astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

kultura

JUANJO MENA

«Otsoaren aurrean jartzen dituzte trebatu gabeko zuzendariak»

Iñigo Astiz

«Otsoaren aurrean jartzen dituzte trebatu gabeko zuzendariak»

Istantak gidatzen dabil sakonean orkestra sinfoniko bat zuzentzen dabilena. Eta, hain zuzen, emanaldiaren une bakoitzean gertatzen ari denaren aurrean erreakzionatzeko gaitasun horrexek bereizten ditu zuzendari onak, Juanjo Menaren hitzetan (Gasteiz, 1965). «Istant musikal bakoitza bakana da», dio. Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen hasi zuen ibilbide profesionala, eta, geroztik zuzendari gonbidatu modura aritu da mundu osoko lehen lerroko orkestretan. Zazpi urte daramatza BBC Philharmonic orkestrako zuzendari titular izaten, eta fase aldaketa baten atarian dago oraintxe, utzi egingo baitu postu hori datorren urtean. Espainiako Musika Saria jaso zuen iaz, eta Arabako Urrezko Domina aurten. Labur esanda: Euskal Herriko orkestra zuzendaririk ezagun eta esanguratsuenetariko bat da, eta Bilboko Arriaga antzokian izango da gaur Istantak gidatzen Stephen Hough piano jotzailearekin eta BBCko orkestrarekin batera.

Orkestrak eta zuzendariak elkarrekin arnastea da klabea, diozunez. Baina, ziur aski, horretarako musika tresnei bezainbeste erreparatu beharko zaie tresnen atzean dauden pertsonei, ezta?

Asko landu behar da psikologia, eta gerria eduki behar da. Jakin behar duzu animoak moldatzen, eta norekin jokatu behar den zorrotzago. Egiten ez duten zerbait egitera eraman behar duzu jendea, eta haiek ia ohartu ere egin gabe lortu behar duzu hori. Taldea entzun behar duzu. Ofizio zirraragarria da hau. Egunero egon behar duzu adi, ez dakizulako zer gertatuko den, baina unean bertan erantzuteko tresnak behar dituzu. Bakana da momentu musikal bakoitza, eta gai izan behar duzu hura prestatu, eta gertatzen ari denaren arabera moldatzeko.

Oso bizia da BBC orkestra. Diozunez, astean hiru programa prestatzen aritzen zarete inoiz.

Batzuetan arnasa behar izaten da. Urtean 14 edo 16 aste ematen ditut haiekin, eta oso lan zuzen eta intentsua izaten da. Konpentsazio moduko bat izaten da horregatik, beste lekuetara joan, eta lau egunez entseatzea, esaterako, Eskandinaviako orkestra fin, superbaikor eta sortzaile horiekin.

Irratian zuzenean aritzen da BBC orkestra astero: aurrean inor ez, eta irratian 30.000 entzule. Ohitu zara halako saioetara?

BBCn hasi arte ez nuen ulertu zer den irratiko orkestra bat. Europan badaude halako gehiago ere, baina zuzeneko emanaldiak ematera murriztu da haien jarduera urteekin. BBCren kasuan ez: estudioa da orkestraren birika. Ikusgarria da. Musikariek badakite milaka entzule dituztela irratian, eta dena ematen dute. Hasieran oso deigarria egiten zitzaidan giro hori. Egiten dugun guztia biltzen dute mikrofonoek.

Euskal konpositoreen lanak ere grabatu dituzu BOSekin. Guridi, Escudero, Sarasate... Zurekin eraman dituzu munduko orkestra batetik bestera joatean?

Guridi eskaini izan dugu BBCko emanaldietariko batean, eta [Juan Crisostomo] Arriagaren disko bat ere grabatuko dugu. Gaurko ere prestatu dugu sorpresa bat. Beti saiatu naiz konpositore garaikideak txertatzen. Bilbon hasi nintzenean ere, beldurtu antzean hartzen zuten hori abonatuek: «Badatoz garaikideak!». Baina nire ustez, orkestraren lanaren parte da musika hori ezagutaraztea, eta historiak esango du gero zerk iraungo duen.

Bilboko orkestrarekin «hoditeria garbitzea» suertatu zitzaizula entzuna dizut. Orain posizio erosoagoa izango duzu.

Orkestra batera heltzen zarenean ez duzu haren iragana ezagutzen, baina iragan hori presente dago orainaldian, eta orkestraren beharren analisi azkar bat egin behar izaten duzu horregatik. Bilbon egindako aldaketa oso garrantzitsua izan zen. Denbora izan nuelako egin ahal izan nuen lan hori. Maiz orkestra zuzendariek ez dituzte hamar aste ere egiten orkestrarekin, baina nik 30 aste ere emango nituen Bilbokoarekin. Aldatu egin nahi nuen soinua, jarrera eta kontzentrazioa, eta denbora eskainiz soilik lor daiteke hori. Ikaragarri ikasi nuen haiekin, nik neuk ere asko nuelako ikasteko.

Inoiz ezetz esan diezu eskaini dizkizuten programei, esaten zenuenez, ez zeundelako prest. Pribilegioa da ezetz esatea?

Bai, pribilegioa da, baina zeuk ezarri behar duzu, eta ezarri egin behar duzu, gainera. Lehiaketak irabazi dituzten zuzendariak galdezka etortzen zaizkit, eta horixe esaten diet. Esaten didate eskatu dietela zuzentzeko halako edo honako sinfonia. Nik galdetzen diet ea inoiz zuzendu duten sinfonia hori, eta esaten didate ezetz, baina gai sentitzen direla: otsoaren aurrean jartzen dituzte, aurrez otsoekin dantza egiteko tarterik eman gabe. Nik ezetz esan ahal izateko zortea izan dut beti. Gainera, Bilboko orkestra zuzentzera heldu nintzenean ez nuen managerrik. Nahiko ezohikoa da hori ofizioan, eta beharrezkoak dira managerrak, noski, baina sekula ez dut managerrak esandakoen menpe aritu beharrik izan.

Sergiu Celibidache zuzendariaren ikasle izan zinen. Ezagun da haren nortasun bizia, eta, diozunez, harengandik apartatu behar izan zenuen, zeure nortasun propioa topatu ahal izateko. Nola urrundu jenio batez?

Hori da. Baina hori ere hari ikasi nion, oso garrantzitsua dela nortasun sendoa garatzea, oso irekia eta oso sortzailea, baina neurea izango dena. Oso izaera gogorra eta diziplina zorrotza zituen, eta, nik uste dut ofizioa oso gogorra zela zekielako zela halakoa.

Alor guztietan emaitzak eskatzen dira egun. Nola egin uko espektakulartasunari?

Oso mediatizatuta dago dena. Programazioan bertan, esaterako, planteatzen dute programa transbertsalak egin behar direla, esaten dutelako publiko zabalagoarengana iritsi behar dela. Eta, begira, musika oso gauza handia da, egin dezagun ongi, eta ikusiko duzu nola joango den zabalduz. Publikoari musika ona eman behar zaio. Publiko berria lortzeko musika eskaini beharrean, mediatikotasuna eskaintzen badiozu, azkenean, ez duzu musikara erakarriko, espektakulura baizik. Zuzendaritzan ere zuzendari gazteak lehenesten dira, adierazkortasun handikoak, merkatuak sartzen ditu zirkulazioan, eta orkestra handietara heltzen direnean, haietako askok ez dituzte hiru urte baino gehiago ematen; bukatzen zaie kontratua, eta hor amaitzen da haien karrera. Oso larria da hori. Orain lasaiago bizi dut hau guztia, baina orain dela hamar urte jendeak ezker eta eskuin nola aurre hartzen zidan ikusten nuen, eta ikusten nuen nola ni ez nintzen iristen haiek iristen ziren lekura. Nire bidea askoz ere progresiboagoa eta motelagoa da, baina errespetua da nire iparra.

Hezkuntza musikalaren garrantzia aldarrikatzen duzu etengabe, eta Espainiako Musika Sariaren dirua ere Arabako Koruen Federaziora bideratu duzu. Haize kontra zabiltzala dirudi.

Antton Letek hartu ninduen ni, zazpi urte nituenean, eta orduak eta orduak ematen zituen musu truk eskolaz eskola musikan ona zen jendearen bila, eta haiek laguntzen. Hari esker nago ni hemen. Lekukotza hori jaso dut. Lagundu egin behar dugu.

BERRIAn argitaratua (2017/05/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA