astekaria 2017/05/19
arrowItzuli

politika

Batean kale, bestean bale

Edurne Begiristain

Batean kale, bestean bale

Joan de astean kupoaren eta Espainiako aurrekontuen inguruko akordioa lortu, eta herenegun Madrilek Jaurlaritzaren polizia gehiegikerien biktimen legearen aurkako helegitea jarri. Batean kale, bestean bale. Horrelakoa izan da beti EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana. Ezin da ukatu EAJk zukua atera izan diela beti Madrilen dituen diputatuei. Espainiako Gobernuen ahuleziek eta Espainiako Kongresuko aritmetikek eragiteko gaitasun handia eman diete jeltzaleei, eta unean uneko gobernuen makulu bilakatu izan dira.

Harreman horien ondorioz, pisu handiko akordioak lortu izan dituzte jeltzaleek, dela inbertsioetan, nola autogobernuarekin lotutako gaietan. Alabaina, urteekin ikusi da konpromiso asko bidean geratu direla, eta, akordioak lortuta ere, Madrilek autogobernuaren ahalmena murrizten jarraitu duela —azkeneko bost urteetan, EAEko hamahiru lege eta dekreturi jarri die helegitea—.

Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak eta Rajoyren gobernuak kupoaren inguruko akordioa lortu zuten, eta hitzarmenak goiburu askorako eman du. Ia denak positiboak. «Oso akordio ona da, hamabost urterako bake fiskalak egonkortasuna, inbertsioa, hazkundea eta enplegua ekarriko dituelako», adierazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak biharamunean. Iraganera begiratuz gero, baina, antzeko adierazpen ugari egon da. Adibiderik esanguratsuena, duela hamar urte: 2007. urteko uztailaren 30ean. Orduan sinatu zuten kupoari buruzko azken akordioa, eta orduko Ogasun ministro Pedro Solbesek «egonkortasuna eta lasaitasuna» agindu zituen. Hamar hilabete geroago, kupoa likidatu ezinik zeuden bi admnistrazioak.

Jeltzaleen eta Madrilen arteko harremanak gorabeheratsuak izan dira 1990eko hamarkadatik. Lortu dituzte akordio garrantzitsuak, baina unean uneko behar politikoen arabera mamitutako irtenbideak nagusitu dira eta, denborarekin, horietako askok bete gabe jarraitzen dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek 1979an erreferendumean onartu zuten Gernikako Estatutua, esaterako, bete gabe dago oraindik, nahiz eta sarritan hitzartu dituzten bi gobernuek itun hori garatzea eta eskumenak eskuz aldatzea.

Eskumenak, apurka-apurka

Bi administrazioek lehen akordioa egin zutenean, 1985ean jaso zituen Jaurlaritzak urte batean inoiz jaso duen transferentzia gehien: 27, hain zuzen. 1987an, zazpi eskuratu zituen, eta, 1993 eta 2000. urteen artean, 25. Azken epe horretan baino ez zuen EAJk Espainiako presidente bat babestu inbestiduran: 1993an, PSOEko Felipe Gonzalez, eta 1996an, PPko Jose Maria Aznar.

1996an Aznarrek Gonzalezen lekua hartu zuenean, Espainiako Gobernuaren eta EAJren arteko harremanak maizagoak izan ziren. Bi urte eta erdian, zazpi aldiz batzartu ziren Xabier Arzalluz eta Aznar, jendaurrean jakinarazi ez zituzten bilerez gain. Harremanek, oro har, emaitza onak izan zituzten. Horietako nagusia: legealdirako akordioa lortzea. EAJk Aznarren gobernua sostengatu zuen, kupoari eta transferentziei buruzko konpromiso batzuen truke. 2000tik 2008ra, berriz, Espainiak ez zuen eskumenik eman.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu zela lortu zituzten bi aldeek transferentzien inguruko akordio berriak: 2008an, lehenbizi, eta 2010ean, jasotzeko 32 eskumen falta zirela, urtebetean hogei eskualdatzeko akordioa lortu zuten.

Zapaterorekin duela zazpi urte lortutako akordioak oihartzun handia lortu zuen. Jeltzaleek Espainiako aurrekontuak babestearen truke lortu zuten hogei eskuduntzen transferentzia egitea, baina EAJk zabaldu zuen mezua izan zen Gernikako Estatutua osorik betetzeko konpromisoa hartzen zuela PSOEk. Alegia, bai epe zehatzik ez zuten eskumenak eta bai zerrendatu gabe geratzen zirenak gauzatuko zirela, eta horien artean ere zeudela espetxeei zegokiena, baita Gizarte Segurantzari zegokiona ere. «EAJk Espainiako Gobernuaren konpromisoa lortu du Gernikako Estatutua garatzeko». Horrela iragarri zuen EAJk Madrildik ekarritakoa.

Eskumen asko iritsi ziren EAEra, baina ez hitzartutako denak. Bi aldeek adostutako hogei eskumenetatik 11 eskualdatu zituen PSOEk, horien artean, Lanbiderena. Garrantzi handiko beste eskumen batzuk, ordea, ahaztuta geratu ziren: Gizarte Segurantza, aireportuak, interes orokorreko portuak, autobideak, Fogasa (Soldata Bermatzeko Funtsa) eta espetxe politika, adibidez.

Abiadura handiko trenaren lanekin beste horrenbeste gertatu da. 2006an hasi ziren AHTaren lanak lehiaketara ateratzen, baina zati batzuk ez atzera ez aurrera egon dira urteetan, Eusko Jaurlaritzak Madrili presio etengabea egin arren. Jaurlaritzak Espainian egon diren gobernuekin finantzaketa eta egutegien inguruko akordioak lortu izan ditu, baina Madrilek ez ditu beti konpromisoak bete. Zapaterorekin lortutako akordioak, esaterako, AHTaren lanak 2016an amaitzea jasotzen zuen. Zazpi urteren buruan, PPk amaiera data berria hitzeman dio berriro EAJri: 2023. urtea.

BERRIAn argitaratua (2017/05/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA