astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

mundua

Emakumeen 'apartheid'-a

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Emakumeen 'apartheid'-a

Lehen geltokia du Donald Trump AEBetako presidenteak Saudi Arabian, atzerrira egingo duen lehen bidaian. Musulmanak dira han; wahabismoa praktikatzen dute, Estatu Islamikoaren doktrinaren oinarria, baina, xehetasun txiki horren gainetik, «maite» ditu saudiarabiarrak: zergatik ez ditu, bada, maiteko, petrolioa badute? Diruan ez ezik, misoginian ere bat datoz, eta etxean bezala sentituko da Salman bin Abdulaziz erregearen eta haren gizon taldearen erdian, esklaboz inguraturik. Baina nori axola dio Saudi Arabian emakumeek duten zapalkuntzak? Herrialde hartako urre beltzak erosiak ditu Mendebaldearen interesak. Galdetu beharko litzaioke, bestela, Nazio Batuen Erakundeari zergatik ondorioztatu duen Saudi Arabia amore ematen ari dela bere jarrera errepresiboetan.

Riad Emakumeen Eskubideen Batzordeko kide aukeratzea erabaki baitu, 2018-2022 agintaldirako. Batzordearen egitekoa da munduan emakumeen egoera nolakoa den dokumentatzea, emakumeen eskubideak defendatzea eta haien askatasuna bultzatzea. Saudi Arabiaren aurkezpen orrian, gobernuak dio prest dagoela «emakumea ahalduntzeko erabateko babesa» eskaintzeko, maila guztietan, eta xariaren araberako berdintasun eta justizian dagoela oinarritua herrialdeko legedia. «Horri esker, ekiteko askatasuna dute emakumeek, eta modu independentean eta murrizketarik gabe jarduteko eskubidea». Hillel Neuer UN Watcheko zuzendariaren ustez, «piromano bat suhiltzaileen zuzendari izendatzea bezala da Saudi Arabia emakumeen eskubideak babesteko aukeratzea». Neuerren taldeak NBEren lana ikuskatzen du.

NBEk aintzat hartu ditu azkenaldian Abdulazizek iragarritako aldaketak; akaso, hau bezalako adibideak: Faisal bin Mixal bin Saud printzeak Qassim Emakumeen Kontseilua inauguratu zuen joan den martxoan. Emakumeen eskubideei buruzko eztabaida bizia izan zuten hamahiru gizonek. Qassimgo printzeak hitza hartu zuenean isildu ziren gainerakoak: «Qassimen, emakumeak gizonen arreba gisara ikusten ditugu, eta ardura dugu lan aukera gehiago emateko». Harro zegoen, bera izan delako emakumerik gabeko emakumeentzako lehen kontseiluaren sortzailea. Trumpek abortuaren aurkako dekretua sinatu zueneko irudia ekartzen du gogora: bere gobernuko gizon katoliko eta ebanjelistaz inguraturik sinatu zuen, harro.

Martxoaren 8a

2015eko udal hauteskundeetan bozkatu ahal izan zuten lehen aldiz emakumeek, eta aurten estreinakoz ospatu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna, baina hori ere gizonek prestatu zuten, eta gizon bozeramaileek gidatu.

Maiatzaren hasieran, berriz, gizonen kontrol sistema aldatzen hasteko agindua eman du erregeak, eta agintariek hiru hilabete dituzte emakumeek gizonen baimena zein kasutan behar duten zerrendatzeko. Abdulazizen dekretuak dioenez, estatuko erakundeek ez dute emakumearen zaintzailearen baimenik eskatu behar, «baldin eta arauek eskatzen ez badute».

Hiru hilabeteotan osatuko diren zerrendak gorabehera, Saudi Arabiak erlijioa baliatzen jarraituko du, Jainkoa, emakumea mendean hartzeko. Debekuen zerrenda amaigabea da: ezin dute arnasarik hartu gizonaren baimenik gabe. Ezin dute ikasi, lan egin, aitak, anaiak edo batzuetan semeak onartu ezean. Ezkontzera derrigortzen dituzte. Pedofilia legezkoa da. 7-8 urteko milaka neska ezkonarazi dituzte aitek, diruaren truke. Zenbat eta neskatxago izan, orduan eta diru gehiago. Epaile batzuk aurka agertu dira, senarraren bortxaketen ondorioz odolusten eta hiltzen direlako asko eta asko, edota 12-13 urterekin lehen erditzea izan ondoren. Dena den, legeak seme-alaben desobedientzia delitutzat jotzen du, betetzen ez bada. Amak umeez arduratzen dira, baina zaintza gizonena da.

Lesbiana izatea krimen bat da: harrikatu edo urkatu egin ditzakete. Onenean, zartailuarekin jotzen dituzte jendaurrean. Baina badituzte elkarguneak, gizarte zatituan emakumeen eta gizonen artean bereizitako espazioak ohikoak direlako, eta askotan agintariek ez ikusiarena egiten dute, islamaren legea urratzen ez duten bitartean. Hala ere, beti arriskupean bizi dira.

Atzerritarrak dira, berriz, zapalduenetakoak. Ez da ezagun zenbat diren hamar bat milioi immigranteren artean. Bangladesh, Etiopia, Indonesia, Filipinak eta Sri Lankatik iritsitakoak zerbitzari aritzen dira, eta beren jabe bilakatzen direnen etxeetatik ezin dira atera. Bortxaketa sistematikoak jasaten dituzte, eta, horiek salatzeko, lau gizon musulmanen lekukotzak lortu behar dituzte.

Abestea, dantzatzea, nahierara janztea —nikab beltza darabilte—, jendaurrean barre egitea, bakarrik bizitzea, bankuan kontu bat zabaltzea, bizitza publikoan parte hartzea, iritziak gizonekin partekatzea. Dena da debekua. Autoak gidatzea ere bai. Ezagun egin ziren gidatzen agertu ziren feministen irudiak, 2013an. Zigortu egin zituzten, gidatzea norbere bizitzaren jabe izateko eskubidearen sinbolo baitzen.

BERRIAn argitaratua (2017/05/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA