astekaria 2017/05/26
arrowItzuli

politika

Dirua, Euskal Hiriarentzat

Iñaki Petxarroman

Dirua, Euskal Hiriarentzat

Izenburu nagusiak kupoaren inguruan lortutako akordioak eraman baditu ere, EAJk eta PPk Espainiako aurrekontuetarako egindako hitzarmenak baditu beste puntu batzuk ere. Nabarmentzekoak dira, garraio, logistika, industria eta eraikuntzarekin lotutako egitasmoak. 2008ko krisiaren astinaldiak lozorroan utzitako proiektu asko berreskuratu nahi ditu EAJk, horretarako Espainiako Gobernuaren babesa jasota.

'EUSKAL Y'-A

EAJko buruek adierazi dutenez, oraingo honetan, lehen aldiz, Espainiako Gobernuak abiadura handiko trenaren (AHT) Euskal Y-aren lanak amaitzeko idatzizko kronograma batean ezarri du bere sinadura, eta, hala, 2023rako lanak amaitzeko falta den ekarpena egingo luke. Lapurdirekiko lotura 2025erako amaituko litzateke, horrela. Hain zuzen ere, Espainiako hedabide batzuek argitaratu dutenaren arabera, 3.380 milioi euro beharko dira horretarako. Besteak beste, proiektuaren zatirik zailenetako batzuk hasi ere egin gabe daude, besteak beste, hiriburuetako sarrerak eta Bergarako lotunea. Emandako kopuru horiek benetakoak badira, eta kontuan hartuta 3.500 milioi euro baino gehiago gastatu dituztela jadanik, 7.000 milioi inguruko aurrekontua izango du azkenean egitasmoak, eta oso urruti utzi hasieran kalkulatu zutena (4.200 milioi).

Aitor Esteban EAJko diputatuak akordioa baloratzeko egindako agerraldian adierazi zuen «behingoz programa oso bat» dagoela mahai gainean: «Lehen keinuak eta urrats txikiak besterik ez zeuden». BERRIAk eginiko elkarrizketan ideia bera baieztatu zuen. Bi alderdiek sinatutako agirian zehaztu dutenez, Donostiako tren geltokia 2018ko azarotik 2020ko otsailera egingo dute. Astigarraga eta Oiartzun arteko zatia Euskal Y-aren lanen kronogramari gehituko diote. Ezkioko geltokia 2018an hasiko dute, eta Astigarragan geltoki berri bat egingo dute.

LEZO-GAINTXURIZKETA

PLATAFORMA INTERMODALA

Aurreko hamarkadan diseinatu eta administrazioan baztertua egon den proiektu bat berreskuratu nahi dute EAJk eta PPk, sinatu duten akordioaren arabera. 99 milioi euroko proiektu handi bat da, Jaizkibelen magalean kokatua, eta hamabost hektareako hedadura hartuko du, landa lurrak nagusi diren natur eremu batean. Portu lehorra izena ere eman izan diote agintariek Lezo-Gaintxurizketa plataforma intermodalari. Nodo bat izateko asmoa du, garraio ezberdinez osatua: batetik, ondoan duen Pasaiako portuko zerbitzu batzuk bere gain hartuko lituzke, eta, bestetik, AHTaren eta ohiko trenbide sarearen arteko lotura egingo luke. Errepide bidezko garraioarentzako helmuga bat ere izango litzateke, itsas garraioarekin lotura eginez. Europarekiko lotura «lehiakorra» bilatu nahi du salgaientzat, proiektuaren bultzatzaileen arabera. EAJren eta PPren akordioaren arabera, aurten 150.000 euro bideratuko dituzte proiektu horretara eta hurrengo urtean 450.000 gordeko dituzte eraikuntza proiektua idazteko. Proiektua Donostialdeko Lurralde Plan Sektorialean (PTS) aurreikusita dago, eta Lezoko Udalak kaltegarritzat jo, eta EAJ eta EH Bilduko taldeek adostutako helegite bat jarri zuen haren aurka.

JUNDIZKO PLATAFORMA

INTERMODALA

Lezo-Gaintxurizketari bezala, garrantzi estrategikoa aitortu izan dio Eusko Jaurlaritzak Jundizko plataforma intermodalari ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa Europa mailako ardatz atlantiarreko erreferente logistiko garrantzitsu bat bihurtze aldera. Gasteiztik sei kilometrora, guztira 48 hektarea hartuko lituzke Jundizko plataformak, eta 120 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, guztira. PPk eta EAJk sinatutako itunaren arabera, aurten 150.000 euro bideratuko dituzte proiektu horretara, eta 600.000 hurrengo urtean. Proiektu hori nazioarte mailako garraioaren lotune garrantzitsu bat izan daitekeela uste du Jaurlaritzak, eta, besteak beste, Bilboko portuaren, Arasur plataforma logistikoaren, AHTaren eta gainerako trenen eta Forondako aireportuaren arteko elkargune izateko balioko luke. Aldi berean, Lille-Gasteiz trenbide-autobidearen proiektuaren helmuga litzateke Jundizko plataforma.

LEMOIZKO ZENTRAL

NUKLEARRA

Atentzioa eman dio askori EAJk eta PPk egindako akordioaren puntuetako batek, hain zuzen ere, Lemoizko zentral nuklearra egin nahi izan zuten lur eremua berehala Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko agintzen duenak. Duela 30 urte bertan behera utzi zuten zentral nuklearraren eraikinaz gain, kai muturra ere Jaurlaritzaren esku utziko du Espainiak, eta berehala hasiko dute desafekzioa. Zentral nuklearraren eremu horretan zer proiektu mota garatu nahi duen ez du argitu oraindik Jaurlaritzak. BERRIAk, horretaz itaunduta, hala adierazi dute gobernuko iturriek: «Jaurlaritzak badu proiektu bat eremu horretarako, baina oraindik oso hasierako fasean. Bakarrik esan dezakegu proiektu berritzailea izango dela, lanpostuak sortuko dituela eta itsasoak eskaintzen dituen aukerak baliatuz egin nahi dela».

Proiektua «gauzatzen den heinean» emango du Jaurlaritzak horren berri. Lemoizko zentralaren eraikin horrek 55.000 metro koadroko hedadura du, eta hainbat proiektu egon dira mahai gainean hura berreskuratzeko. Bizkaiko diputazioak energiaren parke tematiko bat egitea proposatu zuen garai batean, eta Iberdrolak ziklo konbinatuko zentral bat bihurtzeko aukera aztertu zuen. Bi proiektuak ezerezean geratu ziren.

Bestalde, eremu horretan Jaurlaritzak —Euskal Energiaren Erakundearen bidez— eraiki zuen Bimep (Biscay Marine Energy Platform) babesten duela sinatu du Espainiako Gobernuak. Hain zuzen ere, iaz bota zuen atzera Madrilek haize errotekin itsasoan esperimentuak egiteko Bimepek aurkeztutako proiektu bat. Ingurumen Ministerioak utzi zuen bertan behera egitasmoa, faunan, paisaian eta natur ingurunean izan zezakeen eraginagatik. Orain sinatu duten akordio horren bidez proiektu hori ere azkartu daiteke, hain zuzen ere, baimen administratiboak bizkortzeko asmoa azaldu baitute bi administrazioek, urtea amaitu aurretik egitasmoei ekiteko.

ZUBIETAKO KARTZELA

Urte askotako atzerapenaren ostean, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du, berriro ere, Zubietako espetxearen proiektuari heltzeko. Aspaldiko proiektua da. Martuteneko espetxea hustu eta 28 hektareako eremua hartuko luke kartzela berriak Zubietako Eskuzaitzetako eremuan. Guztira, 95 milioi euroko proiektua da, eta Espainiako Gobernuak duen krisi larriaren astinduek atzeratu eta atzeratu egin dute. Donostiako Udalarentzat garrantzitsua da Martuteneko espetxea lehenbailehen hustea, hura eraitsi eta bertan martxan jarri nahi duelako Gipuzkoako hiriburuko hirigintza planik handiena, Txomin Enekoa. Proiektu horren lehen etxebizitza saila ari dira eraikitzen jadanik, Martuteneko espetxearen aurrealdean. 1.300 etxebizitza eraiki nahi dituzte hor, baina eraikuntza guztia osatzeko ezinbestekoa da Martuteneko espetxeko eremua hustea. PPk eta EAJk sinatutako akordioan espetxeko proiektua «arinduko» dela besterik ez da aipatzen.

BERRIAn argitaratua (2017/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA