astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

iritzia

Jende inportantea

Miren Amuriza

Jende inportantea Miren Amuriza

Grazia egiten dit kantari askok, diskoetan, beren ahotsa zelan bikoizten duten entzuteak. Bada, egon ere, jende klase bat horixe egingo lukeena ahal balu; bere buruari koruak egingo lizkiokeena, alegia. Jende hori da inportantea (edo behintzat zu baino inportanteagoa) dela uste duena. Eguraldiaren arabera agurtzen zaituena, berak «aupa» esan eta zuk «eskerrik asko» batekin erantzutea espero duena. Jende inportantea, ab initio, zuk irakurri ez dituzun liburu guztiak irakurri dituela argi uzten dizuna da, ez bakarrik irakurri, baita idatzi ere; lautik bitan latinismoak (zuk ezagutzen ez dituzunak, noski) botatzen dituena. Jende inportantea (ondorengoak ditut kuttunen) gauza inportanteak dakizkiela aditzera ematen duena da, misterioz beti: «Hau gure artean... Erbi familia batekin bildu berri naiz... Erbiak, bai... Bere garaian armak gordetzeko zuloak egiten laguntzen aritu zirenak». Jende inportantea da (uff...) zu inportantea zarela uste duelako kasu egiten dizuna. Inportantea zu?

Baina usterik gutxienean, non topatzen duzun gorentasun horietako bat herri xehea ibiltzen den lekuren batean, adibidez supermerkatuan, tamaina humanora bueltarazten duen norbaitekin: bere amarekin edo bere umearekin. Eta orduan, amak Dinosaurio gailetak hartzea nahi al duen galdetzen dionean, edo umeak esanik egiten ez dionean, orduan bai agurtu behar dela jende inportantea.

BERRIAn argitaratua (2017/05/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA