astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

gizartea

MARIA SOLANA ARANA

«Gobernu honek ez du onartuko atzerapausorik eskubideetan»

Ion Orzaiz

«Gobernu honek ez du onartuko atzerapausorik eskubideetan»

Agintaldi malkartsu baten ostean, dimisioa aurkeztu zuen Jose Luis Mendozak. Haren ordez, Maria Solanak (Iruñea, 1975) hartu du polemikan murgilduta egon den Hezkuntza Departamentuaren lema.

Hezkuntza da oposizioaren pagaburu nagusietako bat. Nola ikusten duzu zeure burua?

Egia da, orain arte, Hezkuntza Departamentua zuzentzea ez dela lan erraza izan, baina horrek ez du esan nahi departamentua bera konplikatua edo ezatsegina denik. Kontrakoa. Batez ere, lur hartzea izan da orain arte egin duguna: zuzendariekin eta arduradunekin elkarlanean aritu, datuak bildu, departamentuaren errealitateaz jabetu, lehentasun handieneko auziak identifikatu...

Jose Luis Mendoza kontseilari ohiak aitortu zuen komunikazioa izan zela departamentuak oker eginiko gauzetako bat. Bat al zatoz horrekin?

Bai, eta hausnarketa hori ez zuen Jose Luisek bakarrik egin: gobernu barruan, askoren ikuspegia da hori. Nik neuk ere behin baino gehiagotan hitz egin nuen harekin komunikazio arazoez. Informazio argia, zuzena eta osoa behar genuela esan nion, talkak sor ez daitezen. Oso garrantzitsua da egindako lana eta hartutako erabakiak ongi komunikatzea, baina ez bakarrik kanpora begira. Etxe barruan ere bai. Departamentu eta sailen artean, informazio bideek zabalik egon beharko dute une oro, argazki argi bat izan dezagun. Nondik gatozen, nora goazen, zeintzuk diren gure helburuak eta estrategiak... Hori guztia argi eduki behar dugu denok, norabide berean boga egin dezagun.

Zeintzuk izanen dira Hezkuntza Departamentuaren erronka nagusiak datozen bi urteetan?

Funtsean, gure lan ildo nagusiak dira akordio programatikoan hitzartu ziren horiexek; alegia, kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko apustu garbia, eta horrek dakarren guztia: baliabide gehiago eskola publikoari, aniztasuna sustatzea, aukera berdintasuna bermatzea... Ez gara deus berria asmatzen ari. Argi dago zer egin behar dugun sare publikoa hobetzeko; arazoa da baliabide ekonomikoak ez direla guk nahi genituzkeenak, baina hori ere hobetzen saiatuko gara. Nik ahalegin guztiak eginen ditut aurrekontua handitzeko.

Helburuez gainera, zeintzuk dira abian dituzuen egitasmoak?

Zerrenda amaigabea da. Neska-mutilen hezkidetzarako plana, aniztasunaren aldeko plana... Adibidez, udal maparen erreforma prestatzen ari da orain Nafarroako Gobernua, eta, horren eskutik, eskolen mapa osatuko dugu guk ere. 0-3 zikloko ikastetxeekin eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean ari gara oraintxe, auzi hori definitze aldera.

Madrilek helegite ugari jarri dizkie Nafarroan onartutako dekretu eta legeei, eta horietako asko konpontzeke daude. Motxila astuna utzi dizu Mendozak?

Astuna? Motxilatzarra utzi zidan Jose Luisek [barrez]. Birjartze tasak, helegiteak... Ez da lan erraza, nahitaez bete beharreko esparru bat ezarri digutelako, eta horren arabera moldatu behar izan ditugu proiektu asko. Gure asmoen artean badago hezkuntza sistema propio bat defenditzea, eta horren aldeko pausoak ematea. Baditugu eskuduntzak, baina ez dira erabatekoak, eta oso mugatuta gaude zenbait gauza egiteko.

LOMCE legeaz ari zara...

Besteak beste. Desobeditzeko eskatzen digute batzuek, baina ez da hain sinplea. Desobedientzia oso erraz aldarrikatzen da ardurarik ez duzunean. Guk uste dugu desobedientziara jo eta planto egin aurretik badirela bestelako aukerak ere, LOMCE gainditzeko edo legeak eskaintzen dituen zirrikituak eta malgutasun puntuak baliatzeko. LOMCEren eragina ahalik eta txikiena izan dadila, hori da gure helburua, baina Madrilera begira egotera behartuak gaude askotan. Esate baterako: Hezkuntzako lan deialdietan ingeleseko C1 mailadun irakasleen plazak eskaini ahal izateko, dekretu bat alda dezala eskatua dio Nafarroak Espainiari iaztik. Bada, eta erantzunaren zain gaude oraindik.

Hain zuzen, LEP Lan Eskaintza Publikoena izan zen Mendozaren garaian piztu zen polemika bizienetako bat. PAI hedatu ahala, irakasle erdaldun elebakarrak sobera geratzen dira, eskolak ingelesez eman ezinik. Nola konponduko duzue?

UPNk utzi zizkigun zuloen artean beste bat da hori. Orain hasi gara nabaritzen PAIren hedatze neurrigabearen eragina, irakasle elebakar desplazatuen kopurua ere gora ari delako egiten. Hori ez zuten aurreikusi PAI ezartzean; hau da, programa horretako ikasleek aurrera egin ahala, eskolak eman ezin dituzten irakasle erdaldunen poltsa ere hazi eginen zela.

Eta nola aterako zarete ataka horretatik?

2015ean, Lehen Hezkuntzako LEP polemikoa proposatu genuenean, Hezkuntza Departamentuak planteatu zuen ez zela komeni gaztelaniazko postu asko ateratzea, PAIren hedatzea ikusita, ez baitzegoen argi etorkizunean zer gertatuko zen haiekin. Bagenekien, ordea, behin-behinekotasuna oso handia zela irakasle euskaldunen artean, eta egoera hori konpontzera jo genuen, euskarazko postu gehiago aterata. Nire ustez, zentzuzko proposamena izan zen hura, finean, langileen behin-behinekotasunak ez baitu hizkuntzarik.

Arazo horiei guztiei aurre egiteko, PAI programa gainditu eta euskara, gaztelania eta ingelesa uztartuko dituen Hizkuntzen Trataera Integratu bat iragarri zuen Mendozak legealdiaren hasieran. Bertan behera gelditu al da proiektu hori?

Ez dugu baztertu, inolaz ere, baina legealdi bakarrean garatu ezin diren egitasmoetako bat da. Edonola ere, parte hartze prozesu zabal baten bidez egin beharko dugu, ezin baita izan Hezkuntza Departamentuaren egitasmo itxi bat, ezta lauko gobernuarena ere. Ekarpen gehiago beharko ditugu. Sindikatuek eta unibertsitateko zenbait adituk urteak daramatzate gaia lantzen, eta badira hainbat proposamen interesgarri. Arazoa da hori guztia ez dagoela behar bezala artikulatua.

Berde dago kontua, beraz...

Gogoan izan behar dugu panorama zaila aurkitu zuela Mendozak departamentura iristean. Argi zegoen PAIren arazoari irtenbide bat eman behar zitzaiola, baina irtenbide ordenatua izan behar zuen halabeharrez. Gustatu ala ez, PAI programa abian zegoelako jada dozenaka ikastetxetan. Orain, PAI zentroetan bete behar dituzten oinarrizko parametro batzuk ezarri ditugu, gutxieneko kalitatea bermatu ahal izateko. Lan hori lehenbailehen egin behar zela uste genuen, baina horrek ez du esan nahi ele aniztasuna Nafarroako hezkuntza sisteman uztartzeko beste formula batzuk aztertzen ari ez garenik. Asmoa hortxe dago, eta laster izanen duzue horren berri.

Noiz?

Laster. Gure asmoa da 2018-2019 ikasturteari begira prozesua martxan jartzea, lehen ekintza batzuekin. Urte honetan izanen dela uste dut.

D eredua zabaldu duzue eremu ez-euskaldunera, eta, hazten ari den arren, erritmoa motela da. Zein da zure balorazioa?

Eremu ez-euskaldunean, D ereduko eskaintza 14 ikastetxetan trinkotzea erabaki ona izan zela uste dut, eta emaitza onak iruditzen zaizkit, baina lan egin beharko dugu aurrerantzean ere, euskarazko hezkuntza bermatzen segitzeko. Hau eskubide kontua da; hortaz, horri erantzuna eman behar diogu bai ala bai, eskaria handia ala txikia izan. Gero jendeak nahi duen eredua hautatuko du, baina izan dezatela aukera.

Euskarazko eskaintza eskaria baino handiagoa dela diote UPNk eta PPk.

Faktore askok baldintzatzen dute eskaria, ez eskaintzak soilik. Hezkuntza Departamentua gainditzen duen auzia da: testuinguru historikoa, euskararen aurkako giroa, pedagogiarik eza... Horrek guztiak baldintzatzen du jendeak euskararekiko duen pertzepzioa, eta lan handia egin beharko dugu denok, euskarari prestigioa emateko.

Zizurko Zendea eremu mistotik eremu ez-euskaldunera pasatzea proposatu du UPNk, gehiengo osoa duela baliatuta. Zer eginen du gobernuak?

Gai serioa da hau, jukutria eta jolas absurdoetan hasteko. Argi gelditu da UPNk ez duela inongo arazorik herritarren eskubideak murrizteko. Gobernu honek, dena den, ez du onartuko atzerapausorik hizkuntza eskubideetan. Eskubideak bermatzeko badira, bai, nahi beste urrats eginen ditugu. Atzera, ez.

BERRIAn argitaratua (2017/05/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA