astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

kultura

BESTE ARGITARATZE BATERAKO OHARRAK

Amagoia Iban

BESTE ARGITARATZE BATERAKO OHARRAK

Euskal kulturaren arlo ezberdinetan euskararen zabalkundea suspertu eta, bereziki, euskal liburu argitalpenean diharduten argitaletxeen ahalegina sustatzeko xedez», euskal liburugintzarako «laguntza» bideak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak 1997ko apirilaren 17an, agindu bidez. Agindu horren arabera, Gasteizko Kultura Sailak euskarazko liburu bakoitzaren 300 ale erosiko zituen, eta, bide batez, liburutegi publikoak euskaraz argitaratutako lanez hornituko. 44 milioi pezetako (264.445 euro) diru poltsa bat bideratu zuen horretarako. Urte hartatik, euskaraz argitaratutako liburu guztiek jantzi zuten «liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du» esaldia.

Liburugintzaren arloko laguntzak, bidegurutzean. 2008ko maiatzaren 4ko egunkari honetako artikulu baten izenburua da. Bertan jasotzen zenez, Jaurlaritza euskal liburugintza sustatzeko eredu berriak aztertzen ari zen; sistema egokitu beharraz, liburugintza industria gisa tratatua izateaz mintzo ziren argitaldari profesionalak bertan. Urte hura izan zen Jaurlaritzaren liburu erosketa sistemaren azkena. «Sektoreak berak eskatu zuen laguntzak ez zitezen izan liburu kopuru baten truke, baizik eta urteko edizio planen araberako laguntzak emateko», gogoratu du Elkarreko Olatz Osak.

Eskatu eta jaso: 2009tik, Jaurlaritzaren euskarazko liburuentzako diru laguntzen banaketa argitaldarien edizio planetan oinarritzen da; balorazio batzorde batek aztertzen du edizio planon kalitatea. «Gaurko sistema hobea da aurrekoa baino, kalitateari leku gehiago egiten diolako, bi aldetatik: liburuaren edukiari begiratuta, eta liburu hori irakurlearen eskuetara nola iritsiko den begiratuta». Erein argitaletxeko administrazio kontseiluko eta Euskal Editoreen Elkarteko presidente Jexuxmari Mujikarenak dira hitzok.

Igelako Xabier Olarraren ustez, berez, sistema ez da lehengoa baino askoz hobeagoa, ez askoz okerragoa. «Lehen zegoena pixka bat antolatzea, hori egin du. Alde batetik, askoz gehiago planifikatzera behartzen zaitu; eta, bestetik, kontrol sistemak ere ezartzen ditu». Horrek badu beste ertz bat ere, baina, Olarraren aburuz: «Kalitatea bermatzeko sortutako balorazio batzordearen diskrezionalitatea. Balorazioetan, administrazioari aukera ematen dio esateko hau ona, hori txarra, honi gehiago eta besteari gutxiago. Baina ez dut uste sistema hau aurrekoa baino okerragoa denik».

Editoreen elkarteko presidente Mujikaren esanetan, egia da egungo sistemak administrazioari indar gehiago ematen diola, baina ez du kudeaketa bakarrik ondu: «Balorazio batzordean irizpideak ezartzen dira, kalitatea neurtzerakoan subjektibotasuna nagusitu ez dadin». Elkarreko Osaren iritzirako, berriz, sanoa litzateke balorazio batzordearen osaketa tarteka aldatzea. «Gero, argitaletxe bezala, nik nahi nituzke jakin, eman didaten puntuazioaz gain, puntuazio horren arrazoiak ere».

Egungo laguntza ereduaren ahulgune nagusiak, baina, beste batzuk dira sektoreko profesionalen esanetan. Ezartzen dituen epeena da bat. «Gero eta zailagoa da urteko argitalpen plan ekonomiko zehatza aurkeztea —zein titulu, zein idazle, zenbat orrialdeko liburua, liburu bakoitzaren aurrekontua, kontratu sinatu bat—, Jaurlaritzak urtetik urtera aurreratu egiten baitu epea», dio Susako Gorka Arresek. Aurten, martxoaren azken astean bukatu da laguntza eskatu ahal izateko epea. «Editorialek martxorako zehatz argitua izaten dute udaberriko lan egitaraua, baina udazkenekoa doitzea zientzia fikzio ariketa bat egitea izaten da», erantsi du. Susakoarekin bat etorri da Elkarreko Olatz Osa: «Ezinezkoa da urte osoa martxoan definitzea, eta ez da txikikeria bat. Liburu batentzako laguntza galtzea liburua ez ateratzeko arrazoia izan daiteke».

Tokia eta beste galtzeaz

Beste ahulgune nabarmen bat, editore gehienen arabera: sistema aldaketarekin, asko bihurritu da euskarazko lanen liburutegietako apaletarainoko bidea. «Lehengo erosketa sistemarekin, euskal liburu guztiak liburutegi publiko guztietara heltzen ziren. Orain, liburutegiko arduradunen esku dago hori», Pamielako Pello Elzabururen esanetan. Erantsi duenez, liburutegietan lehen gaztelaniazko liburuentzako zeukaten dirua orain euskarazko zein erdarazko liburuak erosteko daukate, ez delako partida berezirik sortu euskarazkoak erosteko. «Euskarazko liburuak tokia galdu du liburutegietako apaletan, eta liburutegiek kultur eragile aktibo izan behar dute», Jexuxmari Mujikaren arabera.

2008an egin zuen Gasteizek liburutegi publikoetako funtsak hornitzeko lehendabiziko deialdia. Laguntza hori euskarazko argitalpenetarako laguntzen «osagarri» gisa ulertzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek. «Egungo sistemak, nire ustez, sektoreari aukera ematen dio aurrera egiteko. Horren gainean hobekuntzak ezartzean datza gakoa». Hobekuntzak, liburugintzan jarraitzeko baliabideak izateko, liburuari beste bultzada bat emateko, eta bere ustez gertatzen ari den ekoizpen «gehiegizkoa» saihesteko. «Azken hori da nire kezka nagusia egun: sistema honekin zein neurritaraino ez gara ari gehiegizko ekoizpena sustatzen?».

Gorka Arresek beste kezka bat nabarmendu du: «Pixkanaka, editorialei eta administrazioari ahazten ari zaie liburuak idazleek asmatzen dituztela, idazleak direla literaturaren sortzaileak, idazleen zerbitzuko lantegia dela editoreena. Astiro-astiro, enpresa editorialek beren zerbitzuko nahi dute idazlea». Literatur liburuentzako diru laguntzak editorialentzat bideratuta daude gaur egun «oso-osorik», Susakoaren aburuz. «Idazlea hirugarren mailakotzat hartzen da laguntza bide honetan. Eta horrexek ekarri du, bide batez, autore-editorea abandonatuta uztea».

Txalapartako Mikel Sotoren iritziz ere, egile eta sortzaileentzat dauden laguntzen egoera argitaletxeena baino «kritikoagoa» da egun. Baita irakurzaletasuna sustatzeko-eta dauden laguntzena ere. «Guretzat funtsezkoak dira, eta ez dakit behar beste zaintzen diren». Jexuxmari Mujikak irakurzaletasuna bultzatu beharra azpimarratu du: «Egun, erraz asko aurki daitezke irakurle amorratuak diren euskaldunak, euskarazko liburu bakarra ere irakurtzen ez dutenak».

Muñoz sailburuordearen esanetan, inork ez dauka formula magikorik: «Kulturak gero eta garrantzi ekonomiko handiagoa dauka, baina amu bezala. Berehala iraungitzen den kontsumogai bihurtu da. Eta literatura irakurketa tokia galtzen ari da. Oso egoera zaila dago. Idazleek euskal kulturaren ardatz sinboliko izateari utzi diote». Egoera hori iraultzeko lanari ekin egin behar zaio, horretan bat datoz denak. Orain arteko diru kopuru bertsuarekin ekin ere, Muñozen arabera, Eusko Jaurlaritzaren kulturarako aurrekontuak «nekez» igoko omen dira-eta datozen urteetan. «Diruaren parte bat liburuari beste bultzada bat ematera bideratu behar genuke akaso. Sektorearekin hitz egin beharreko kontua da, nolanahi ere».

BERRIAn argitaratua (2017/05/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA