astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

gizartea

MIQUEL STRUBELL

«Egingarriagoa da hizkuntza ohiturak taldean aldatzea»

Garikoitz Goikoetxea

«Egingarriagoa da hizkuntza ohiturak taldean aldatzea»

Udaltop jardunaldiak egin dituzte aurreko bi egunetan. Hizkuntza ohiturak eta aktibazioa izan dituzte aztergai, eta, besteak beste, lan ildo bat proposatu dute Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak; ekarpenak jasotzen hasi dira. Irekiera hitzaldia Miquel Strubell soziolinguistak egin zuen (Oxford, Ingalaterra, 1949).

Hizkuntza ohituren aldaketa lan ildo bihurtu da euskalgintzan. Aldaketa hori kontzientea da, edo ia automatikoa izan daiteke?

Aurretiaz badago eskakizun bat: ohiturak aldatu ahal izatea, gaitasun sendoa izatea hizkuntza batean baino gehiagotan. Agian, orain 30 urte jende asko zegoen euskaraz gaitasun sendoa ez zeukana, baina orain, bai, batez ere gazteen artean. Egingarri da gaiaz hitz egitea. Aldaketa beti da kontzientea. Zerk eramaten du ohitura kontzientziara? Norbere borondateak —motibatuta daudenen kasuan— edo ingurua aldatu izanak. Hizkuntza ohituretan, gehienetan borondatearen araberakoa da, ingurua aldekoa denean.

Norberarena bada aldaketa, kanpotik nola eragin daiteke?

Adibidez, Letonian edo Estonian —non hizkuntza dominatzaileak hala izateari utzi zion ofizialki—, halako botere aldaketetan, egingarriagoa da ohiturak aldatzea. Kanpoko babesa dago. Baina komunitate minorizatu askok, Euskal Herriak bezala, ez daukate subiranotasun hori —oraindik—, eta, beraz, guztia borondatezkoa da. Erakundeek zer egin? Espazioak sortzea erraztu, borondatea dutenek ohitura berriak beregana ditzaten. Espazio horiek hizkuntza zerbitzuen bidez sortuko lirateke, elkarteetatik, eta laguntza behar dute arrakasta bermatzeko.

Zein esparrutan da errazagoa ohiturak aldatzea? Urteak elkarrekin daramatzan bikote batean, esaterako, zailagoa dirudi...

1980an, Generalitateko nire zuzendariak kasu bat kontatu zidan. Hegazkinean senar-emazte batzuekin topo egin zuen: bazekiten katalanez, baina gaztelaniaz ezagutu zuten elkar, eta hori zuten ohiko hizkuntza. Zuzendariarekin aritu ziren, katalanez soilik, eta esan zioten: «Zer egin behar dugu bion artean ohitura aldatzeko?». Erantzun zien: «Ez zarete, ba, biok oraintxe katalanez ari? Imajinatu zuekin segitzen dudala, eta ea lortzen duzuen». Hilabete batzuen buruan topo egin zuten, eta pozarren zeuden. Trukotxo horrekin lortu zuten. Milaka era daude, anekdotikoak ere bai. Baina ohar batekin: familia bereko hizkuntzak direnean errazagoa da, eta inkontzienteagoa.

Ohiturak aldatzeko ahaleginak izan behar du kutsu kolektiboa ere? Martxan jarri dituzten egitasmoetan badute talde kutsua.

Ezinbestekoa da. Arau sozialak urratzen ari gara, herritar arduratsu batengandik espero dena urratzen: euskara erabiltzen da leku batzuetan non espero den gaztelaniaz edo frantsesez egitea. Bakarrik egitea dramatikoa izan daiteke. Ia suizida. Taldean eginda, jakinaren gainean dauden lekuetan, beste arau sozial bat martxan jartzeko adostasuna dagoenean, askoz ere egingarriagoa da orduan.

Eskolaren rola aipatu duzu. Ohituretan, zertan eragin dezake?

Askotan. Hasteko, adibidez, irakasleen erabileran: badaude irakasleak beren artean ez dutenak eskolako hizkuntza erabiltzen, ezta ikasleen aurrean ere. Horrek hierarkia bat sortzen du, hizkuntzen garrantziaren hierarkia bat. Eskolaren arrakastaren aurkakoa da. Eskola funtsezkoa da hasieran esan dudanagatik: ezin dituzu ohiturak aldatu bigarren hizkuntzan gaitasun ona ez baduzu. Irakastea da eskolaren funtzio nagusia. Eta, gainera, jarraibideak irakats baditzake euskararen erabilera ohikoa izateko, hobeto. Baina konplikatuagoa da. Eskolaz kanpoko ekintzak sortuta, bideragarriagoa.

Ez zaio eskolari asko eskatzen?

Eskola gabe ez ginen hemen egongo. Ezinbestekoa da. Eskolak soilik ez du gizartea aldatuko, noski; handik kanpo ere lan asko dago, bestela eskola burbuila baten eran geratuko baita. Gizarte osoak aldatu behar du. Baina, aldi berean, badira elementu batzuk ez direnak eskolan egoki landu —Kataluniaz ari naiz—: gehiago ere egin dezakete ikasleek beregana dezaten hizkuntza erabiltzeko ohitura.

Talde zabala da euskara ulertu bai baina hitz egiteko gaitasunik ez dutenena. Elkarrizketa elebidunen gaia mahai gainean dago. Landu beharrekoa da? Katalunian baduzue esperientzia...

Ez nahi adina. Lehenbiziko ohitura da ezezagunek katalanez egitea; ondo erantzunez gero, katalanez segituko dut. Baina bada beste arau bat: norbaitek espainolez egiten badit, horretara egokitzen naiz. Asko kostatzen da hori aldatzea. Lehen ohitura hori izugarri handitu da: katalan hiztun gehienak katalanez hasten dira hizketan; ez akaso Espainiako Poliziaren egoitzan edo auzitegian, baina egunerokoan, bai, asko aurreratu dugu. Baina elkarrizketa elebidunak... Bai, entzuten dira autobusean-eta, baina izan litezkeenak baino askoz gutxiago.

Aktibazioa indar hartzen ari da Euskal Herrian. Katalunian zertan da? Hizkuntzarekiko arreta galtzen ari ote den esan duzu...

Diskurtso publikoan, lehentasunen artean behera egin du, independentziaren gaia dela eta. Bazterrean geratu da prozesua amaitu arte —espero dezagun ondo bukatzea—. Eztabaida dago errepublika berrian espainolak izan beharreko estatusaz. Akats batetik dator eztabaida: uste izatea espainola ofiziala dela Katalunian gaztelania hiztun asko bizi direlako. Eta ez dauka zerikusirik: gaztelania ofiziala da [Espainiako] konstituzioak ezartzen duelako. Berez, herritar askoren pribilegio horrek, beren hizkuntza ofiziala izateak, ez luke aurrez ezarri behar hizkuntzen konfigurazioa errepublikaren barruan. Orain, gehiengoak konstituzio baten alde bozkatu behar badu, soluzioak bilatu beharko dira ez daitezen izan edo senti bigarren mailako herritar. Mendeetan katalan hiztunok pairatu dugun gisara, alegia.

BERRIAn argitaratua (2017/05/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA