astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

gizartea

«Egin daiteke subrogazioa modu etikoan»

Samara Velte

«Egin daiteke subrogazioa modu etikoan»

Ibon eta Gorka —asmatutako izenak dira, elkarrizketatuek hala eskatuta— urtebete eskaseko bi umeren gurasoak dira. Bikiak iazko udan jaio ziren Las Vegasen (AEB), gurasoetako bakoitzaren hazitik eta emaile anonimo baten obuluetatik; erditu, ordea, bertako emakume bat erditu zen haietaz. Gaur egun, Gipuzkoako herri txiki batean bizi dira bi aitekin. «Amonak oraindik galdetzen digu haur horiek ama non duten», azaldu du Ibonek, barrez: «Guk aldiro errepikatzen diogu ez daukatela amarik».

Urtero, 250 haur baino gehiago iristen dira modu horretan Euskal Herrira. Guraso izan nahi dutenek eta baliabideak dituztenek nola edo hala topatu ohi dute horretarako bidea. Legeak, teorian, debekatzen du; administrazioa, praktikan, moldatzen da errealitate horretara.

Ibonek eta Gorkak telebistako saio batetik jaso zuten ideia, duela lauzpabost urte. «Haurra era horretan izan zuen bikote homosexual bat ageri zen. Internetez harremanetan jarri ginen, eta jakin genuen Madrilen agentzia bat sortzen ari zirela subrogazioak kanpoan egiteko». Iboni eta Gorkari bi aukera gomendatu zizkieten: Ukraina eta AEBak. «Ukrainan, garai hartan, legezkoa zen homosexualentzat [gaur egun ez da], baina ordurako hasiak ziren gatazkak, eta seguruagoa zitzaigun AEBetara jotzea, askoz garestiagoa ere izan arren. Han, umea jaiotzen denean, erditu den emakumearen izena ez da agertzen agirietan: '1. gurasoa' eta '2. gurasoa' soilik, intentziozkoak».

AEBetan, ugalketa lagunduaren arloko agentzia pribatuek egiten dute bitartekari lana prozesu osoan. Ibon eta Gorkaren kasuan, emakumeek aukeratzen zuten norentzat eduki nahi zuten haurra. «Bikote batzuek hilabeteak igarotzen dituzte zain, baina gu, astebetean, hiru neskak aukeratu gintuzten», ekarri du gogora Ibonek. «Gazteena aukeratu genuen, eta lan finkoa zeukana».

Erabaki librea?

Umetokia eskaintzen duten emakumeek hainbat baldintza bete behar dituzte AEBetako agentzietan: hasteko, gutxienez haur baten ama izan behar dute, kontratuan eskatzen zaiena ezagutzen dutela ziurtatzeko; bestetik, egoera sozioekonomiko egonkorra eskatzen diete. Hartara, emakumeok subrogaziora diru beharragatik jotzea saihestu nahi dute. Ibonen eta Gorkaren haurrak sabelean hazi zituen emakumea Las Vegasko luxuzko hotel bateko segurtasun burua da: «Soldata ona zeukan, ez zuen hura egiteko beharrik. Berak esaten zuen aurreko haurdunaldian oso zoriontsu izan zela, eta umeak ongi egongo ziren familia batera ekarri nahi zituela».

Motibazio altruista izanagatik, ordea, gehienetan egoten da konpentsazio ekonomikoren bat tarteko. Haurdunaldi subrogatuekiko kritiko direnen beldur handienetako bat, hain zuzen ere, horixe da: negozio bihurtzea. Subrogazio bidez ama izateko prozesu betean dagoen Noelia Osesen ustez, pentsaera horrek ez du ulertzen emakume batzuk prest egon daitezkeela borondatez beste batzuen haurrak edukitzeko: «Pelikuletan, beharragatik egiten duten emakumeak baino ez dira ikusten, sufritzen dutenak umea kentzen zaielako... Nik ez dut parte hartu nahi horrelako egoera batean. Egin daiteke modu etikoan, inor behartu gabe».

Osesek, bere belaunaldiko emakume askok bezala, ez zuen berandura arte ama izateko garaia ikusi: «Lan kontuengatik ez nuen bizitza egonkorra eduki, eta burutik baztertzen nuen beti. 35 urterekin, garaia orduantxe zela erabaki nuen». Hasieran bakarrik saiatu zen, intseminazio artifizialarekin; gero, bikotekidearekin, baita ernalketa lagunduaren bidez ere. Ahaleginetako batean, haurdun geratu zen, baina abortua izan zuen hirugarren hilean. Une hartan, haurrik ez izatea erabaki zuten. Subrogazioa azken aukera gisa agertu zitzaien. «Ez dut uste guraso izatea eskubidea denik, baina saiatzea ez da okerra. Inor behartu gabe eta dena kontrolatuta, noski; baina boluntario bat prest badago laguntzeko, zergatik ez? Ez badago, hor amaituko da istorioa».

Osesek Kalifornian topatu du emakume hori, agentzia baten bidez. Bi bider saiatu da ernaldutako obulu bat haren gorputzean txertatzen, baina ez da haurdunaldirik gertatu. Hirugarren saioaren atarian, nekatuta ageri da: «Kritikatzen gaituztenek diote aberatsak garela, besteak esplotatzen ditugula ez dugulako gorputza izorratu nahi, hau oso erraza balitz bezala. Baina ez da hala».

Eredu idealaren bila

Gaur egun, baliabide ekonomiko dezente dituztenek soilik daukate aukera haurdunaldi subrogatuetara jotzeko. Ibonek eta Gorkak 270.000 euro ordaindu zituzten denera. Emailearen konpentsazioaz gain, abokatuei eta agentziari ordaindu behar zaie. AEBetan, ospitaleko gastuek ere garestitzen dute prozesua, aseguru pribatuak kontratatu behar direlako. Ibonen eta Gorkaren haurrek hilabete eta erdi igaro behar izan zuten inkubagailuan: «Bikiak 31 asterekin jaio zirenez, emakumeak ez zuen soldata osoa jaso behar, haurdunaldiaren zati proportzionala baizik. Guk 40 astekoa ordaindu nahi genion, diru hori jada horretarako gordeta geneukalako eta oso ongi portatu zelako gurekin, baina abokatuek ez ziguten utzi; azkenean, azpitik eman genion dirua, berak nahi zuena eros zezan harekin».

Osesen ustez, egokia da konpentsazioa, neurri batera arte: «Akaso ez dute diruagatik egingo, baina hura gabe ere ez. Izan ere, haurdunaldiak baditu bere kostuak». Hain araututa ez dagoen lekuetan, gerta liteke emakumeentzat diru iturri erakargarri bihurtzea; esaterako, Ukrainan. «Ordainketari buruzko eztabaida hor dago, eta ona da: gauzak ondo egiten direla ziurtatzeko modu bakarra da legez arautzea, eta lege horretan argi esatea zer egin daitekeen eta zer ez».

Ibonek eta Gorkak, AEBetara jo aurretik, Madrilgo beste agentzia batekin izan zuten harremana. «Haiek Indian lan egiten zuten, baina lotsagarria zen: emakumea haurdun jartzen zuten, eta bederatzi hilabeteetan zaintzen zuten ospitale gisako batean sartuta». Ibonentzat, ezinbestekoa da agentzien funtzioa, gutxieneko baldintzak betearazteko. Osesek, aldiz, eredu publiko bat nahiago luke: «Jendea hemen geldi dadin lortu behar dugu, prozesua ondo egiten dela ziurtatzeko». Horretarako modu bakarra subrogazioa doan izatea dela uste du: «Legezkoa balitz eta soldata arrunt batekin egin baliteke, gehienok hemen geratuko ginateke. Zenbat jende joaten da kanpora organo transplanteak legez kanpo egitera? Gutxi. Talde txiki batek beti joko du etikoak ez diren bideetara, baina gehienok nahiago dugu ongi egin».

Zalantza agerikoa da, ordea: prest ote leudeke behar bezainbeste andre haurrak sabelean hazteko? Elkarrizketatuek baietz uste dute. «Gehienok daukagu gertukoren bat esan diguna posible balitz egingo lukeela guretzat. Edonorentzat ziurrenik ez, baina ingurukoentzat bai. Eta ez zait gaizki iruditzen: nik ez dut negozio bat sortu nahi».

Aitortza prozesua

Euskal Herrian, legeak ez ditu aitortzen subrogazio bidez bertan jaiotako haurrak: erditu dena jotzen du amatzat. Kanpotik agiri egokiekin datozen haurrak, ordea, intentziozko gurasoen seme-alaba gisa erregistratzen dira. Ibonen eta Gorkaren umeei ez diete trabarik jarri. Gizartean, dena den, gaia tabu da oraindik: «Honetan hasi ginenean, inork ez zigun lagundu nahi. Lotsa ematen zien haurra nondik ekarri zuten esateak».

Oses ere sentitu izan da epaitua, besteak beste, zergatik ez duen adoptatu galdetzen diotenean. «Hipokrisia da: hori ez diote esaten in vitro egiten duenari. Gainera, adoptatu ez duen batek ez dauka eskubiderik guri leporatzeko ez dugula egin: ume horiek berdin-berdin daude harentzat edo niretzat, eta ugalkortasun arazoak izatea ez da baldintza bat». Adopzioa erabaki larriagoa dela uste du: «Abortua legezkoa denetik, oro har inork ez du edukitzen nahi ez duen umerik. Adopzioan daudenak euren familietatik ateratakoak dira, gatazketatik datozenak: denok ez gara gai hori kudeatzeko». Ibonek eta Gorkak ere pentsatu zuten hasieran adopzioan. «Baina hori ere sortu egin behar zaizu barrutik, eta guk ez genuen ikusten. Gure haurrak nahi genituen. Kapritxo bat zela? Ba agian bai. Baina noren kapritxoa ez da umeak edukitzea?».

BERRIAn argitaratua (2017/05/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA