astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

politika

Aske Gunea: herritarrek ezarri zuten mugarria

Hodei Iruretagoiena

Aske Gunea: herritarrek ezarri zuten mugarria

Epaiketa politikoei aurre egiteko eta desobedientzia moldeetan sakontzeko mugarri bat ezarri zuen Donostiako Aske Guneak, nahiz eta herri harresi hartan atxilotutako gazteak kartzelatu. «Frustrazio apur bat zegoen garai hartan: eramaten gintuzten espetxera, manifestazioren bat-edo egiten zen, baina ez zen asmatzen jendearen ezinegona bideratzen. Horretara joan ginen, eta planteatu genuen, estatuaren eta Poliziaren aurrean, ez uztea eramaten. Jendeari eskatu genion konpromiso bat, gorputzekin herri harresi bat sortzeko. Zalantzak genituen, baina jauzia hori izan zen», azaldu du Aitor Olaizolak. Beste zazpi lagunekin batera, seina urteko espetxera zigortu zuten Segiko kide izateagatik, eta 2013ko apirileko Aske Gunean atxilotu zituzten haietako sei. Harresia sortzen ari zirela eraman zuten Ekaitz Ibero ere —absolbitu egin zuten auzi hartan, baina beste kasu batengatik zigortu zuten; iaz irten zen—.

Olaizolarekin eta Iberorekin batera, oraintsu geratu dira libre Adur Fernandez eta Lorente ere. Libre Topaketen aitzakian elkartu ditu BERRIAk Donostiako Bulebarrean, atxilotu zituzten lekuan. Aske Gunekoa «jauzi kualitatiboa» izan zela nabarmendu du Fernandezek ere: «'Ez gaituzte eramango'. Ideia hori sortu zen, eta barneratu genuen, guk, eta ingurukoek». Gogora ekarri du epaiketa garaitik egindako gogoeta eta lanaren emaitza izan zela hura —2007an atxilotu zituzten; 2010ean zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak—.

Bestelako proba batzuk eginak ziren: Ekaitz Samaniego, Errenteriako gazteak, Aurore Martin... Lorente: «Ikusten zen desobedientziarako nahi bat bazegoela». Garai hartan, Espainiako zenbait lekutan, etxe desjabetzeen aurka ere ari ziren harresiak sortzen, eta haiek ere aipatu zituzten adibide moduan. Euskal Herrian, baziren hiru bat urte ezker abertzaleak estrategia aldatzeari ekin ziola, Olaizolak gogorarazi duenez: «Zutik Euskal Herria-n indar egitea ere bazen gure nahia: hor herri harresia hitza agertzen zen, eta gure alea jarri nahi izan genion ziklo aldaketari, estrategia eta borroka molde berriei. Hiruzpalau urte generamatzan, konplexu askorekin, nola asmatu jakin ezinik. Eta herritar askok egin zuten apustu hori».

Horixe goraipatu dute, batez ere: herritarren erantzuna. Lorente: «Jendearen parte hartzeagatik izan zen posible. Sare sozialetan lan egin zutenak, gau eta egun pintxoak prestatzen aritu zirenak, garagardoak ateratzen, hitzaldiak prestatzen eta entzuten, gaua pasatzen... Sentitzen denean, nahi denean, militantzia bat agertzen da, eta halakoak egiteko gai gara denon artean. Auzokideak, familiakoak, ingurukoak... Haiek ziren funtsa».

«Eta non sartuko gara?»

Aske Gunea eratu berritan atxilotu zuten Ibero, eta auzikideen hitzetan, hark ere izan zuen eragina. Ezustean harrapatu zituzten ertzainek, baina bertan zeudenez, inguruan jarri ziren. «Zuek hor egoteak ere eman zion indarra», oroitu du Iberok. «Kolpeka hartu gintuzten, eta horrek ere ikusarazi zuen kontua serio zihoala», esan du Olaizolak. Azkar zabaldu ziren irudiak sare sozialetan-eta. «Guretzat praktika gisakoa izan zen zure atxiloketa», bota dio Fernandezek Iberori, erdi brometan. Barrez hasi dira denak.

Erdi brometan, baina erdi serio ere bai. Ados dago Lorente: «Guk nahi izan gabe ere, planteamendua borobildu zuen Iberoren atxiloketak: jendea hurbiltzen hasi zen proposamen berriekin». Iberok aitari hots egin zion dei baterako aukera izan zuenean: «Aita hemen zegoen [Aske Gunean], eta esan zidan: 'Jarriko zaitut jendearekin'. 'Ene!', pentsatu nuen: 'Ni atxilotu naute, baina lortu behar da haiek ez eramatea'».

Manifestazio jendetsu bat egin zuten haren ondoren, eta pauso erabakigarri bat ere eman zuten: Aske Gunea gau eta egun Bulebarrean mantentzea. Leku itxiren batera joatea zen hasierako ideia, baina jendeak berak aldatu zituen planak. «Arazoa izan zen 200-300 lagun zeudela prest lotan geratzeko. 'Eta non sartuko gara?'. Arazo bihurtu zen ez genekiela non sartu: eliza batean, ez dakit zein eraikinetan... 'Ez, ez', esan genuen: 'Hemen geratuko gara'».

Apirilaren 10ean atxilotu zuten Ibero, eta apirilaren 19ra arte iraun zuten gainerakoek. «Mendi errusiarraren» antzeko zerbait izan ziren egun haiek auzipetuentzat, Fernandezen esanetan: «Momentu gogorrak egon ziren, oso nekagarriak... Gogoan dut hor [kioskoan] botata egon nintzela une batean, sekulako beheraldia izan nuen, fisikoa. Lehertuta nengoen. Baina, hainbeste emozio zeuden, hain azkar zihoan dena, sufrimendu eta gogortasun hori guztia desagertzen zela batzuetan».

Ingurukoen ahalegina

Ingurukoentzat ere ez zen erraza izan, Lorentek aitortu duenez: «Gure inguruko jendea zebilen lanean, eta horrek izugarrizko ahalegina eskatzen zuen. Erokeria bat zen, baina oso indartsua. Horregatik diot hor sentitu nuela benetako militantzia». Senide, bikotekide eta lagunen eskuzabaltasuna nabarmendu du Olaizolak ere: «Babes humanoa, emozionala, politikoa eman ziguten: ulertu zuten zertan ari ginen. Pixka bat berekoiak izan baziren, esan zezaketen: 'Nik zurekin egon nahi dut azken une hauetan, honek gainditu egiten nau...'».

Kartzelatik jarraitu zuen guztia Iberok: «Komunikatzeko bide gutxi genituen, baina irudiren bat ikusiz-eta, harrituta geratu nintzen: 'Zer ari dira egiten hor!'. Kezka bat ere bagenuen: 'Noiz arte luzatuko da hau? Hilabetez luzatzen bada, nola egingo dute?'».

Denborak neurtzea ere ekintzaren parte garrantzitsu bihurtu zen: «Zaila zen kontrolatzea», dio Fernandezek: «Beraien esku zegoen, eta luzatzea ere arazo bat izan zitekeen guretzat». Atxilotze aginduak heldu ziren azkenean, baina beste bizpahiru egunez ere eutsi zioten Aske Guneari.

Iritsi ziren ertzainak ere. Sei gazte atxilotzeko, 30 furgoneta eta 300 poliziatik gora. Kolpeka atera zituzten harresian zirenak; tartean, gazteen senide eta lagunak. Iberok egin die galdera gainerakoei: «Atxilotze momentu horietan, ez zenuten gogorik izan 'kito, buka dadila' esateko?».

Momentu haiek gogoratuz erantzun dio Lorentek: «Gu batera geunden, eta ikusten ari ginen nola ateratzen zuten baten arreba, bestearen anaia, haren bikotekidea... Bat altxatzen zen, eta: 'Nire arreba da!'. Batak besteari lasaitzeko esaten zion, eta gero bera altxatzen zen...». Olaizolak ere aitortu du une gogorrak izan zirela, eta gerora ere eragin diela horrek: «Hor, ni sutu egin nintzen. Gure arreba gazteenari ere sekulako jipoia eman zioten. Gauza hauek ez dira esaten, baina haiek ere asko markatu ditu gerora. Antsietate arazoak, sorbalda aterata, arazo fisiko handiak...».

«Jendearena» zen ekintza

«Azkenenean, ekintza ez zen gurea, jendeak egin zuen», dio Fernandezek. Aske Guneen dinamikak bizitza propioa hartu zuela zirudien: Ondarroa, Iruñea, Gasteiz... «Bakoitzak bere alea jartzen zion: maskarak, pintura...».

Arazoa ikusarazi, eta diskurtsoak eta ekintzak baldintzatzea ere lortu zuten. Olaizola: «Iñigo Urkulluk esan zuen, Urtza Alkorta atxilotu zutenean: beraien arazoa zen horrelako operatibo batek dirutza kostatzen zuela. Espainiako Erregea etortzen denean San Telmo inauguratzera, ez du esaten zenbat kostatzen den hura babestea. Gure senideek, gu bisitatzen, diru gehiago gastatuko zuten urteotan, eta hori 350 bat kilometrora egon garela, ez Algecirasen [Espainia] edo Fleuryn [Frantzia]. Azkenean, beraiek sistema hau indartu nahi dute, eta guk sistema hau irauli egin nahi dugu. Haiek hitz politak erabiltzen dituzte, baina gero ez daukate konplexurik herritarrak jipoitzeko. Ziniko hutsak dira».

Desobedientzia oinarri duten molde eta dinamikak beste esparru batzuetara ere zabaldu dira geroztik. Euskalgintza eta Gipuzkoa Zutik aipatu ditu Olaizolak: «Joko zelai berria zabaldu da. Agintzen dutenek nahi dutena egiten segituko dute, eta herritarrek aurre egin, eta alternatibak eskaini behar ditugu. Horregatik dira beharrezko halakoak».

«Eztabaida gehiago ere ekarri ditu horrek: espazio publikoaren erabilera eta. Gipuzkoa Zutik-ekin, eztabaida hor zentratu dute», jarraitu du Fernandezek. «Horretan abilak izan dira beti: eztabaidaren muinera joatea eragozten dute», dio Lorentek. «Uste dut bide onetik doala gizartea, baina kostatzen ari da muinera jotzea: presoekin, adibidez».

Beraiekin batera zigortutako beste bost gazteak kartzelan dituzte oraindik: Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi. Olaizola: «Herri harresiek balio izan dute, maila batean, espetxeratzeak eteteko. Baina arazo larria dago, hor badaudelako 200 bat kide barruan usteldu nahi dituztenak. Gaixo daudenekin, ikusi zer mendeku jarrera duten...».

EPPK ari da eztabaidan, baina presoentzat garrantzitsuena «kalean haren pausoei ematen zaien babesa» dela nabarmendu dute. Arretxe: «Barruan gaudenean sentitzen duguna da behar dugula batasun hori, kolektiboarena. Eta, horretarako, ezinbestekoa da kanpoan ere batasuna egotea».

Guztiarekin ere, «pribilegiatu» sentitzen direla esan du Lorentek: «Batzuek aipatu digute: momentu bateko ekintza zehatz batek belaunaldi oso baten bilakaera edo ikuspuntua aldatu edo baldintza dezake. Guretzat, hori entzutea sekulakoa da. Ez gu sentitzen garelako protagonista, hori gertutik eta barrutik bizitzearen pribilegiatu garelako baizik».

BERRIAn argitaratua (2017/05/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA