astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

iritzia

Bandiera rossa

Juan Kruz Lakasta

Bandiera rossa Juan Kruz Lakasta

Foru Gobernuak ekainaren 3ko Nafarroako banderaren aldeko manifestazioan parte hartu beharko luke. Eta gobernua sostengatzen duten lau indarrek. Eta guztiok. Esaterako, Francoren ereinotz koroaren ordez LGTBI mugimenduaren ortzadarra duten Nafarroako banderarekin. Edo Twitterren baten batek zabaldu duen mailu eta igitaidunarekin —bandiera rossa (navarrese) la trionfera—. Betiere, Nafarroako bandera mordoarekin. Protestara deitu dutenen amarru diskurtsiboa agerian uzteko era ederra litzateke.

Denok baikaude Nafarroako banderaren alde, haien identitateak ez baitu inolako erasorik pairatu: inork ez du kendu ez Nafarroako bandera, ezta Espainiakoa ere. Erasotzat hartu dutena izan da besteen identitatea ere errespetatua izatea: Nafarroako Parlamentuan gehiengo osoz erabakitzea udaletan gehiengo osoz erabaki ahal izanen dutela ikurrina ere zabaltzea, beste banderarik kendu gabe. Erabaki demokratikoagorik...

Zaldieroak zinta batean ederki laburbildu du diskurtso tranpatia: «Euskaldunak ez ikusteko gure eskubidea urratzen ari dira». Abenduaren 3ko manifestazioa eskubide baztertzaile horren aldarrikapen histrionikoa da: Nafarroa(ko bandera) gurea da, eta horretan ez dago zuentzako tokirik. Jota parafraseatuz: «¡Que te vayas de Navarra!».

Gehiengo soziala haiena dela diote, kasualitatearen handia, aldaketaren aldeko indarrek 2014ko hauteskundeen aurretik zioten berbera. Ordura arte beste batzuek zerabiltzaten goiburuak darabiltzate: «Defendamos la bandera de Navarra - Gurea defenda dezagun». Herritar plataformak eta koordinadorak sortzen ari dira, orain ekainaren 3ko elkarretaratzea antolatzeko, orain Erorien Monumentuaren eraisketaren aurka egiteko. Kontuz ibil dadila Zaldieroa, apika aurki Nafarroa Kapitainaren trasunto erregionalista sortuko dute eta: Capitan Navarra, Ultzamaraino eta harago!

Haien inspirazio iturriak ezaguturik noizbait karriketara aterako zirela argi bazegoen ere, adierazgarria begitantzen zait noiz egin duten, hain justu Ultzamako Biometanizazio Zentroaren kudeaketa susmagarriaren eta UAGNren finantzaketa irregularraren eskandaluek eztanda egin dutelarik: zeinen diren egokiak banderak lotsaizunak estaltzeko, zeinen izanen den beroa uda honetako bandera gerra.

Maiatzaren 24ra eta hartara legealdiaren erdira iristear garen honetan, galdera bistakoa da: eskuin politiko eta mediatikoaren konfrontazio identitarioaren estrategia zabarrak funtzionatzen al du? Nik ez dakit. Ez dut argi. Gauzak oso parekaturik daudelakoan nago.

Baina irudipena daukat aldaketaren aldeko indarren artean batek baino gehiagok baietz uste duela, 2019ko hauteskundeei begira ezinezkotzat jotzen duela laukoak berriro gehiengo osoa erdiestea, eta hartara jada gehiago pentsatzen ari dela laukotekideekin lehiatu behar dituen botoetan, erregimen zaharrarekin lehiatzean baino. UPNk bandera gorria astintzen duen bitartean, zurikeria aurrera.

BERRIAn argitaratua (2017/05/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA