astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

gizartea

Harri bat zapataren zolan

Iñaki Petxarroman

Harri bat zapataren zolan Iñaki Petxarroman

E rraustegiaren sustatzaileek nahi zuten baino askoz beranduago jarri dute Zubietako errauste plantaren lehen harria, bigarrenez. 2002an onartutako hondakinen plan nagusia iraungita, proiektuaren ingurumen baimen bateratua luzatu ezineko epeetan luzatuta eta gizartearen kezka beti bezain ozena denean ekin diote makinek lanari.

Agintarien eta hedabide batzuen aldetik entzun ohi denaren kontra, ez da EH Bildu izan atzerapen ez-ohiko horren arduradun bakarra. Bere garaian Odon Elorza Donostiako alkate ohi sozialista erraustegiaren aurka tematu ez bazen, edota Urnietako udalbatza osoak (EAJ, PSE-EE eta Ezker Batuko zinegotzien botoekin) ez bazuen bozkatu azpiegitura herrian kokatzearen aurka, atzo ez zuten harri hori Zubietan jarriko. Errenteriako, Astigarragako eta Hernaniko udalbatzek —haiek ere Batasuna gabe, legez kanpo baitzen— ez bazuten erraustegia kaltegarritzat jo, agian Landarbason, Aiako Harriko natur gunearen magalean, egongo ziren zaborra erretzen.

Aspaldiko kontuak dira horiek, ordea. Orduan bezala, gaur egun ere gizarte babesa da erraustegiaren ahulezia handienetako bat. Egungo batzar nagusietako ordezkarien %55 daude proiektuaren alde. Gainerako %45ak, sindikatuen gehiengo zabala eta gizarte eragile andana bat daude aurka. Tximinia zenbat eta gertuago, orduan eta nabarmenago aurka. Harri horrek hor segituko du proiektuari traba egiten.

Proiektuko sustatzaileek pentsatuko zuten, 2015eko hauteskundeak irabazi ostean, ika-mika baretuko zela, baina ez da halakorik gertatu. Aitzitik, inoizko manifestaziorik jendetsuenak egin dira azken urtean proiektuaren aurka. Besteak beste, GuraSOSek otsailean antolatutako martxan 10.000 manifestari bildu ziren. Lehen harria jarrita, protesten hotsa isiltzea esperoko dute akaso, eta denborak esango du ea hala den. Oraingoz, ez da horren seinalerik antzematen.

Gizartearen babes faltaren beste ondorio bat da egoera juridiko nahasia ere. GuraSOSek eta hainbat udal eta mankomunitatek jarritako salaketa asko epaileen erabakien zain daude. Egunen batean proiektuaren aurkako ebazpen bat etortzen bada, obrak aurreratuta egotea da erraustegiaren bultzatzaileen nahia, ekintza burutuen logikan murgildu baitira. Egoera, baina, asko korapila daiteke, eta ez litzateke horren harritzekoa, presak hari mutur dezente utzi baititu solte.

Finantzaketan eragiten saiatuko dela esan du GuraSOSek, baina hainbeste multinazional bazkaren atzean dabiltzan soro batean, zaila begitantzen da emaitza eraginkorrik, enpresei eskaini dizkieten etekinak paregabeak baitira, jarriko dutena halako bost jasoko dute-eta trukean.

Lehen bezala, orain ere benetako lehia gizartean eta zelai politikoan dago. Horregatik nahi zuten EAJk eta PSE-EEk agintaldi honetan obrak bukatzea. Ez da halakorik izango. Haiek jarritako epeak betez gero ere —jadanik hilabete dezenteko atzerapena daramate—, 2019aren hondarrean egongo litzateke martxan erraustegia. 2019ko maiatzeko foru bozetan, beraz, alderdien agendan egongo da, berriro, hondakinen gaia. Jakina, antolatu duten ingeniaritza juridiko-finantzarioaren ondorioz, atzera egitea dirutan garesti aterako zaio horretan saiatzen denari—gipuzkoar guztiei, azken finean—. Baina %55eko babes instituzionalarekin obrei ekin dietenek bezainbesteko legitimitatea ez al dute izango hurrengoek ere, gehiengoa osatuz gero, atzera egiteko? EAJ eta haren alternatiba izan daitekeen EH Bilduren artean ados jartzen saiatzeak eragotz zezakeen ataka hori. EAJk baztertu egin du bide hori, eta harri hori zapataren zolan duela egin beharko du proiektuak aurrera.

BERRIAn argitaratua (2017/05/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA