astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

iritzia

Bizirik irautea

Onintza Enbeita

Bizirik irautea Onintza Enbeita

Hegazkin alemaniarrek hiru orduz estali zuten Gernikako zerua. Hogeita hamaika tona bonba bota zituzten, eta azpian harrapatu zuten guztia txikitu zuten. Babeslekuetara bizirik sartu ziren askok lortu zuten babeslekuetatik bizirik ateratzea, eta omenaldiak egiteko nahikoa meritu iruditu izan zaigu hori. Ordea, pentsatzen hasita, babeslekuko atea gurutzatu eta hara, bide desberdinak hartu zituzten batzuek eta besteek. Batzuk etxerik gabe gelditu ziren, eta inguruko herrietako senideen baserrietan edo ahal zuten lekuan eskatu zuten aterpea. Besteei gerrako presoek Gernikaren erdian eraikitako lehenengo etxeak tokatu zitzaizkien. Batzuk, beste aukerarik ez, eta lekutako puntako baserrietan bizitzen jarri ziren; errentan. Besteak ordurako urruti bizi ziren baserri jabeen ondasunen administradore izendatu zituzten, eta gutxitan egin zuten maizterren alde. Batzuek ez dakite euren senideak non eta nola lurperatuta dauden. Besteek panteoiak dituzte hilerrian. Batzuk ez dira esatera ausartzen kartzelara eraman zituztenean, nork salatuta eraman zituzten. Besteek lasai agurtzen dituzte kalean gerraostean sufritzea tokatu zitzaien gixajoen seme-alabak. Batzuek isilik egon behar izan zuten berrogei urtez teorian, eta gero ere bai praktikan. Besteek Gernika erre zutenei gorazarre egin zieten. Batzuei zeukaten guztia ostu zieten. Besteek ostutako objektuekin apaindu zituzten etxeetako sarrerak. Batzuk badakite han goiko basoa euren amonarena zela. Besteek ez dute eskrituretan begiratu nahi zein urtetatik diren etxetik urruti dituzten arloen jabeak. Batzuk bonbaketaren ostean ere mehatxupean bizi izan ziren, umiliatuta; eta, hala ere, bizirik iraun zuten. Besteak iraun nahian zeudenen eskubideen gainetik bizi izan ziren; ederto bizi ere gainera. Ez dut epaiketa publikorik eskatzen, baina memoriak bereizten dituenak zergatik berdintzen ditugu omenaldietan?

BERRIAn argitaratua (2017/05/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA