astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

iritzia

Ostia bat, mese

Miren Amuriza

Ostia bat, mese Miren Amuriza

Argazki denda bati begira geratu ginen lehengoan lagun bat eta biok. Jaunartzeetako erretratuz beterik zegoen eskaparatea, aspaldion ohikotzen ari diren haurren irudi hipersexualizatuen antipoda zerutiarra: marinelez jantzitako mutiko engominatu bat eskuak gurutzatuta, zurizko neskatila bat lurrean petaloz inguratuta... Lotsaz kontatu zidan lagunak, baietz, bera ere behinola halaxe jantzita irten zela kalera, jendaurrera, Ama Birjinaren medailatxo eta guzti. Ba ni ez, erantzun nion, eta ez gura izan ez nuelako e? Nik «nobiaz janzteko» egin nahi izan nuen jaunartzea, eta ukatu zidatenean, jesukristoren kasketaldia harrapatu nuen; «baina ze abade klase izan zinen zu?» eta abar. Horrela amaitu nuen gero, dutxatik irteten nintzen aldiro, toalla buruan ipinita ispiluaren aurrean aitaren egiten; goikoa mirariren bat egin zezan ebokatzeko eta, bide batez, behekoa apur bat izorratzeko. Baina, neure inuzentean, hain oker ere ez nenbilen nonbait, sumatzen bainuen ordurako nobiaz janzte hura zer izan zitekeen: ondo-ondo orraztea, zeremonia denetara bikoteka (neska-mutil) joatea, ostia bat jan, barka, dastatu, eta ondoren irribarre egitea. Gogoan daukat, gelakoek jaunartzea egin bezperatan, txatal bat ekartzeko eskatu niola lagun bati; «probatzeko, mese...». Ezin da, esan zidan, bakoitzak bere ostiak hartu behar ditu. Egundo arrazoi borobilagorik ez didate eman.

BERRIAn argitaratua (2017/05/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA