astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

gizartea

AMAREN SABELA?

Arantxa Iraola

AMAREN SABELA?

Interneten bilaketa erraz bat egitea aski da honelakoak agertzeko: «Haur bat izateko ametsa beteko dizugu, berme guztiekin». «Haurdunaldi subrogatua guztion esku». «Neurri-neurriko finantzaketa». Ondoan, nini jaioberri irribarretsuen argazkiak. Hain justu, haurduntze subrogatua egiten laguntzen duten agentzia eta kliniketako iragarkiak dira, haur bat edukitzeko utero baten premian diren bikote edo norbanakoen erakargarri. Andrazko batek hartuko du umeaz ernaldu eta hura bederatzi hilabetean sabelean izateko konpromisoa; erditu orduko, ordea, enkargua egin duen bikote edo banakoaren esku utziko du. Betiko. Dirua dago ia beti tartean; prozedura egiten den herrialdearen arabera, 35.000 eta 150.000 euro arteko tarifak aurki daitezke sarean. Errealitate zinetan urruna zen oraintsu arte haurdunaldi klase hori Euskal Herrian —Frantziako eta Espainiako legeriek ez dute baimentzen—, baina atzerrirako bidea hartu dute guraso izan nahi izan duten askok urteotan, eta handik etorrita daude asko: umeekin. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbide Zibila irakasten du Itziar Alkortak; gertutik ikertu du fenomenoa. Ez du dudarik, hemen da. «Amatasun subrogatua gora doa, eta adopzioak, behera. Iaz, 800 adopzio izan ziren [Espainiako] estatuan; amatasun subrogatuaren tasa ez-ofiziala, kalkuluen arabera, milatik gorakoa da. Gogoeta eragin behar liguke».

Ume horiek guztiak dira kanpoan —prozedura hori onesten duen herrialderen batean— jaiotakoak. Euskal Herrian giza ugalketa lagunduan diharduten klinikek eta arloari buruzko argibideak ematen dituzten abokatu bulegoek «aholkua eman» besterik ezin dutela egin nabarmendu du Ugalkortasunaren Euskal Institutuko —Onkologikoaren barruan dihardu, Donostian— zuzendari Josu Franco medikuak. «Ezin da eskaini, ez delako legezkoa. Gerta daiteke norbaitek deitzea, guregana jotzea, eta aholku eskatzea; baina guk ezin dugu inolako prozedurarik hasi. Zigortuta dago». Bat dator Carmen Otxoa. Medikua da bera ere, ugalketa lagunduan ibilbide handikoa. «Guk aholku eman dezakegu; ezin dugu besterik egin. Eta jendeak alde egiten du; Ukrainara edo AEBetara joaten da». Paziente asko bide horretan galduta ikusi izan dituztela ohartarazi du Francok. «Interneteko anabasa horretan denetik dago». Horregatik, Otxoak uste du atzerrira joatera ez liratekeela kondenatu behar bide hori hautatu nahi dutenak: «Garrantzitsua litzateke legeztatzea. Burua hegalpean gordetzeak ez du deus konpontzen». Legeztatzea. Aipatu du hitza. Hain justu, hitzean eta hortzean dabil guraso izateko era hori aukeratu dutenenen artean, eta hainbat talde politikok ere egin dituzte horretarako hainbat proposamen. Badira, ordea, jarrera abolizionistak ere: uste dute ez dela onetsi behar halako praktikarik. Asteon, Espainiako Gobernuaren Bioetika Batzordeak txosten bat atera du; nazioartean galarazi egin behar dela esan du, eta jarduera horretan diharduten agentziei zigorrak jarri behar zaizkiela.

Prozedura, sarri, zientziaren aurrerapen gisara aurkezten da haren aldeko defentsa egitean. Medikuek aitortzen dute, ordea, ez dakarrela deus berririk alde horretatik —prozedura medikoari erreparatuta—. «Prozedura ez da zaila; in vitro ernalketa beste andre batean egitea datza», aitortu du Francok. Hirugarren batean; hortxe dago gakoa. «Aurreko gizaldiko 80ko hamarkadan egin zen aurkikuntza», azaldu du Alkortak. «Ikusi zen emakume batek beste baten obulua hartu eta inolako arazorik gabe eraman dezakeela aurrera haurdunaldi bat, genetikoki berea ez den ume batez erditu daitekeela. Beraz, ikuspegi zientifikotik, badira 30 urte teknika hau erabiltzen dela». Medikuek, gaiaz solastatzean, garrantzi handia ematen diote horri: haurdun geratuko den andreak lotura biologikorik gabeko ume bat izateari. Eta, hain justu, toki gehienetan, halaxe egiten da. Francok argi du: «Lotura emozionala saihestea errazagoa da horrela». Eta beste lotura? Haurdunaldian ama-umeen artean sortzen dena? Leundu egiten dute horren garrantzia. Hara Otxoaren azalpenak: «Nik uste dut badela harremana haurdun dagoenaren eta fetuaren artean, jakina. Fetuak, ordea, ez daki zein den ama. Baina, jakina, ezin dugu esan erlazio hori ez dagoenik. Horregatik da garrantzitsua haurdun geratuko den andrearen eta guraso izango direnen arteko harremana haurdunaldi horretan». Egiari zor, askotan bideo konferentziazko erlazioa da; absentziak eta distantziak markatutakoa.

Gorputzarekin «salerosian»

Haurdunaldi horren aurreko «beldurrak» ulertzen ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Filosofiaren Zuzenbideko katedradun Noelia Igaredak. «Izan ere, galdera garrantzitsu bat dakar prozedurak: ea emakume batek, libreki, bere uteroa utz dezakeen beste norbaiten esku, eta hori egitea bere buruarekin salerosian aritzea den». Galdera ez da nolanahikoa. Aintzat hartu behar da, gainera, Igaredak hizpide duen «libreki» hori aski mugatuta dagoela kapitalismoak irentsitako mundu honetan. Hala ere, oro har, «beldurrak» uxatzera egin behar dela uste du. Ez edonola: «Behar bezain ongi araututa ez badago, botere publikoak ez badira ari alde guztien eskubideak bermatzearen alde, esplotazio kasuak egon daitezke. Baina beste fenomeno askotan ere gertatzen da; hor dago organoen donazioa. Horrek ere esplotazioa ekar dezake, baina horregatik ez zaio uzten horren gaineko legeak egiteari».

Horiek aintzat hartuta, uste du prozedura egokia izan daitekeela emakumetasuna ama onaren eredu jakin batekin lotzen duen ikuskera errotua apurtzeko, emakumeak uztarri horretatik askatzeko: «Haurdun egoteko mota honetatik arbuioa sortzen duten gauzetako bat da zera: andrazko batek nola utz dezakeen haurdunaldi baten ostean bere sabeleko fruitua. Nola utz dezakeen haurra era hotz eta kalkulatu batean. Barrenak nahasten dizkigu horrek, ezta? Finean, ama senari buruzkoak oso errotuta daude gure gizartean; badirudi andre guztiek ama izan behar dutela, une batean ez bada bestean. Eta andre bat ama sen horretatik aparte ari bada, badirudi arimarik gabeko emakumea dela: antiemakumea». Alkortarentzat, «interesgarria» da ikuskera hori; baina munduko desberdintasunei ezin zaie ez ikusiarena egin. «Errealitatera ekarri behar duzunean, interes ekonomikoak hain dira handiak giza ugaltze lagunduaren industria honetan! Azkenean, zuk ez duzu kontratatzen zure gorputzaren kontratazioaren balioa; hori broker batek jarriko du, kanpotik. Ez da mundu ideal batean aplikatzen den teoria bat». Indiako andreei entzundako lekukotasunak ditu, adibidez, gomutan: «Indian horrela haurdun geratu diren andreen baldintzak ikustea besterik ez dago. Ikaragarrizko esker ona sentitzen dute. Izan ere, hain daude gaizki; bederatzi hilabetez artatzen dituztenean klinika batean, jana eta edana ematen dietenean... Beren bizitzako aukerarik onena iruditzen zaie, eta horrela deklaratzen dute», azaldu du. «Baina nahiz eta haiek esan 'Ni hemen zoratzen nago; hau hamar aldiz egingo dut neure buruaren eta nire umeen mesedetan', hor ez dago askatasun baldintzarik».

«Harmonizazio» falta

Hala ere, Espainiako legerian praktika erregulatzearen alde dago Alkorta. Batez ere, iruditzen zaiolako «zeharka» —atzerrian prozedura horren bidez jaiotako umeak erregistratzeko bidea irekita— dagoeneko legeztatu den zerbait dela. Hain justu, orain urte batzuk, erregistroetan trabak jartzen ziren era horretan jaiotako umeak erregistratzeko, baina aldaketa egin da: umeak babesteko. Frantziako administrazioan ere trabak jartzera egin da, baina Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo izan duten sendiak badira, eta haien aldeko erantzunak: «Haurraren interes gorenaren izenean, inskribatu behar dira». Hortik Alkortaren ondorioztatzea: «Zeharka bada ere, legeztatu dugu praktika». Itzulinguruak ez zaizkio iruditzen, ordea, gauzak egiteko erarik egokiena: «Hori ez da arautzea. Hori da kanpora begira egiten den praktika baten gaineko lege hutsunea baliatzea, eta esatea hemen ez dela aplikatzen ordena publikoa».

Tokian tokiko legeak idazteak konponduko luke, hala ere, arazoa? Europan praktika arautzeko lege berriak eginda ere —badira hainbat indarrean: Erresuma Batuan, Belgikan, Portugalen...—, seguruenera enkarguz ume bat sabelean hazteko prest dauden andre gutxi egongo diren susmoa dago: eskaria asetzeko gutxiegi. «Hasiera batean, batez ere, guraso izan nahi dutenen senitartekoen eta lagunen partetik irtengo lirateke, nire ustez», azaldu du Otxoak. Gainera, Europako Batasunean indarrean dauden legeetan, oro har, baldintza zorrotzetan besterik ezin da egin prozedura, eta merkatuko legeetatik at. Horrek esan nahi du kanpora joaten jarrai dezaketela guraso izan nahi duten askok; klik baten bueltan aukera errazagoak edo erosoagoak aurki ditzaketela atzerrian.

Eta atzerrian eragitea zaila dela aitortu du Alkortak: «Ez gaude prest munduan horrelako araudi bati aurre egiteko, eta nik uste dut beharrezkoa litzatekeela, esplotazio mota bat bihur daitekeelako hau, eta, nire ustez, bihurtzen ari delako. Oso zaila da hori esatea fede onez, ikaragarrizko gogoz eta bokazio handiz ume bila ari diren gurasoei. Baina nik uste dut, azkenean, helburuak ez duela bitartekoa justifikatzen. Argi ikusten dut, aldi berean, zein zaila den mundu osoko lege harmonizazio bat, NBE Nazio Batuen Erakundean horren harira ebazpen bat onartzea». AEB Ameriketako Estatu Batuetara jotzen dute, esaterako, bikote askok; han onartzen direnak Europako Batasuneko ikuspegitik nekez onar daitezkeela argi du Alkortak: «Ez dira Europan erabiltzen ditugun giza duintasunaren printzipioak». Indian prozedura arautzeko legeari buruzko eztabaidan ere ikusi da administrazioak hortik lor dezakeen «onura ekonomikoa» lehenets dezakeela, andreen eskubideen gainetik. Hortik galderaren zailtasuna: «Pentsa: non eseriko dituzu NBEn Indiako ordezkaria, Europako Batasuneko estatu ordezkariak eta Ameriketako Estatu Batuetakoa...? Zertaz hitz egingo dute?».

AEBak: lilura eta zalantzak

Medikuek argi dute beraiei galdera egiten dietenean —prozedura egitera nora joan?— zein den ematen duten erantzuna: «Ameriketako Estatu Batuetara». Han lanean ibilia da Franco: haurdunaldi subrogatuak egiteko era gertutik ikusi du, eta ez dio eragozpenik ikusten. «Esplotazioa? Gaia erradikalizatzea da hori. Legeztatu gabeko tokietan gertatzen da esplotazioa. Jazo izan da jendeak jo izan duela legeztatu gabeko herrialdeetara, eta horrek ekar ditzake mafiak edo esplotazioa; legez araututa badago, ez dago horrelakorik». Eredugarria iruditzen zaio AEBetako funtzionatzeko modua. «Hezkuntza kontua da, kulturala. Parte hartzen duten emakumeek oso barneratua dute nolakoa den prozesua». Harago ere badoa: «Alokairuko utero bidezko ama izatea oso ondo ikusita dago han; erabat normalizatuta dago».

Ezin uka, abantaila nagusi bat ikusten diote galdera egindako medikuek AEBetako ereduari: «Han inork ere ez dizu atzera egingo». Inor andreak dira; erditu diren andreak. Otxoak nabarmendu du prozedura hasi aurretik izenpetzen den kontratuak izugarrizko pisua duela hango sisteman, eta andreek ulertzen dutela atzera-bueltarik gabea dela. Europan indarrean dauden legerietan eta Kanadan, ordea, oro har epe bat uzten diote haurraz erditu den andreari atzera egiteko: hobeto pentsatzeko. Medikuen ikuspegitik, arazo da hori enkargua egin nahi dutenentzat. «Atzera egiteko aukera ematen bada, nor sartuko da?», galdetu du Otxoak. Ñabardurak egin ditu, halaber, diru ordainketen inguruan: «Ez da ordainketa bat: kantitate konpentsatorio bat da. Lanari utzi behar badiozu, hori ez dezazula dirua galtzen utzi, edo, taxi batzuk hartu behar badituzu, ez dadila zure kaltetan izan». Gametoen donazioan —obuluak edo hazia— ere halakoak egiten direla oroitarazi du: «Eta, jakina, haurduntze batean, eragozpenak asko izan daitezke: bederatzi hilabete dira; gaixoaldi agiria eskatzeko beharra izan dezakezu; atseden hartu beharra... Balioa eman behar zaio». Ezinezkoa iruditzen zaio Otxoari, hala ere, Europan era horretako lege bat egitea. «Europa emanagoa da debate etikoetara».

Alkortak bestelako iritzia du AEBetako ereduaz. Arazoen berri badu. Ezagutzen ditu, halaber, haurduntzen diren emakumeei buruzko hainbat azterketa soziologiko: «Normalean, beharrak dituzte; andrazko migranteak dira, brasildarrak, mexikarrak, edo AEBetako emakume txiroak. Ez da kasualitatea». Harago ere egin du Alkortak gogoetetan, Europan ondutako balioen ikuskeratik, behintzat. Zalantzaz josita irakurtzen ditu, esaterako, uteroa jartzen duten emakumeei sinarazten dizkieten kontratuak; haien eskubideen ikuspuntutik, eta baita jaioko diren umetxoenen partetik ere. Hara Kalifornian izenpetutako kontratuetan irakurri izan dituenak: «Andreek ezin dute AEBetatik atera; jana kontrolatzen diete, ezin dute erre, ezin dituzte zenbait jarduera sexual praktikatu, ezin dute kirol biolentorik praktikatu... Arautzen da, era berean, zer gertatzen den umeak kalteak badauzka». Hortik zalantza: «Kontratu horietan ez ote garen ari umea bera ere gauza moduan tratatzen, kontratu baten objektu bat bihurtzen delako, argi. Besteak [emakumeen esplotazioak ] adinako beldurra ematen dit horrek», ohartarazi du. «Izan ere, gaia ez da bakarrik haren onespenarekin emakume baten gorputzaren erabilera arautzea; gero eta gehiago ikusten ari gara, umeak edonolako arazo edo ezusteak baditu, horren gaineko erregulazioa. Horiek, hain zuzen ere, haurdunari edo klinikari leporatzen zaizkio. Aldaketa hori ikusten dut, eta arriskutsua iruditzen zait: datorren ume horren duintasunari begira, eta haren gizatasunaren eta balioen artatzeari begira. Aurrekari arriskutsua ezartzen ari gara gurasoen eta umearen arteko harremanean; familia zuzenbideko printzipio guztiak aldatzen dira, ezagutzen ditugun guztiak».

Legearen ezaugarriak

Arautze aldera, oinarrizko aldaketa bat egin beharko litzateke aurrena. «Legearen arabera, erditu denarena da umea. Lege hori aldatu beharko litzateke», azaldu du Alkortak. Ez du horretarako eragozpenik ikusten Igaredak. «Izan nahi duenak izan behar luke aita edo ama», esan du. «Ordenamendu juridikoak oraindik gurasoen arteko hierarkiak egiten ditu; erditu dena aurrena, lotura biologikoa duena gero. Geneen hori oso garrantzitsua da oraindik: odolaren mintzoa. Oso modernoak eta aurrerakoiak gara, baina gure zuzenbideak erakusten du erromatarren aroan dagoela; inkoherentzia bat dago hor. Ez bagara horiekin apurtzeko gai, hain modernoak ere ez gara, ezta?». Aitortu du, ordea, aski era zorrotzean legeztatu behar dela. «Erresuma Batukoaren antzeko lege bat behar dela esango nuke; ez dut gizartea prest ikusten haragoko baterako».

Hara, Alkortaren arabera, legeak izan beharko lituzkeen oinarriak: «Uste dut ereduak izan behar lukeela filantropikoa, epailearen aurrean egindakoa eta kuasi-adopzio baten bitartezkoa». Europako hainbat herrialdetan edo Kanadan dagoenaren antzekoa, hain zuzen ere. Legeak epe jakin bat jarriko luke, eta erditu den andreak era izango luke erabakian atzera egiteko. Jazo daitezkeen intzidentzietan, epaile batek izan behar luke «bermatzaile» beti: «Familiako epaile batek». Soilik horrela ikusiko luke onargarri: «Zure umea balitz bezala, berdin, eta ez transakzio komertzial baten arabera». Ez du uste indikazio medikoetan bakarrik erabili beharko litzatekeenik; atea gizon bakar eta homosexualei ere irekitzearen alde dago. Alkortak gogorarazi du, hala ere, tokiko neurriak ez direla aski izango. Are gehiago, uste du behin legeztatuta, aztertu behar litzatekeela praktika egitera kanpora doazenak zigortzea: «Baleudeke teknikak. Alemania, esaterako, aztertzen ari da hau kanpoan egiten duten bikoteak etxean zigortzea. Jendeari asmoa kentzeko bide bat litzateke».

BERRIAn argitaratua (2017/05/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA