astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

politika

GEZURRARI BUELTA EMANEZ

Joxerra Senar

GEZURRARI BUELTA EMANEZ

Hiru ohe huts, 11 gazteren etorkizuna kolokan eta herri oso bat duintasunean kolpatua. Gaur, sei hilabete bete dira Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak polizia operazioa agindu zuenetik, baina ondorio zehatz horiek bizi-bizirik jarraitzen dute Altsasun. Uneotan Auzitegi Gorenaren eskuetan dago erabakitzea taberna giroko liskarra terrorismoa den edo ez eta Madrilen edo Iruñean epaitu behar ote den. Ebazpenak jurisprudentzia ezar dezakeen heinean, Altsasutik harago doaz ondorioak, eta, horregatik, herrian hilabeteotan auzipetuen alde egin den defentsaren onurak ere zabalagoak dira.

BERRIAk Altsasura jo du, eta herri mugimenduko lagunekin hitz egin du hilabeteotako bizipenak eta egindako lana gertutik ezagutu nahirik. Euretako bat da Jokin Goikoetxea, eta hark, adibidez, oso argi du egin den guztiaren garrantzia: «Auzia erabili nahi izan dute beste eraso batzuk irekitzeko, eta, horregatik, kasu hau irabazteak ekarpen handia egin dezake hemendik aurrera hau bultzatu dutenei frenoa emateko edo ate batzuk ixteko».

Beldurra eta mina gainetik astindu behar izan du herriak horretarako. Urriaren 15eko asteburuan feriak ziren Altsasun, baina ospakizuna ordu gutxiren buruan belztu zen, goizaldean taberna batean izandako liskar batek lurrikara mediatiko baten epizentroan jarri baitzuen herria. Taberna giroko liskar bat bi guardia zibilen aurkako «segada» bezala aurkeztu zuten Espainiako komunikabideek, eta sare sozialek mezua haizatu zuten. Jokin Goikoetxearen arabera, «bi zatitan banatutako gerra herri bezala» aurkeztu zuten Altsasu. «Goiz hartan ikusi zen bazetorrela ikaragarrizko amarrua eta probestuko zutela kalte egiteko eta herri osoari faktura pasatzeko».

Unai Oterminen arabera, gazteen artean egonezin handia sortu zen berehala. «Esaten zen sarekada bat egongo zela eta Ospa mugimenduari erasoko ziotela. Ehunka lagunek parte hartu dute bertan, beti publikoa eta legezkoa izan da, eta, horregatik, argazki pila bat ditu Guardia Zibilak. Beldur handia zegoen». Gainera, Oterminek ondo gogoan du biharamunean Guardia Zibilaren hogei patrol eta bi furgoneta herrian sartu zirela, eta kale oso bat itxi zutela, bertan zirenak grabatu eta miatzeko: «Festa egun batean, jendea edanda dagoela, horrelako erakustaldiarekin zerbait bilatu zuten, baina ez zuten aurkitu. Jendeak burua izan zuen».

Herri osoa «harrituta eta inpaktatua» geratu zen, Aritz Leozen arabera: «Shock antzeko bat sortu zen». Egunek aurrera egin ahala lurrikararen tamaina ez zen txikitu, alderantziz baizik, eta kezka areagotu zen. «Bat-batean, mass media-ko programa guztietan guri buruz hizketan ari ziren, egunero genituen kamerak herrian ezkutuko grabaketak eginez. Egunero. Bazegoen sekulako interesa oihartzun mediatiko, juridiko eta politikoa emateko», gogoan du Eneko Mendiluzek.

Egoera kezkagarria zen. Zerbait handia zetorren, baina, gainera, Altsasuren irudiari eta elkarbizitzari kalte egin ziezaiokeen hark guztiak. Alta, erauntsiaren tamaina hain zen handia, erantzuna ere halakoa izan zen. Hala oroitzen du Juanjo Goikoetxeak: «Jende guztiak ikusi zuen planteatzen ari ziren elementuak ez zetozela bat errealitatearekin eta herri oso bat kriminalizatzen ari zirela».

Etxean, tabernan eta leku guztietan antzeko solasaldiak entzuten ziren. «Egia esango dizut. Jendeak ez zuen hitz egiten hasieran. 'Zer ari dira guri buruz esaten, baina zertan ari dira?'. Herrian gaindituta geunden», azaldu du Mendiluzek. «Amorru hura eraldatu beharra zegoen», gaineratu Leozek. Hala, eraso mediatiko hari erantzun bat emateko asmoz, lehen taldea eratu zen. Bertan ziren Leoz eta Mendiluze, eta berehala jabetu ziren euren asmoak motz geratzen zirela. «Hasi ginen jende ezberdina ukitzen, eta ohartu ginen uste genuen baino minduago zegoela. Lehen bilera egin genuen nola zeuden jakiteko, eta aurrea hartu ziguten. 'Antolatu beharrean gaude, eta antolatu beharrean gaude', hori izan zen erantzuna».

Ordurako, Auzitegi Nazionalaren eskuetan zegoen auzia, eta mehatxua gertuago zegoen. Horrek, aldi berean, pauso bat aurrera ematera eraman zituen adin eta ideologia desberdineko altsasuarrak. Adibidez, Idoia Goikoetxea. Polizia operazioa gertatu baino egun batzuk lehenago komunikabide batean herriko gazteen izenak agertu izanak asaldatu zuen: «Barruak astindu zizkidan. Zergatik? Gure bizitza bizi dugu, eta, bat-batean, guztia irauli zuen. Atzerakada handia zen». Batzarretara joaten hasi zen.

Ez zen bakarra. Azaro hasierako egun haietan 200 lagun inguru elkartu ohi ziren egunero, baina hain kopuru handia izateak ezinezko egiten zuen eraginkor jokatzea. Batetik, aztertu zuten zer talde behar ziren, eta jendeari nahi zuenean izena emateko eskatu zioten. «Bestetik, ideien ekaitz antzeko bat egin zen. Jende pila batek parte hartu zuen, eta atera ziren hainbat ideia herria aktibatzeko eta azpijokoaren tamaina salatzeko. Hortik, hamaika egitasmo jaso ziren, egutegia landu zen, baita hura aurrera eramateko taldeak atera ere», azaldu du Juanjo Goikoetxeak.

Orduan etorri zen Lamelak agindutako operazioa: zortzi gazte atxilotu, eta horietatik zazpi espetxeratu zituen. Terrorismoa egotzita, hamar urtetik gorako espetxe zigorraren mehatxua jarri zien buruz gain. «Gazteen aukeraketa menturazkoa izan zen, eta, horregatik, beldurra sumatu zen herrian », dio Leozek.

Gazteekiko elkartasunak eta edonori egokitu ziezaiokeen sentipenak azkartu egin zuen dena. «Zurrunbilo handi batean sartu zen dena. Hankaz gora jarri zen. Behar handiagoa zegoen». Halaxe gogoratzen du Oier Zelaiak. Hunkituta zegoen hasieratik, baina, herritik kanpo zegoenez, ez zuen urratsik egin. Dena den, mobilizatzera bultzatu zuen polizia operazioak.

Zerbait egin beharra zegoen. Herri osoak bat egin zuen minarekin, baina aldarrikapen baten inguruan elkartzeko beharra nagusitu zen. «Adostasuna landu dugu denok, eta hori da niretzat prozesu honetako gauzarik hoberena. Ez da sortu bat-batean. Minaren atzetik sortu zen, baina landu egin dugu guztion artean», azpimarratu du Idoia Goikoetxeak.

Adostasunaren bila

Ikuspegi desberdinak izan zitezkeen gertakariez edo haren interpretazio politikoez, baina guztiaren gainetik ideia komun batzuk azaleratu ziren. «Niretzat lehen minututik gaurdaino ia-ia guztiok argi genuen hura istilu bat zela. Idatzi batean laburbildu nuen: Arrazoia dugu. Horrek berak ematen digu indarra», azaldu du Idoia Goikoetxeak.«Gutxieneko batzuk badaude. Guztiok dugu argi ez dela terrorismoa, eta horrek batzen gaitu», gaineratu du Leozek. «Badago beste helburu bat. Denok nahi ditugu gure gazte guztiak Altsasun libre. Horri lotuta, argi geratu behar da gezurrean oinarritutako azpijokoa izan dela eta herria kriminalizatu dutela. Altsasu ez da horrelakoa», dio Juanjo Goikoetxeak.

Operazioarekin batera, gazteen familiek protagonismoa hartu zuten ezinbestean, euren zoritxarrerako. Herri batzarrak berehala talde bat eratu zuen senideekin elkarlanean aritzeko, babesa adierazteko eta euren beharrak betetzeko. «Hasieratik ikusi genuen bi rol ezberdin zeudela eta bakoitzak bere esparrua bete behar zuela. Bi bide ezberdin dira, eta herri batzarrak berea du, baina ildo beretik joanda», azaldu du Zelaiak. Agerikoa ez den herritarren laguntza eta hauspo hori eskertu dute gerora familiek.

Herrian oso argi zuten erantzun irmo eta bateratu bat eman beharra zegoela. Altsasu ideologia desberdineko herria izanik, operazioak zatiketa eragiteko arriskua zegoen: «Zatiketa nahi zuten; hori zen helburuetako bat, nagusia ez bazen», uste du Leozek. Horretarako, posizioa malgutu behar izan zuten batasunera heltzeko. «Udaletxean ere ari ziren horrelako zerbait pentsatzen, eta iritsi ginen akordiora modu bateratuan deitzeko», kontatu du Mendiluzek.

Udalean, UPNko hautetsiak izan ezik, gainerako guztiek ikusi zuten behar hori; baita PSNko biek ere, nahiz eta alderdia aurka izan. «Ikusita alderditik zer etorri zaien, orain arte erakutsi duten jarrera oso zentzuduna eta bidezkoa izan da, nire ustez», dio Mendiluzek, eta UPNkoarekin alderatu du, hura ez baita herrian bizi. Juanjo Goikoetxearen irudiko, azkenean, herriaren mina gertutik bizitzeak jarrera politikoak baldintzatu ditu: «Zinegotziak errealitate baten parte dira, eta bazekiten saldu nahi zutena ez zela egia». Haren ustez, hori da gakoa: «Herritarren batasunak egoerari buelta eman dio».

Manifestazio historikoa

Zatiketa baten mamua erabat uxatu zen. Irmo, erantzun bateratua eman zuen Altsasuk azaroaren 26an. «Zalantzarik gabe, historikoa izan zen», Mendiluzeren ustez: «Inoiz ikusi den manifestazio handiena izan da, diferentzia handiarekin. Batuena ere izan da, bai alderdi politikoen aldetik bai herriaren aldetik ere». Leozen ikuspuntutik, berriz, aurretik egindako lanketa handi horren «irudikapena eta emaitza» izan zen.

Oterminek bere ñabardura ezarri du, eta alkateari kritikatu dio auzia ez dela mugatu behar herriaren irudiaren inguruko kalte batera. Haren irudiko, Espainiako segurtasun indarrak ateratzeko aldarrikapena kriminalizatu nahi izan dute. «Euskadiko Ezkerrak lehen oihukatzen zuena orain terrorismo bihurtuko da. Nik hor ikusten dut gakoa. Hemen azpijoko bat egon da; pertsona zehatz batzuek sufritu dute. Herria herritarrik gabe ez da ezer».

Manifestazioak argazki indartsu bat utzi bazuen ere, gerora argazki gehiago etorri ziren. Akaso ez hain ikusgarriak, baina elkarren segidan jarrita azaroaren 26ko hura baino indartsuagoak izan daitezke. Mobilizazioak, manifestazioak, espetxerako martxak, kultur ekitaldiak, kontzertuak, eltzeekin eginiko protesta zaratatsuak, hitzaldiak, sare sozialetako dinamikak... Oterminen arabera, Euskal Herrian 60 hitzaldi inguru egin dituzte gertaeren bertsio erreala emateko. «Euskal Herrian guztiz lortu da. Kanpoan? Nahi genuen baino gutxiago, baina uste genuen baino gehiago».

Herri batzarrak argi zuen hasieratik bide luzea zuela aurrean. Ibilbide malkartsu horri aurre egiteko, aldarriaren sua bizirik mantentzeko, ekitaldi ugariz osatutako egutegia osatu zuten: «Argi dugu guztiok herrian ez dela hilabete bateko gauza izango. Izan daiteke urte batekoa edo bikoa. Jendea indarrarekin dago, eta azken egunera arte erantzungo diogu», esan du Leozek.

Bide horretan denetariko uneak izan dituzte. Adibidez, abenduaren 20an, herrian espetxeratutakoen etxeak lotzen zituen giza katea osatu zutelarik jakin zuten lau gazte libre utzi zituztela. Pozgarria izanagatik, Zelaiaren arabera «kolpe gogorra izan zen» aldi berean, beste hiru gaztek preso jarraitzen dutelako. Martxoan, berriz, ustekabean, Nafarroako lurralde auzitegiak ondorioztatu zuen auziak ez duela loturarik terrorismoarekin, eta ordura arte egindako bideari zentzu berria eman zion: «Hasiera batean, inor ez zen ausartzen Altsasuren eta auzipetuen alde ezer esaten. Buelta eman behar izan zaio horri, eta hori da eraginetako bat», dio Zelaiak. «Bestela nola ulertu?», gaineratu du Leozek.

Behetik gorako politika

Asko geratzen da oraindik, baina bidean guztiek deskubritu dute zerbait. Oterminek uste du honek guztiak arrasto handia utziko duela: «Hemendik 30, 50 urte barru herriak bereizi egingo ditu 2016ko urriaren 14 aurreko eta ondorengo garaiak». Idoia Goikoetxearen arabera, «izugarria izan da bakoitzak nola utzi duen alde bat bere baitan adostasuna bilatzeko eta bide bat hartzeko. Ari gara egiten politika zentzu zabal eta sakonean. Herri moduan landu dugu benetako politika, behetik gorakoa, ez goitik beherakoa. Hori da inportantea». Leozek nabari du herriak «transformazio interesgarria» izan duela: «Jendeak gehiago daki, batuago sentitzen da. Herri sentimenduak gora egin du, modu familiarrago batean elkartzen da. Eragina izan du, baina nahi zutenaren kontrakoa. Herri jantziago bat lortu dute, inplikatuago bat».

Alde on horren guztiaren itzala da oraindik ere hiru gaztek preso jarraitzen dutela eta Auzitegi Nazionalaren mehatxuak bere horretan segitzen duela auzipetuentzat. Arriskua bizirik dago, eta, aurrekaria ezar dezakeenez, horretan dago erantzunaren garrantzia. Erantzunaren onurak Altsasuko mugak gaindi ditzake. Bideoa: Altsasuko herriaren erantzuna (Lara Madinabeitia / BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2017/05/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA