astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

iritzia

Le Pen eta kontzientzia erreala

Hedoi Etxarte

Le Pen eta kontzientzia erreala Hedoi Etxarte

Lehen Mundu Gerraren osteko Vienan Karl Kraussek esan omen zuen bezala «Berlinen gauzak serioak dira, baina ez zaie esperantzarik falta; Vienan ez daukate esperantzarik, baina ez dira serioak». Norbanakoen iraultza artistikoak iraultza politiko antolatuaren tokia hartu zuen. Artearen bizitzak ekintzaren bizitza ordeztu zuen. Garaiko Europako intelektual asko puskatzen ari zen mundu hori arinago puskatu nahian zebiltzan: iraultza nahi zuten. Beste batzuk gerraren kontra zeuden, baina ez zuten errealitatea eraitsi nahi: ez zuten iraultzarik nahi.

Lukacsek azaldu zuen kontzientzia iraultzaileak ez zuela zerikusirik langile klaseak enpirikoki zuen kontzientziarekin. Ziurrenik hori da ezkerrak gaur egungo politikari buruz duen despiste handiena: pentsatzea langileen kontzientzia bukatua dagoela, dagoela neoliberalismo kosmopolitaren (Macron), xenofoboaren (Le Pen), jakobino uniformatzailearekin (Melenchon) eta burges dekadentearen artean (Fillon). Lukacsen aburuz, ez dagoen kontzientzia hori lortzeak justifikatzen zuen «alderdiaren elite baten» existentzia. Adornok argudiaketa bera erabili zuen «elite intelektual» bat justifikatzeko: arteari aplikatua. Alegia, Schönberg-en musika auditorio esklusibo batean jotzen bazen, «horrek egitura sozialaren errua erakusten zuen eta ez artista esperimentalarena».

Lukacs eta Adorno esaten ari ziren intelektualak zituen arazoak egitura sozialaren isla zirela. Eta, paradoxikoki, Adornoren ustez, langile intelektualak langile klasearentzat egin zezakeen onena intelektual izaten jarraitzea zen. Edo Adornoren hitzekin esateko, «bere bakardadean eta isolamenduan betetzen ditu konpositoreak gizartearen eskakizunak; gizartea bera problema teknikoen zelula intimoenetan bizi da, eta konpositorea zenbat eta kanpoko presioetatik urrunago, orduan eta zilegitasun handiagoz erregistratuko ditu gizartearen beharrak».

Klasikoen garaia da: partida zabalik dago. Burua estutzeko unea da, etorkizuna ez delako lehenaldiaren beste aldaera bat.

BERRIAn argitaratua (2017/05/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA