderongo harmailetan eserita. Irabazi edo galdu, nire bizitzak berdin-berdin jarraituko du, baina poz handia hartuko nuke Alaveseko jarraitzaileengatik. Merezi dute.

BERRIAn argitaratua (2017/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA