astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

kirola

Gutxirekin, izugarri

Ainara Arratibel Gascon

Gutxirekin, izugarri

Emakumeen Birako irteeraren eta helmugaren ondoan dagoen aparkalekuan, dozenatik gora auto eta hainbat kamioi ikus daitezke. Autokarabanak, berriz, bakanen bat. Taldeetako batzuk World Tour maila izan arren, haien baliabideek zerikusi gutxi dute gizonezkoenekin alderatua. Zer esanik ez taldea goi mailan ez badago. Hori da Bizkaia-Durango euskal taldearen kasua. Baina bitarteko gutxirekin, gauza asko eta handiak egiten dituzte. Izan ere, errepidera irteten direnean horretaz ahazten dira, eta txirrindulariek talderik aberatsenen ilusioarekin eragiten diete pedalei, borrokatzen dira gainsariengatik, eta saiatzen dira garaipenak lortzen. Ilusioarekin, talde lanarekin eta elkartasunarekin ordezkatzen dituzte gabeziak.

Agurtzane Elorriaga txirrindulari ohia da Bizkaia-Durango taldeko zuzendarietako bat (Iurreta, Bizkaia, 1978), eta aurrekontua eta egunerokoa antolatzeaz arduratzen da. Ekonomialari onenen pare aritu behar du, batez ere bidaiak antolatzean. Izan ere, hor joaten zaie aurrekontuaren zatirik handiena. Materialerako ere aurrekontu txikia dute: 70.000 euro.

Lasterketetara eramaten dituzten azpiegiturei dagokienez, oso apalak dira: kamioi bat eta lasterketari jarraitzeko autoa. Birara ere halaxe egin dute: «Guk ez daukagu autokarabanarik edo autobusik, goi mailako taldeek izan dezaketen moduan».

Kamioian daramate lasterketarako behar duten material guztia: hamabi bat bizikleta, gurpilak, kaskoak, gurpilak puzteko konpresoreak... Garbigailua badu kamioiak, txirrindularien arropa garbitzeko, baita hozkailu bat ere: «Hozkailuan, etapan bertan eta etaparen aurretik eta ondoren txirrindulariek behar izaten dituzten jatekoak eta edatekoak eramaten ditugu».

Kamioian egiten dituzte, halaber, joan-etorriak txirrindulariek: «Gustatuko litzaiguke beste modu batean egitea, eta txirrindulariek espazio handiagoa izatea hankak luzatzeko eta erosoago egoteko. Hori ere atsedenaren eta indarberritzearen parte baita, baina ditugun baliabideekin moldatu behar dugu». Gainera, kamioia zahartzen ari da, eta aldatzea gustatuko litzaieke, beste bat erosi. «Hori ere dirutza da, eta gaur egun beste lehentasun batzuk ditugu».

Giza baliabideei dagokienez, zuzendariaz gain, Biran bi masaje emaile dituzte. Hori, dena den, ez da ohikoena izaten. «Etxean ari garenez, beti etortzen zaigu jendea laguntzera, boluntarioren bat. Baina, normalean, kanpoan lehiatzera goazenean, bakarrarekin joaten gara». Horrek eragin zuzena du: «Hotelera iristean, txirrindulariek gehiago itxaron behar dute masajea hartzeko, batek denei eman behar dielako. Bi izango balira, bakoitzak hiruri eman beharko lieke, eta dena azkarragoa litzateke, eta etapa batetik bestera indarberritzeko denbora gehiago izango lukete txirrindulariek».

Bestalde, Biraren kasuan, anoa postuetan eta ibilbidean zehar egoteko jendea joaten zaie laguntzera, batez ere asteburuko etapetan. «Horri esker, txirrindulariek ez dute autora jaitsi behar jatekoa eta edatekoa hartzeko. Normalean, ordea, ez da horrela. Zorionekoak gara etxean ari garenean halako laguntza izateagatik».

Gauza txiki ugari dira, baina egunerokoan eragina dute. Dena den, Elorriagak nabarmendu du ohituta daudela errealitate horretara, eta saiatzen direla ahal duten moduan aurre egiten: «Familia moduko bat gara, eta elkarri laguntzen diogu. Talde izaera oso barneratuta daukagu, eta horri esker gabezia horiek gutxiago antzematen ditugu».

BERRIAn argitaratua (2017/05/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA