astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

bizigiro

Belaunaldiak josten

Nagore Etxeberria

Belaunaldiak josten

Haurtzaroa eta zahartzaroa; bizitzaren sokaren bi muturrak. Iragana eta geroa. Hain gertu, eta, aldi berean, hain urrun. Haurrek bizitza oso bat dute aurretik, eta helduek bizitzaren eskola dute bizkarretik. Batzuek dena dute ikusteko eta ikasteko, eta besteek ia gehiena dute ikusia eta ikasia. Bizitzaren bi aro, bizitzari begiratzeko bi leiho.

Begiradak begirada, denek dute zer kontatu eta zer irakatsi: haurrek helduei eta helduek haurrei. Bizitzaren eskola osatzeko eta transmisioaren zubia eraikitzeko, askotariko proiektuak eta egitasmoak daude Euskal Herrian. Antzeko helburua dute denek ala denek ere: belaunaldien arteko harremanak sortzea eta sustatzea, transmisioa indartzea, esperientziak partekatzea eta elkar laguntzea.

Belaunaldien arteko sokak estutzeko proiektuak daude, esaterako, Vianan (Nafarroa), Diman (Bizkaia) eta Ibarran (Gipuzkoa). Vianako Erentzun ikastolak bi proiektu ditu martxan, zehazki: Lanbideak izenekoa eta 1. adinetik 3. adinera deiturikoa. Lehen proiektuaren barruan, euren lanbideak erakustera joaten dira aitonak eta amonak Haur Hezkuntzako ikasleengana; beste proiektuan, baina, Lehen Hezkuntzako ikasleak joaten dira zaharren egoitzara bisitan. Arratiako (Bizkaia) zaharren egoitzako helduek ere bisita berezia izaten dute hamabostean behin: Dimako Herri Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak joaten dira haiekin jolasak eta eskulanak egitera. Ibarrako (Gipuzkoa) helduek, berriz, DBHko ikasleak izaten dituzte bidelagun, ostegunetan herrian zehar egiten duten txangoan.

Ibarrakoa, Arratiakoa zein Vianakoa Euskal Herrian martxan diren hiru proiektu baino ez dira. Adin ezberdinetako lagunen arteko harremanak sortu eta indartzeko hiru proiektu. Transmisioa bermatzeko hiru helduleku. Iragana eta geroa josteko hiru hari mutur.

Viana.

«Ireki dadila leihoa, eta ikus dezatela errealitatea ikasleek»

Urtero, ikuskizun oso berezi baten ikusle izaten dira Vianako zaharren egoitzako aitona-amonak. Erentzun ikastolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek emanaldi oso berezi bat prestatzen dute herriko helduentzat. Halaxe egin izan dute azken zazpi urtetan.

1. adinetik 3. adinera proiektuaren amaiera ekitaldia izan ohi da ikuskizun hori. Maite Otero Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak zehaztu duenez, aurrez, bestelako lanak egin behar izaten dituzte ikasleek: zaharren egoitzako zuzendariari gutun formal bat idatzi, harekin biltzeko eguna finkatu, prestaketa lanak egin, gidoia prestatu... Eta ikuskizuna egin aurretik, egoitzan diren aitona-amonekin elkarrizketa bat ere izaten dute. «Haien artean harremana sortzen hasteko inkesta moduko bat egiten diete ikasleek egoitzan direnei: noiztik dauden egoitzan, gustura dauden, lagunak egin dituzten eta beste». Eta lehen aurkezpenaren eta kontaktuaren ostean, «modu natural batean» sortzen da harremana, Oteroren hitzetan.

Zuzendariak gogoratu duenez, ikasleekin oinarrizko konpetentziak nola landu pentsatzen hasi zirenean sartu ziren abentura handi horretan. «Ikasleek ikasten dutena aplikatzeko momentua eta lekua dira oinarrizko konpetentziak lantzeko proiektu horiek. Eta, gainera, gizarteari zerbait eskaini behar diote». Hala, seigarren mailako ikasleen eta zaharren egoitzako aitona-amonen artean halako hartu-eman bat sortzea «polita» litzatekeela pentsatu zuten irakasleek, eta halaxe jarri zuten abian 1. adinetik 3. adinera proiektua.

«Asmo nagusia da haurren eta helduen artean harreman bat sortzea. Era berean, ikasleek ikustea gizartearen parte diren aitona-amonak herrian daudela eta nola bizi diren. Aitona-amonei begira helburua da egunerokotasunaren errutinatik irtetea».

Proiektuaren ondorioz, helduekin «harreman berezia» sortu dela onartu du zuzendariak, eta, hala, emanaldiaren egunean ez ezik, bisita gehiago egiten dituzte ikasleek egoitzara: adibidez, Gabonen atarian eta Santa Ageda egunean ere joaten dira, kantuan aritzera.

Aurrez ere bazuten harremanik aitona-amonekin, 5 urteko ikasleengana bisitan joaten baitira urtero aitona-amonak, lanbideak erakustera. «Oso esperientzia polita, praktikoa eta aberatsa da. Haur eta helduen artean lotura berezia sortzen da, eta gauzak erakusten dizkiete elkarri».

Proiektuak abiatzean finkatutako helburuak aise bete dituzte, eta ez dira damu martxan jarri izanaz: «Oso-oso pozik gaude. Helburuak bete ditugu, eta jarraitu beharreko zerbait dela uste dugu. Ikasle batzuek ez dituzte adin horretako aitona-amonak, eta haiekin harremana izatea oso aberasgarria da. Hor bada leiho bat ordura arte itxita egon dena, eta proiektu honen bidez zabaltzen dena. Ireki dadila leihoa, eta ikus dezatela errealitatea ikasleek».

Dima.

«Hunkigarria da haurrak eta helduak elkar hartuta ikustea»

Duela hilabete gutxi hasi zuten harremana, baina jada eguzkiak itzala behar duen moduan behar dute elkar; Dimako Herri Ikastetxeko ikasleak eta Arratiako zaharren egoitzako aitona-amonak dira harreman estuaren protagonistak.

2016ko urrian egin zuten lehen bisita Dimako Herri Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleek egoitzara, eta helduek beso zabalik hartu zituzten gaztetxoak. Miren Bengoetxea LH bigarren mailako tutoreak kontatu duenez, egoitzako helduak ohituak zeuden halako bisita berezietara, aurrez ere Askartza Claret eskolako ikasleak joaten baitziren. «Astero, baina, talde ezberdin bat joaten zitzaien, eta harremana ez zen horren estua. Hala, egoitzatik deitu zuten, 7-8 urte arteko haurrei egoitzara joateko gonbita eginez. Eta guk pozik hartu genuen proposamena».

Egoitzako arduradunek helburu zehatz batekin egin zieten proposamena: helduen eta haurren arteko harremanak sortzea eta haien arteko transmisioa bultzatzea. Eta eskolako arduradunei ideia bikaina iruditu zitzaien. «Itzela da, esperientzia ahaztezina. Egia esan, ez genuen uste halako emaitzak jasoko genituenik», aitortu du Bengoetxeak. Izan ere, hasiera batean ez zekiten ongi haurrek nola erreakzionatuko zuten. Beste behin, harrituta geratu ziren haurren portaerarekin: «Hasieratik, inolako aurreiritzirik gabe hurreratu ziren haurrak helduengana, eta harreman oso-oso polita sortu da haien artean. Ezer esan gabe badakite zelan portatu behar duten ikasleek. Ikustekoa da nola errespetatzen dieten».

Orotara, hemezortzi ikasle joaten dira Arratiako egoitzara, eta taldetxotan antolatzen dira: mahai baten bueltan, hiru ikasle eta heldu bat elkartzen dira. Behin elkartuta, Ainhoa Agirregoikoa egoitzako psikologoak eta Maite Garcia dinamizatzaileak prestatutako ekintzak egiten dituzte: eskulanak, jolasak eta beste.

Inoiz edo behin, ikastetxeko ikasleek ere eraman izan dituzte egoitzara jarduerak egiteko proposamenak. Gabonetan, esaterako, eskolan idatzitako eskutitz bana eman zieten helduei, eskulan batekin eta bonboi batzuekin batera. Helduek «hunkituta» jaso zuten oparia. Jarduera egin eta denbora batera, eskutitza poltsikoan ongi gordeta ibili izan dira egoitzakoak, eta pozik erakutsi diote oparia bisitan joan zaien edonori.

Helduek haien «bilobatxoak» balira bezala hartzen dituzte ikasleak, eta ikasleak ere «txoratzen» joaten dira egoitzara.

Bengoetxeak onartu du: «Oso-oso pozik gaude esperientziarekin. Benetan aberasgarria da adinekoak haien bizipenak kontatzea, inoiz entzun gabeko gauzak eta abestiak entzutea. Transmisio hori oso aberasgarria da. Horrez gain, hunkigarria da benetan haurrak eta helduak elkar hartuta ikustea. Aitona-amonak ibiltzeko zailtasunak izan arren, altxorraren bila aritzen dira gaztetxoekin. Izugarria da hori, erabat hunkigarria». Hala, ez du zalantzarik egiten Bengoetxeak: hurrengo ikasturtean ere jarraituko dute bisitekin.

Ibarra.

«Bizitzaren eboluzioaz kontziente izateko modua da»

Eskutik emanda. Hala igarotzen dute ostegun goiza Ibarrako (Gipuzkoa) gaztetxo eta helduek. Astero, ostegun goizetan izaten dute hitzordua, Emeterio Arrese plazan. Handik abiatuta, herritik buelta bat ematen dute. Bi ibilbide egiten dituzte: luzea, bata, eta laburragoa, bestea; erritmo bizkorrean egiten dute lehena, eta geldoagoan bigarrena. Paseoa, baina, denak batera elkartuta egiten dute: zahar eta gazte batuta.

Inguruko herrietan halako egitasmoek zuten arrakasta ikusirik, esperientzia eredutzat hartu, eta antzekoa martxan jartzea erabaki zuen Ibarrako Udalak. Iaz hasi ziren lehen paseoak ematen, eta proiektuan parte hartzeko gonbita egin zioten Uzturpe ikastolari, gizarte zerbitzutik. Saioa Mendia ikastolan proiektuaren koordinazioa daraman irakasleak onartu duenez, «pozik» hartu zuten gonbita: «Garrantzitsua iruditzen zaigu ikasleak herriko egitasmoetan parte hartzaile izatea. Elkar laguntze hori ederra eta eredugarria da. Belaunaldien arteko harremanak beti dira interesgarriak, eta beti dute zer eman eta erakutsi elkarri».

Izan ere, paseoa aitzakia eder bat baino ez da adin ezberdinetako jendea harremanetan jartzeko eta haien artean elkarrizketa bat sortzeko. Gaztetxoek begiak zabaltzeko modua ere badela uste du Mendiak: «Topaketa horien ostean, beste ikuspegi batekin begiratzen diete helduei. Bizitzaren eboluzioaz kontziente izateko beste modu bat ere bada. Egoera bat gertutik ezagutzean begirada aldatzen da, baita pentsatzeko modua ere». Eta hori aberasgarria da, Mendiaren ustez.

Horregatik, udalak proposamena egin orduko baiezkoa eman zuten. Berez, udalak bultzatutako proiektu bat da, baina herriko eragile eta elkarte askok parte hartzen dute: artean, Uzturpe ikastolak. Astero, talde bat arduratzen da txangoa prestatzeaz; hilabetean behin, ikastolarena da ardura. Orduan, zortzi ikasleko talde bat joaten da herrira, paseoa ematera.

«Oinez ibiltzea osasuntsua da, baita elkarrekin ibiltzea ere. Hala, elkarrekin egoteko eta oinez ibiltzeko zailtasuna duen jendea martxan jartzeko jarri zen abian proiektua. Azken finean, elkarrekin egotea eta paseatuz esperientziak partekatzea da xedea».

Berez, irekia da egitasmoa. Normalean, 60-80 urteren bueltan dabiltzan gizon-emakumeak eta DBHko 3. eta 4. ikasleak elkartzen dira paseoan. Ia bi kilometroko ibilbidea egin ondotik, erretiratuen elkartean egiten dute geldialdia, hamaiketakoa egiteko.

Gazteek «oso gustura» parte hartzen dutela onartu du Mendiak, eta helduei entzun dienez, haiek ere «pozik» hartzen dituzte gazteak: «Gazteek freskotasuna ematen diete, eta beste kontu batzuk aireratzeko aukera. Azkenean, elkarrizketa bat sortzeko eta kontu ezberdinez aritzeko aitzakia dira txangoak. Gazteak ere ez lirateke heldu horiekin hitz egiten hasiko, ez balute paseoetan parte hartuko».

Goiza solas batean igarotzen dute gazteek eta helduek, denak elkarrekin haize freskoa hartuz eta lagun berriak eginez.

BERRIAn argitaratua (2017/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA