astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

gizartea

Euskara lasaia

Jose Mari Pastor

Euskara lasaia Jose Mari Pastor

Euskaldundu da Alfonso Alonso. Duela urtebete agur, kaixo, egun on eta gabon baizik ez zekien esaten, eta orain aditua dugu euskal fonetikan. Hango eta hemengo euskal doinuez jabetzeko gai da. Hiztunen buruan zer asmo dagoen jakiten ere ikasi du, soilik haien ahoskerari erreparatuta. Belarriak zorroztuko dituela adierazi dio Alonsok EAJri, jeltzaleek zer euskara mota darabilten jakiteko: «Mientras sigamos hablando en un euskera tranquilo, todo va bien. Si empezamos a hablar en un euskera con acento catalán, todo se puede torcer».

Zer da «euskara lasai» hori? Euskaldun otzanarena. EAEko euskaldunoi eskatzen diguten euskara. Ez joan Baztan aldera, euskara forala da hori. Are gutxiago Luzaidera. Luza... qué? Ah, Valcarlos, ese pueblo trilíngüe del norte de España. Luzaiden Alonsotegin bezain lasai hitz egin dezakete euskaraz, baina nafar-lapurteraren doinuak hankaz gora jar ditzake Espainiako Konstituzioak inposatutako Euskal Herri mugatuaren mugak. Hobe euskara baskonomikoaz. Ahal dela, meseta lehorreko ukituaz, Alonsok hobeto ulertzeko.

Euskaraz nola egin behar duen gogorarazi dio PPko buruak EAJri, mugak non dituen, jeltzaleak aldebikotasuna gora eta aldebikotasuna behera ari ziren bitartean. Alderdi postfrankistari sostengua eman diote, Gernikako bonbardaketagatik barkatzeko ez eskatzeagatik eginiko kritikak oraindik airean daudela. EAEk 1.400 milioi berreskuratuko dituela azaldu du EAJk —Euskaltzaindiak 46.820 euro gehiago jasoko omen ditu dirutza horretatik. Espero dezagun horren truke Alonsok ahoskera batzordean sartzeko ez eskatzea—. Ez galdetu Ortuzar jaunari nongo aldebikotasunaren arabera atxiki duten Madrilen diru hori, berez ez dagokiena, Santiagoren zaldiaren potroen aldebikotasunaren izenean ez bada. Baina jeltzaleak, pozik. La pela es la pela. Hori ez zen, ba, katalanen leloa?

Zeru-infernuetan mintzatu, negoziatu, itundu. Batzuetan hala behar du, ados. Eta zenbait kasutan, emaitzez poztu, baina ez sobera puztu. Batez ere, aldebikotasunaren koplagaz. Moncloan eta Zarzuelan barre-algaraka hasten dira hitz hori aditzen duten bakoitzean. «Déjalos, angelitos», pentsatuko dute. «Me provocan hilaridad», esaten zuen Ansar jaunak.

Derradan: independentzia 2026rako iragartzea, profetek legez, ez da oso errealista. Hori hala izanda ere, aldebikotasunaren mantra engainagarri bezain nekagarria da. Benetako aldebikotasuna Espainiako errege, erregin edo presidenteak Gernikan lore sorta jarri eta barkamena eskatzen duenean etorriko da, Espainiako eta Euskal Herriko Atzerri ministroen ondoan. Politika sozioekonomikoari buruzko azken erabakiak Eusko Legebiltzarrean hartzen diren egunean. Bruselaren begiradapean, ziurrenik, baina Madrilen esku hartzetik libre.

Ez da komeni aldebikotasunaren sukar ametsekin tematzea. Arriskua dago errealitatetik kanpo kokatzeko. Norberaren burua eta ahotsa ez ezagutzeko. Eldarniozko jauregi bateko pertsonaia bat imitatzeko, ez zarena. Erokeria da Espainiarekin berdintasunez jokatzeko moduan zaudela esatea, benetan behar denean botere, eragin eta armadarik gabeko Napoleon bazara. Nahi eta ezin. Zintzoa izan, eta aitortu Espainiako autonomia erkidego bateko administratzaile nagusia zarela. Kudeatzailea. Kasurik onenean, lurralde horretako agintaria, Madrilek gertutik kontrolatutako burua, euskara lasaian mintzatzeko prest dagoena, azentu katalanik gabe. Horixe baita errealitatea. Ahokadarik gabe.

Bozen imitatzailea deritzon testu laburrean, besteen ahotsez jabetu eta horiek lau haizeetara hedatzeko gai zen gizonaren istorioa azaldu zuen Thomas Bernhard idazle austriarrak. Imitatzaileak Zirujauen Elkarteko kideak txunditu zituen egun batean, Pallavicini jauregian. Narratzailearen etxera gonbidatu zuten orduan, eta bertan boz famatuak imitatu zituen, Zirujauen Elkartean ahoskatutakoak ez bezalakoak. Azkenean, bere ahotsa imitatzeko eskatu zioten, baina hark esan zien ez zekiela horrelakorik egiten.

BERRIAn argitaratua (2017/05/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA