astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

gizartea

Haurdunaldi subrogatuak legeztatzea proposatuko du EH Bilduk

Maite Asensio Lozano

Haurdunaldi subrogatuak legeztatzea proposatuko du EH Bilduk

Haurdunaldi subrogatuen edo alokairuko sabelen auzian jarrera bat hartu du EH Bilduk, bi urteko barne eztabaidaren ostean: legeztatzearen alde agertu da. «Emakume haurdunen eta haurren eskubideak merkatuetatik eta interes ekonomikoetatik babestea» du helburu, koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen ordezkari Oihana Etxebarrietak BERRIAri azaldu dionez. Kanadako lege ereduan oinarritu dira: osasun sistema publikoan eta diru trukerik gabe egindako haurdunaldi subrogatuak baimentzea proposatuko du. Oraingoz, adostutako irizpideak txosten batean bildu ditu; lege proposamen bihurtzea aztertuko du.

Eztabaida handia sortzen ari da haurdunaldi subrogatuen inguruan. Ugalketa lagundurako teknika bat da, baina umea haziko ez duen andre baten umetokia erabiltzen da enbrioia garatzeko eta erditzeko. Euskal Herrian legez kanpokoa da, Espainiak eta Frantziak debekatuta daukatelako, baina horrek ez du eragotzi bertakoek atzerrira jotzea guraso bihurtzeko. Eragile batzuk, baina, hasita daude prozesu horietako gehiegikeriak salatzen; besteak beste, haurdunen «kartzelak». «Erabaki genezakeen ez arautzea, baina badakigu egiten jarraituko dela, kontrolik gabe, eta askotan haurdunaren eta sortuko den umearen eskubideak babestu gabe», ohartarazi du Etxebarrietak. «Beraz, arautzearen alde egitea erabaki dugu, baldintza batzuk ezarriz; bestela, merkatuek antolatuko dute eremu hori».

Etxebarrietak aitortu du ez dela eztabaida erraza izan lantalde feministaren barruan: «Iritzi kontrajarriak egon dira, alde zein aurka. Bi urteren ondoren, adostasun batzuk lortu ditugu. Ohartu gara ez ditugula askatuko korapilo guztiak, baina, bitartean, momentuan dauden beharrizanei erantzun behar diegu instituzioetatik». Oinarrian, hiru elementu uztartu dituzte: haurdunaren eskubideak, jaioko den umearenak, eta guraso izan nahi dutenen desioa. «Jakitun gaude eskubideak ezin direla desioekin parekatu: desioak eraikuntza sozialak diren moduan, eskubideak bermatu beharreko irizpideak dira».

Hona hemen koalizioaren irizpideetako puntu nagusiak:

IZENDAPENA

Zenbait modu erabiltzen dira teknika izendatzeko, gaiari buruzko jarreraren arabera: alokairuko sabelak edo haurdunaldi komertzial baliatzen dute aurka daudenek, eta alde daudenek, berriz, amatasun subrogatua edo ernalketa ordezkatua. Termino neutroagoa hautatu du EH Bilduk: ordezkapen bidezko ernalketa.

DIRU TRUKERIK GABE

Eredu altruista proposatu du koalizioak: «Ordezkapen bidezko ernalketa ez da izango merkatu jarduera bat, ez du irabazi asmorik izango; alegia, tartean ez da erretribuzio ekonomikorik izango». Dena den, argitu dute kalte-ordainak eta gastu medikoak ordainduko litzaizkiokeela haurdunari, eta galdutako lanegunak konpentsatuko, baina gehieneko diru muga bat ezarrita; gizarte segurantzak pagatuko lituzke gastuok.

Haurdunari bestelako ordainketak egiteaz gain, EH Bilduk berariaz debekatuko luke bitartekari lanak egitea edo publizitatzea, hau da, enpresen egitekoa.

OSASUN SISTEMA PUBLIKOA

Ordezkapen bidezko ernalketak osasun sistema publikoaren zerbitzu bat izan behar duela uste du EH Bilduk: «Bide soilik publikoetatik egingo da. Osasun sistema publikoak izan beharko ditu ernatzaile posibleen eta ernalketa sistema horren eskatzaileen datu baseak, eta hark kudeatuko ditu». Ildo horretan, Etxebarrietak azaldu du horrek aukera emango lukeela lagunen eta senideen artean izandako antzeko jardunak arautzeko: «Izan ere, sistema altruistetan zailagoa da ezagutzen ez duten norbaitengatik halakorik egiteko prest dagoenik aurkitzea».

HAURDUNAREN ESKUBIDEAK

Haurdunen eskubide urraketekin kezkatuta agertu da EH Bildu; beraz, adostu dute «umetokiaren jabe den emakumearen eskubidea eta osasuna lehenestea». Atzerriko legedietan atzemandako arazo batzuei erreparatu diete: hainbat lekutan, haurdunek ukatua dute abortatzeko eskubidea, kontratatzaileen esku uzten baita erabaki hori; koalizioak «atzera egiteko aukera» eman nahi die andreei. Nola erditu erabakitzeko gaitasuna ere eman nahi die; zenbait herrialdetan zesareak egiten dizkiete andreoi ia sistematikoki.

ESTATU BEREAN

Prozesuan inplikatutako bi aldeak «estatu berean» bizi beharko lirateke, proposamenaren arabera. «Ezingo da inor kanpotik ekarri ernaltzeko», zehaztu du Etxebarrietak. Bide batez, ernalketa horiek atzerrian egitea ere eragotzi nahi dute: «Uste dugu jende askok ez lukeela kanpora joko hemen ondo araututa egongo balitz». Dena den, aitortu du zaila izango dela guztiz eragoztea atzerrirako joera hori. Edonola ere, kanpotik ekarritako umeak erregistratzeko, baldintza bat jarriko lukete: «Gure lurraldeko baldintza bertsuetan egin diren lurraldeetatik etorritakoak izatea».

ADOPZIOAK BERRAZTERTU

«Ordezkapen bidezko ernalketa guraso izateko bide bat da, baina ez bakarra», dio testuak. Hartara, egun indarrean den adopzio sistema «berraztertzea, eguneratzea eta demokratizatzea» proposatu du; bereziki nazioarteko adopzioen araudiari erreparatu nahi dio. Obuluen, espermaren eta enbrioien «kudeaketa pribatua» ere berraztertu nahi du.

BERRIAn argitaratua (2017/05/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA