astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

bizigiro

AIDEN HARTERY

«Opera 'San Juan' ontziaren ondoan eman nahiko nuke»

Lander Muñagorri Garmendia

«Opera 'San Juan' ontziaren ondoan eman nahiko nuke»

Juan Martinez Larrume marinel oriotarraren eta San Juan belaontziaren historia ardatz hartuta, opera bat sortzen ari da Aiden Hartery kanadarra bere doktoretza tesirako, Kanadako Ontarioko Londongo Western Unibertsitatean. Euskal musika tresnak ere ikertzen ari da, operan erabili ahal izateko.

Zure tesia euskal baleazaleei buruzko opera bat sortzea izango da. Nola otu zitzaizun ideia?

Labradorkoa naizenez, eta Unescok Red Bay gizateriaren ondare izendatu zuenez, euskal baleazaleen historian gehiago arakatzea erabaki nuen, hortik ea opera bat sor nezakeen ikusteko. Juan Martinez Larrumeren historia ezagutu nuenean, konturatu nintzen bazegoela istorio dramatiko bat opera batean kontatzeko. Operak baleen ehizari buruz hitz egingo du, koipea olioa sortzeko prozesuaz, neguari aurre egiteko zailtasunez, eta arrantzaleen heriotzaz. Gainera, arrantzaleek tokikoekin izan zuten harremanez ere hitz egin nahi dut. Euskal Herrian geratzen ziren familiek zituzten zailtasunak ere aipatuko ditut.

Doktore tesi bat bezain luzea izango al da opera?

Gutxi gorabehera, ordubete iraungo du operak. Musika partituraz gainera, testu idatzi bat sortuko dut, lanaren sorkuntza eta zehaztasunak aztertuko dituena, 80-100 orri inguru izango ditu.

Nola kantatzen dute baleek?

Bideo eta grabazio ugari entzun ditut erabakitzeko zein musika tresna erabili orkestran. Baleek soinu askotarikoak egiten dituzte, eta erregistro diferenteetan (orro oso grabeak, adibidez; eta txistu oso altuak). Hain zuzen, eubalaenek kantu asko dituzte, eta hori da euskaldunek arrantzatzen zituzten balea motatako bat. Oso berezia izango da baleak eta pertsonak batera kantatzen ikustea. Gainera, euskal musika tresnetan ikertzen ari naiz operan erabili ahal izateko: txalaparta, txistua, alboka...

Tesia egiteko, 1577ko dokumentu batean oinarritu zara. AEBetako eta Kanadako zaharrena omen da.

Uste dut Juan Martinezen borondatea bigarren dokumenturik zaharrena dela; zaharrena beste euskal baleazale baten testamentua da. Erregistro gutxi daude garai horretakoak (1576-1577), eta horregatik aukeratu nuen.

Balea arrantzaleek utzitako arrastorik ba al da gaur egun eskualdean?

Euskararen eragina nabaria da gaur egun ere eskualdean. Bestelako arrastoak ere badaude: kostan dauden baleen hezurrak, hilerria, urperatutako San Juan ontzia... Ternua eta Labradorrek historia luzea dute. Urte askotan arrain, balea eta bestelako natur ondarearen bila aritu ziren ingurune horretan. Red Bay XVI. mendeko balea arrantzaren adibide onenetakoa da munduan, bere kokapenagatik. 1970ean balea arrantzarako deskubritu zutenetik, sekulako lana egin da eskualde hori ikertzen. Hainbat ikerketa eta argitalpen egin dira inguruari buruz, eta, horiei esker, 1500 inguruko gertaerak publikoari aurkeztu ahal zaizkio, zehaztasun handiz. Horiei esker egin ahal izan dut opera. Espero dut lagungarria izango dela historia honi buruz gehiago jakin nahi dutenentzat. Eskerrak eman nahi dizkiet, era berean, David Myska, Michael Barkham, Latonia Hartery eta Cindy Gibbonsi, nire ikerketarekin eskaini didaten laguntzarengatik. Eta, noski, baita Western Universityri, lan hau egiten uzteagatik.

Gaur egun, nola gogoratzen ditu eskualdeak garai hartako balea arrantzaleak?

Red Bay oso gune egokia da euskal dunek ingurune horretan izan zuten presentzia ezagutzeko. Oraindik, hala ere, lan asko egin daiteke probintziako eta Kanadako jendeari ezagutarazteko Red Bayren garrantzia. Opera bukatutakoan, eskoletako haurrekin lan egin nahi dut historia hori ezagut dezaten.

Opera prest egongo da Albaola egiten ari den San Juan baleontzia hara iristerako?

San Juan ontziaren ondoan eman nahiko nuke opera. Uste dut oso berezia izango litzatekeela, ontzia Red Bayko portuan dagoela opera ematea.

BERRIAn argitaratua (2017/05/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA