astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

gizartea

Muga: ageri-agerian

Arantxa Iraola

Muga: ageri-agerian

«Han gertatu den guztia gertatuta, espero nuen». Han esanda, Paris esan nahi zuen atzo goizean, 09:52an, Hendaiako (Lapurdi) Euskotreneko geltokira iritsi zen treneko erabiltzaileetako batek, Jose Catalanek. «Urtean behin egiten dut bide hau, ez naiz oso sarri etortzen, baina espero nuen Polizia egotea». Hain justu, Catalanek eta trenean heldu ziren gainerako bidaiariek Poliziaren aurretik pasatu behar izan zuten geltokitik ateratzean, eta hainbati nortasun agiria eskatu zieten. Geltokian, txartelak saltzeko leihatilan, Guillermo Val, tren zerbitzuko langilea: «Sumatu da, polizia gehiago dabil egun hauetan». Ondoan dago SNCF Frantziako tren konpainiako geltokia ere, eta han ere atean poliziak: lau. Lehengo astetik iragarria zuen Frantziako Gobernuak, Parisen klima aldaketaren gaineko goi bilera izango dela eta, mugako kontrolak zorrozteko asmoa, eta ostiralean Parisen izaniko erasoek horretan are zorrotzago aritzea ekarri dute. Ondorioz, ohi baino agerikoagoa da egunotan muga Lapurdi eta Nafarroa Behererako bidean, eta alderantziz ere bai; Poliziaren kontrolak nabarmen ugaldu dira.

Errepideetan nabarmena da hori. Asteartean, A-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuaren inguruan, auto pilaketa handiak izan ziren —hamabost kilometro luze zenbait unetan—, eta atzo nekez egin zitekeen Lapurdirako bidea kontrolik pasatu gabe. Irundik Hendaiara Santiagoko zubitik pasatuta, bi aldeetan kontrolak zeuden atzo goizean; Hendaiara Pausutik sartuta ere bai. Hantxe, Behobiako pasabidean, alkohola eta tabakoa saldoka saltzen dituzten denden artean, Paty's kafetegia. Bertan, barraren atzean lanean, Susana Garcia, egunotako aldaketaren lekuko. «Kontrolak etenik gabeak direla kontatzen digute hona datozenek; auto gidariak ez ezik, oinezkoak ere geratzen dituzte agiriak eskatzeko». Zirkulazio handia sortzen da Behobiako biribilgunean —Nafarroako bidea ere hartzen dute auto askok han—, eta kontrolek auto pilaketak sortu dituztela esan du.

Biriatuko talaiatik

A-63 autobidera sartzeko ordainlekuaren izenagatik da, hein batean, ezagun Biriatu. Herria ere bada, ordea; pilotalekua, herriko etxea, eliza, eraikin zuri politak. Lapurdiko posta txartela lirudike. Talaia aparta dute zenbait auzok, pentze berdeen artetik, autobidea ikusteko. Anne Curek, adibidez: «Autobidea etxetik ikusten dugu; nabarmena da, sarri daude auto ilarak». Polizien presentzia ia etenik gabeari ere erreparatu dio Biriatuko ikastolako irakasleak, Irantzu Etxebestek. Berakoa da (Nafarroa), eta ia egunero egin behar izaten du Biriaturainoko bidea. «Egunero daude orain kontrolak, bi norabideetan; kamioiak eta furgonetak gerarazten dituzte bereziki».

Biriatuko ordainlekuan Poliziaren presentzia nabarmena zen atzo, baina ez zen aparteko auto pilaketarik izan. Datozen egunetan berriro ere kontrol neurriek zorrotz segituko dutela dirudi, eta Pirinio-Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi du, esaterako, abenduaren 12a bitartean itxi egingo dutela A-63ko lehendabiziko irteera Lapurdira bidean.

BERRIAn argitaratua (2015/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA