astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

kirola

«Athletic nire familia da»

Haritz Gallastegi

«Athletic nire familia da»

Duela bi denboraldi Andoni Iraolari egokitu zitzaion agur esatea; iaz, Carlos Gurpegiri, eta aurten, Gorka Iraizozi. Azken hiru urteotan Athletic lagatzen duen hirugarren kapitaina da atezaina. Hiru argazkiak oso antzekoak izan dira. Josu Urrutia presidentea alboan dutela, lehen taldea osatzen duten kide guztiak izan dituzte babesa ematen: taldekideak, teknikariak, sendagileak, Lezamako langileak… inork ez du huts egin. Ñabardurak bilatzen hasita, ezberdintasun bakarra aurki daiteke hiruren artean. Iraolak klubak kontratua berritzeko egindako eskaintzari ezezkoa emanda utzi zuen Athletic. Taldean pisua galdu zuenetik argi izan zuen beste bide bat hartzeko garaia zela. Gurpegiren kasuan, berriz, jokalariak eta klubak argi ikusi zuten erretiroa hartzeko garaia zela. Eta, Iraizozen kasuan, kluba izan da zikloa amaitutzat eman duena.

Hunkigarria izan zen atzo Lezaman egindako agerraldia. Agur esatea inoiz ez da izaten erraza, eta Iraizozi ere kosta egin zitzaion. Denbora gutxian hamar urteko gazi-gozoak pasatu zitzaizkion burutik, eta aurrera egin nahi eta ezin egon zen. San Mameseko ateko sarean korapilatuta zegoela zirudien. Kostata, baina askatu zuen traba, eta aurrera egitea lortu zuen. Ezer baino lehen, eskerrak eman zituen. Aita, ama, anaia nagusiaren rola jokatu duen laguna eta bikotekidea izan zituen gogoan. Euren babesa eskertu zuen. «Egun gaitza da, baina, era berean, pozgarria. Sentipen asko ditut. Eskerrak eman behar ditut. Zorionekoa naiz nagoen tokian nagoelako eta taldekideen babesa dudalako. Hori da futbola duen gauzarik onena», esan zuen Iraizozek; «Athletic familia bat da. Nire familia da», gaineratu zuen atezainak.

Aurretik, Urrutiak atezainaren profesionaltasuna nabarmendu zuen. «Gorkak 18 urte zituenean fitxatu zuen Athleticek. Ordutik eredugarria izan da bere jarrera. Ez zuela jarraituko jakinarazi nionean argi utzi nion ez dagoela triste egoteko motiborik. Jokalari izan garen guztiok bizi izan ditugu antzeko egoerak. Gure aurrean dauden guztiak ere ezagutuko duten zer den. Iraizozek harro egon behar du egin duen lanagatik. Bere ingurua hala dago eman duen guztiagatik», adierazi zuen presidenteak.

Ez da erretiratuko

Bidea eteten denean, atzera begiratu, eta egindakoaz hausnarketa egitea egokitzen da. Iraizozek argi dauka denborak aurrera egin ahala behar den moduan baloratuko duela klub zuri-gorrian bizitakoa. Nahitaez bere arrastoa betiko geratuko baita Athleticen. Guztira 392 aldiz zaindu du zuri-gorrien atea. Jose Angel Iribarren eta Carmelo Cedrunen atzetik gehien jokatu duen atezaina da. Partida asko dira. Beraz, gutxi-asko azken urteetan Athleticek izan dituen entrenatzaileen konfiantza izan du. Baina Iraizozek ondo daki zer den norberaren lana ezbaian jartzea. Inor gutxik baino hobeto daki San Mameseko harmailetako marmarraren berri. «Bolada latzak bizi izan ditut. Athleticek fitxatu ninduenean, lesio larri bat izan nuen eskuineko hankan, eta asko sufritu nuen bueltatzeko. Marcelo Bielsaren sasoian, ataka larrian egon nintzen. Egoera gaitz hartatik asko ikasi nuen. Nire jokoa aldatu behar izan nuen aurrera egin ahal izateko». Hain zuzen ere, muturreko egoerak gainditzean izan da zoriontsu. «Partida garrantzitsu ugari eta final asko jokatu ditut, baina pozik handiena sasoi txarrak gainditzean sentitu dut».

Iraizoz bidegurutze batean dago. 36 urte ditu, eta adin horrekin erretiroan pentsatzen dute futbolari askok, baina atezain nafarrak ez du eskularruak lagatzeko asmorik. Jokatzen jarraituko du. «Indartsu nago. Egunak pasatu ahala, gero eta argiago izan dut futbolean segitu behar nuela. Eguna ailegatzen denean erabakiko dut zein bide hartu». Antza, talde batek baino gehiagok agertu du hura fitxatzeko interesa, baina aurrez Athleticekin amaitu beharko du denboraldia. Emango al dio Ernesto Valverdek zelaian agurtzeko aukera? Hasiera batean, ez dirudi Leganesen kontra aritzeko aukera handirik duenik. Athleticek Europa ligarako sailkatzea dauka jokoan, eta egun, Kepa Arrizabalaga da taldeko atezain nagusia. Iraizoz prest dago atea zaintzeko, baina ez du inor presionatu gura. «Igandekoa ez da omenaldi partida bat. Argi daukat hori. Garrantzitsuena irabaztea da. Nik ez dut inoiz ezer eskatu, eta ez dut ezer eskatuko».

BERRIAn argitaratua (2017/05/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA