astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

gizartea

Eroso hartzeko moduko dirua?

Arantxa Iraola

Eroso hartzeko moduko dirua?

Bietan ikusi da argazki bera, Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan: Amancio Ortega fundazioak —jantziekin lotutako enpresa ugari dituen Inditex taldearen jabearena da— diru ekarpenak egin ditu osasun sistema publikoak hornitzeko, eta erakunde bietako agintari gorenak joan dira fundazioko ordezkariekin lankidetza hitzarmenak izenpetzera; Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu. Esker oneko hitzekin hartu dituzte, gainera, biek ekarpenak. Osakidetzak 14,7 milioi euro lortu ditu erradioterapia tratamenduetarako ekipo berriak erosteko; 5,7 Nafarroako osasun sistema publikoak. Alor pribatutik publikora egiten diren donazioetan, ordea, itzalak ere badirela ohartarazten ari dira hainbat eragile. Monica Minguezek hartu du hitza, esaterako, Gipuzkoako Medicus Mundi elkarteko ordezkari. Uste du kezkarako motiboak badirela: «Donazio pribatuak ezin dira edonola onartu. Gogoeta egin behar da gaiaz; izan ditzaketen ertzei begiratu behar zaie». Onartzen du, albistea, lehen begiratu batean, goraipatzeko erakoa dela: «Urkulluk berak esan zuen: Osakidetzak, ekarpenari esker, minbizia tratatzeko ekipoen erdiak aldatu ahalko ditu kolpe batean. Onartu zuen administrazio publikoak, berez, ezingo lukeela horrelakorik egin». Baina lehendakariaren mintzoen atzeko kontraesana biluztera egin behar dela iruditzen zaio. «Uste dugu gobernuak bermatu behar dituela osasun sistema publikoaren beharrak, kanpotik datozen donazio pribatuen zain egon gabe. Arrisku bat ikusten dugu; halakoak orokortzen badira, gobernuek bazter uztea beren ardura».

Osasun publikoaren alde diharduen Osalde elkartean ere aski kritikoak dira. Plazaratu berri dute albisteari buruzko iritzia, eta zuzendaritzako kide Jorge Barronek nabarmendu nahi izan du itzalak ilunegiak direla. «Herri honen duintasunak ez dio inori altruismoa —edo karitatea, esan beharko genuke— eskertu beharrik», ohartarazi du. Ortegaren gisako enpresariei bestelako eskeak egin behar zaizkiela uste du: «Zerga guztiak pagatzea: hori lehena. Eta dituzten langileen —herrialde txiroetakoak usu— lan eta osasun baldintzak errespetatzea. Guztion osasuna: horrexek behar du helburu».

Beste ñabardura bat ere badu egiteko: makinak erosteko eman du dirua Ortegak, teknologia berrietarako. Herritarren osasuna sustatze aldera, ordea, hori baino premia gorriagoak badirela uste du. «Ideologia neoliberala besterik ez dago horren atzean. Egun jada gure gizartean teknologia ugaritzeak ez dakar osasun aldagaiak hobetzea. Gehiago beti ez da hobeto. Gizarteko aldagaietan jarri behar da indarra; falta dena ez da teknologia. Osasunean eragina duten aldagai sozialei erreparatu behar zaie». Gogoan ditu, esaterako, botiken berrordainketa, artarik gabe utzitako etorkinak, edo Espainiako Lan Erreforma bera. Osasunean eragina dute guztiek: txarrerako. Osasun sistema publikoetan, halaber, urteotan kalitateak behera egin duela adierazi du, baina «makina berri» gehiagok ez dutela konponduko hori: «Langile gutxiago kontratatuta aurreztu nahi dute: hor dago arazoaren muina».

Gardentasun falta

Minguezen arabera, Medicus Mundin beste eragozpen bat ere ikusten dute: gardentasun falta. «Esaterako, Jaurlaritzak eta fundazioak itundu duten hitzarmenaren bila ibili gara, eta ez dugu aurkitu ez Jaurlaritzaren webean, ez Osakidetzarenean, ez Amancio Ortega fundazioarenean: inon ere ez». BERRIAk ere egin du ituna eskuratzeko ahalegina. Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Ortegaren fundazioan. Guztietan eskatu du: ez du eskuratu. Larria iruditzen zaio Minguezi: «Izan ere, ez dakigu zeren arabera erabaki den zertan inbertitu dirua. Eta donazio bat bada, ez litzateke baldintzarik ipini behar zentzu horretan». Javier Padilla medikua Silesia kolektiboko ordezkaria da, eta osasun sistemen publikotasunaren defentsan ari da. Ezkor, hura ere, albistearekin: «Eman dutena dirua dela; horixe da nik ikusten dudan onura bakarra. Finantzaketa urridun osasun sistemak ditugu, batez ere, 2009tik, eta dirua da: egia da hori. Hortik aparte? Nik ez dut argi gehiago ikusten». Halakoak taxuz egiteko hezurdurarik ez du ikusten, oro har, Espainiako estatuko legerian. «Gobernantza falta da. Oro har, Espainiako osasun sistemen arazo larrienetarikoa horixe da; prozedura ilunak gailentzen dira, estandarizatu gabeko bideak egiten dituztenak. Eta egoera horretan Amancio Ortega etorri da, eta lehentasunak zein izango diren harexek esan du: estatu osorako, gainera». Hain justu autonomia erkidego guztietan egin ditu donazioak enpresariak minbiziaren aurkako gailu berriak erosteko.

Padillaren arabera, zinetan larria da dirua zertan erabakiko den Ortegak zehaztea. «Izan ere, minbiziaren alorrerako inbertsioak bermatu ditu sona handia dakarrelako horrek; baina agian beharrik handiena ez dago horretan; tratamenduan edo diagnostikoan izan beharrean, akaso premia handiagoa dago, esaterako, prebentzioan», ohartarazi du. Itaun asko ditu. «Zergatik inbertitu horretan eta ez, adibidez, eritasun arraroentzako ikerketetan? Edo prestazio soziosaniotarioetan? Edo alzheimerra dutenen zaintzaileetan?». Hortik abisua: «Horrelakorik ongi egin ahal izateko, egun, oro har, estatuan daudenak baino gobernantza egitura sendoagoak behar dira». Eta hainbat marra gorri ipini behar dira. Zorrotz: «Dirua zertarako erabiliko den, esaterako, profesional teknikoek ebatzi behar dute, arduradun politikariekin batera, ez Amancio Ortegak edo Patricia Botinek [Santander Bankuko presidentea da; ezaguna da ere filantropo gisa]».

Zerga gutxiago pagatzen

Aurpegi «zuriketa» izaten dira usuegi halakoak, marketin merkea enpresa handientzat. Izan ere, jakina da hainbatek ahalik eta zerga gutxien pagatzera egiten dutela, dagokien ekarpena baino urriagoa egitera. Minguezek, adibidez, Berdeek Europan egindako ikerketa bat dakar gogora: «Han Inditexek egindako saiheste fiskalaren datuak eman dira. Autonomia erkidegoei denera 320 milioi euro eman dizkie. Txostenaren arabera, ordea, zergetan ia 600 milioi uzten ditu pagatu gabe. Oraindik 300 milioiko onura du». Hortik donazioen inguruko mesfidantza, kezka. «Ez da berria; Bill Gatesek eta Zuckerbergerek aspaldi egiten dute filantrokapitalismoa... Donazioak egiteko prestasuna aise erakusten dute, baina gero zergak pagatzeko orduan ahalik eta trikimailu gehien erabiltzen dituzte horiek saihesteko», ohartarazi du Padillak. Donazioei esker instituzioek zein erakunde pribatuek hedabideetan erdiesten dituzten tituluak guztien belarrientzat atsegin-emaile direla gogorarazi du: «Izan ere, bi aldeek irabazten dute; politikariek pozik hartzen dituzte halakoak, herritarrei zerbitzu berri bat eskaini ahal izango dietela argudiatuz; donazioa egin dutenentzat, berriz, aurpegi zuriketa handia dira halakoak. Ingeniaritza fiskalari aurre egiten ez bazaio, halakoek jarraitu egingo dute; gizartearen aurrean zuritzeko bide bat dira enpresa handientzat».

Hortik, Silesia kolektiboko ordezkariaren ustetan, kritikotasun falta, agintariek enpresarien aurrean erakutsitako jarrera otzana: «Uzten zaiolako egiten du Amancio Ortegak egiten duena. Administrazioak jarri beharko lituzke mugak. Aldiz, oro har, osasun agintari guztiak korrika doaz Ortegaren ondora, argazkia egitera». Oro har, kolaborazio pribatu eta publikoaren arteko onurei buruz instituzio publikoetatik gero eta onberago egiten diren balorazioen aurrean ere, erne ibiltzeko ohartarazpena agerian utzi du. «Ikerketa guztiek erakusten dute horrek, finean, ez duela hobetzen herritarren osasuna. Dirua batetik bestera joatea dakarte halakoek, besterik ez».

BERRIAn argitaratua (2017/05/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA