astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

ekonomia

GLOBALIZAZIO «BIDEZKOA»

Ivan Santamaria

GLOBALIZAZIO «BIDEZKOA»

Brexit-aren kolpearekin seko esnatuta, bere burua berrasmatzeko irakinaldi diplomatikoan sartu da Europako Batasuna. Gehiago atzeratu ezin daitezkeen eztabaida deserosoak abiatzeko garaia da. Lehena blokearen beraren etorkizunari buruzko paper zuria izan zen. Ez da harritzekoa bigarren eztabaidan krisi sentsazioa areagotu duen fenomenoari heldu nahi izatea: zer egingo du Europak globalizazioarekin aurrerantzean?

Erantzuna bilatzeko prozesua martxan jarri du Bruselak, aste honetan aurkeztutako dokumentu batekin. Ez dira neurri zehatzak proposatzen. Asmoa da, beste alor batzuetan egingo den gisara, eztabaida zabal bati ekitea, 27 herrialdeko batasun batek egin beharko dituen hurrengo urratsak erabakitzeko.

Batzordeak ez du orain arteko norabidea zalantzan jartzen. Argi esateko, oraindik ere esaten du ekonomia ireki bat izateak «onura itzelak» ekartzen dizkiela enpresei eta herritarrei, eta protekzionismoaren kontrako iritzi sendoari eusten dio. Baina, hala ere, mea culpa kutsu nabarmena dario testuari. Garaipen dialektikoa ezkerretik eta eskuinetik egin zaizkion kritika zorrotzentzat.

Bistan da herritarrak kezkatuta daudela. Joan den urtean egindako inkesta baten arabera, batasuneko herritarren %45ek mehatxu gisa ikusten dute globalizazioa, ezer baino gehiago. Gehiengo batek, %53k, uste du badela bere herrialdearen nortasuna mehatxatzen duen zerbait. «Benetakoak dira beldurrak, eta, kasu batzuetan, ondo oinarrituta daude», dio dokumentuak, ondorioen partean. Krisia hasi eta hamar urtera, kezka horrek zeharkatu ditu Bruselako hormak, bidean lurrikara politiko ugari eraginda, eta gehiago eragiteko itzala zabalduta.

Mesfidantza horren jatorria ontzat jotzen du agiriak. Globalizazioaren onura horiek ez dira automatikoak, eta, garrantzi handiagoa duena, ez dira modu bidezko batean banatu herritarren eta eskualdeen artean. Ekonomiak gora egin badu ere, azken hamarkadan klase ertaineko familien diru sarrerak ez dira handitu.

Desberdintasun ekonomikoari ere aipamena egiten zaio. EBko populazioaren %1ek aberastasunaren %27 kontrolatzen du. Desberdintasuna globalizazioaren ondorio gisa sailkatzeari uko egiten dio Bruselak, ordea. «Globalizazioa ez da, bere horretan, desberdintasun sortzaile. Herrialde bat zenbat eta irekiagoa izan, orduan eta berdintsuagoa», argudiatu zuen Jirky Katainen batzordeko presidenteordeak, gogoetaren aurkezpenean. Gaiari buruz dagoen nazioarteko eztabaidatik urruntzen saiatu zen, Suedia aipatuta: «Merkataritzarako irekia izatea da gizarte babesa ordaintzeko modua». Ez zuen esan zerga presioa %44 dela Suedian, handienetako bat munduan.

Arazo bat, baina bi esparru

Zalantzak hasten dira aurrera begirako jokalekuak zehaztean. Bi esparrutan egin beharreko borroka da, Bruselaren aburuz. Batetik, nazioarteko merkataritza harremanak eta arauak berridazteko lana litzateke Europako erakundeen bidez gidatu beharrekoa. Hau da, merkataritza akordio «bidezkoak» egitea, eta kontinenteko ekonomia babestea lehia desleialaren eta praktika kaltegarrien aurka. Bestetik, onartutako ondorio txarrei aurre egiteko neurriak hartu behar dira, baina hor gutxi egin dezakeela uste du Bruselak. «Herrialdeetako gobernuek dituzte ezinbestekoak diren tresna politiko gehienak», dio testuak. Orain arte, ez da egon ahalegin koordinatu horren arrastorik.

Eragin mugatuko programak baino ezin izan ditu aurrera eraman Europak krisia hasi zenetik. Globalizaziora Doitzeko Funtsa jarri du elkartasun horren erakusle. 2007. urtean jarri zen martxan. Hamar urte geroago, 600 milioi erabili dira kalean geratutako 140.000 langileri laguntzeko. Adibide bat emateko. Hego Euskal Herrian eskaera bakar batek jaso zuen finantzaketa; metalgintzako 500 langileri laguntzeko proiektua zen. 2011ko amaieran egin zen eskaera, eta dirua 2013ko martxoan iritsi zen: 1,3 milioi. Tanta bat krisiak eragindako langabeziaren ozeanoan.

Agirian ez dira proposamen zehatzak agertzen, baina globalizazioak atzean utzitakoei laguntzeko bi esparru lehenesten dira: bizi osorako prestakuntza eta gizarte babesa. Bietan, herrialdeetako gobernuena litzateke ardura. Adibide batzuk aipatzen dira: Saab konpainiak 3.000 langile kaleratu zituen Suedia hegoaldean, eta langile horiei ikasteko aukera eman zitzaien, langabezia saria kobratzeko aukera galdu gabe.

Nazioartean, arauak

Bere eskumenen partean, argiago du batzordeak nahiko lukeen estrategia. Globalizazioa zaldi azkar eta indartsua da, eta bridak jarri behar zaizkio. Nazioarteko merkataritza harremanak berridatzi behar dira, gehiegikeriak eragozteko. Bere burua defendatzeko asmoa ere aurreratu du Bruselak. Atzerriko konpainiek Europako kontratu publikoetan lehiatzeko duten aukera euren herrialdeetan alderantziz errespetatzen den ikuskatuko du. Gauza bera egingo du inbertsioekin.

Politika horietan sarbidea luke Emmanuel Macronek iradoki duen Erosi Europa moduko klausula batek blokean egindako produktuak lehenesteko? Kontrako norabidean kokatu du bere proposamena Katainenek. Protekzionismorako tentazioen aurka ohartarazi du eztabaidarako agiriak: «Mugak ixten baditugu, besteek gauza bera egingo dute. Denok galduko dugu».

Kritikak entzun dituela erakutsi du Bruselak. Orain, ikusi beharko da ea 27 herrialdeak gai diren erantzun bat emateko.

BERRIAn argitaratua (2017/05/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA