astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

kirola

OIER SANJURJO

«Proiektu sendo baten erroak finkatu behar dira, behingoz»

Eñaut Agirrebengoa

«Proiektu sendo baten erroak finkatu behar dira, behingoz»

Minduta dago Oier Sanjurjo. Osasunaren ibili tamalgarriak irribarrea itzali dio, bere sentitzen baitu taldearen ezina. Etsipena eta frustrazioa gertu-gertutik ezagutu ditu sasoi honetan. Nolanahi, lider petoa da, eta sekula ez da ezkutatzen. Prestutasunez eta zorrozki erantzun ditu BERRIAren galderak. Liderretik bezainbeste dauka hiztun onetik.

Zer balantze egiten duzu bukatzear den denboraldiaz?

Balantzea ez da positiboa. Gauzak ez ditugu behar bezala egin. Hasieratik makal aritu gara, eta ez dugu Lehen Mailan irauteko mailarik izan.

Inoiz bizi izan duzu horren denboraldi zailik?

Hau da Lehen Mailan inoiz bizi izan dudan sasoirik zailena. Gero, hor dago 2014-15eko denboraldia, Bigarren Mailara jaitsi ondorengo hura. Azken unean salbatu ginen. Baina Lehen Mailan, sasoi hau bezalako latzik ez dut inoiz izan. Lau partida falta direla jaistea kolpe gogorra izan da.

Sasoia hasi aurretik ere aurreikus zitekeen sufritu egingo zuela Osasunak. Ordea, orduko hartan lehiakor aritzeko itxaropena izango zenuten.

Bai, hori zen gure helburua. Bagenekien zein zen gure errealitatea. Kontziente ginen taldeak zuen mailaz. Baina gure indar guztiekin borrokatzeko asmoa genuen. Baina, azkenean, ez gara gai izan amaierara salbatzeko aukerekin iristeko. Pena da, salbazioa inoiz baino merkeago baitago. Gauzak hobeto egin izan bagenitu…

Zer arrazoi daude horren sasoi eskasaren atzean?

Arrazoi ugari daude. Ez da bakarrik jokalarien kontua. Klubaren aldetik gauzak ez dira guztiz ongi egin. Maila eman duten bakarrak zaleak izan dira. Osasuna trantsizio egoera batean dago, eta, agian, batzuetan ez da hori kontuan hartu. Duela pare bat urte desagertzear egon zen, eta egoera hori irauli da; batez ere, ekonomia onbideratu egin delako.

Denboraldi hasieran diskurtsoa aldatu zuen zuzendaritzak, eta nahitaezkotzat jo Lehen Mailan irautea. Presio horrek kalte egin dizue?

Hor gaizki-ulertu bat izan zen, gerora garbi ikusi baita Bigarren Mailara jaitsita ere klubaren etorkizuna ez dagoela arriskuan. Dena den, ez dut uste zuzendaritzaren mezuak jokalarioi kalte handirik egin digunik. Horrek Enrique Martin Monrealen etaparekin bat egin zuen, eta hark gaitasuna zeukan presioa jokalarien gainetik kentzeko.

Zuentzat kolpe handia izan zen Enrique Martinen kaleratzea?

Albisteak ezustean harrapatu gintuen, eta, bai, kolpe handia izan zen. Enriquerekin oso konexio polita sortu zen azken bi denboraldien ostean. Harreman oso indartsua genuen.

Gero, gainera, Joaquin Caparros etorri zen, eta harekin hondoratu egin zineten. Zer gertatu zen?

Enriqueren kargugabetzeak eragindako shock horretan murgilduta geundela, Caparros etorri zen. Hari aitortu behar zaio taldea oso egoera txarrean hartu izana, baina bere mezua ez zen guregana iritsi. Gauzak ondo joan daitezen, taldeak liderrean eta bere mezuan fede itsua izan behar du, eta, Caparrosen kasuan, ez zen konexio hori lortu.

Harekin harreman oso txarra omen zenuten, eta ez ei zenuten dena ematen. Hala izan al zen?

Ez. Jokalariak beti bete nahi du entrenatzaileak esaten diona. Baina kontua da Caparrosek ez zuela guk bere mezuan sinesterik lortu. Eta, azkenean, hori guztia zelaian islatzen da. Taldeak ez badu konfiantzarik entrenatzailearengan, eta teknikariak ere ez badu jokalariengan sinesten, ez dago zer eginik.

Baina zer zeukan haren mezuak, zuen konfiantza ez lortzeko?

Jokalariak ez gara inozoak. Sumatzen genuen berak ez zuela gugan erabateko konfiantza. Hori entrenamenduetan, gurekin tratatzeko zuen moduan nabaritzen zen. Bazirudien berarentzat taldeak ez zuela mailarik Lehen Mailan egoteko, eta horrek kalte egin zigun konfiantza aldetik.

Ondoren, Petar Vasiljevic jarri zen entrenatzaile, ordura arte kirol entrenatzaile legez jardun eta gero. Vasiljevicekin suspertu egin zineten hasiera batean.

Caparrosen etaparen ostean, jendeak bazeukan gogoa gauzak berriz ere bide onean jartzeko. Pozik hartu genuen Vasiljevicen etorrera, hasieratik esan baitzigun gugan erabateko konfiantza zuela. Kontua da, lehen partidetan lan txukuna egin arren, ez genuela irabazi, eta horrek zalantzak eragin zizkigun. Bere mezua eta bere entrenatzeko modua dudan jartzen hasi ginen. Azkenean, duda horiek zelaian islatzen hasi ziren, eta, hala, taldearen gainbehera etorri zen.

Halako denboraldi batean, jokalariak buelta asko emango dizkio buruari, ezta?

Profesionalak garen heinean, gauzak ongi joatea nahi dugu. Eta, nire kasuan, are gehiago, kapitaina izanik. Alde horretatik, sasoia oso gogorra ari da izaten. Halako egoera batean, itxaropena izateko ez duzu zeri heldu. Poliki-poliki taldea hondoratuz doa, eta zuk ezin duzu ezer egin.

Zaila izango da diskurtso baikor bati eutsi behar izatea, nahiz eta agian benetan ez sinistu.

Bai. Aukera matematikoak zeuden bitartean, gure eginbeharra zen irabaztea eta posible zela sinestea. Zaleei begira, gure mezua ezin zen bestelakoa izan. Baina, barrura begira, bagenekien gauzak oso zail genituela.

Ingurukoek tristeago nabaritu zaituzte azken bolada honetan?

Bai, erabat. Futbola aldarte egoera bat da. Dena eman arren, emaitza txarrak lortzeak frustrazioa eragiten du, eta hori etxera ere eramaten duzu. Ni sasoi honetan ez naiz beti bezain zoriontsu izan.

Lana eman diezu etxekoei.

Bai, eta eskatu diet barkamena. Bolada kritiko batzuk izan dira, partida eta entrenamendu batzuen ondoren. Horietan esan diet: «Barkatu, baina ulertu zein den egoera. Ezin naiz beste era batera egon. Iritsiko dira garai hobeak».

Zelaian nola ikusi duzu zeure burua?

Gorabeherak izan ditut, taldeak bezala. Dena den, oro har pozik nago egin dudan sasoiarekin. Neure burua Lehen Mailan lehiatzeko gai ikusi dut. Zenbakiek ere hori diote, ia guztia jokatu baitut. Fisikoki ere ondo sentitu naiz.

Erdiko atzelari gisa aritu zara sasoiaren bigarren zatian, eta hor aritu zara erosoen, ezta?

Bai. Azkenean, erdiko hiru defentsarekin jokatzen duzunean babestuago egoten zara, eta horrek eragina izan du. Dena den, sasoian beste hainbat postutan ere aritu naiz. Eta hori sasoiaren isla da. Hegalean, erdian, defentsan… jokatu dut. Beti adabaki gisa. Lesio pila izan da ere bai. Beti hamaikako sendo bat osatzeko arazoekin ibili gara, eta hori arazo handia izan da.

Sasoia oraindik ez da amaitu, baina jada 80 goletik gora jaso duzue. Defentsa gisa, nola sentitzen zara?

Minduta. Hainbeste gol jasota, ezin naiz beste modu batera sentitu. Hori urte osoaren deskribapena da: nahi eta ezin. Zenbaki guztiak dira txarrak. Gol asko jaso dugu, gutxi sartu ditugu, puntu oso gutxi pilatu ditugu… Dena da txarra. Baina, aizu, egoera horretan aurpegia emateak badu bere meritua. Gauzak oso gaizki atera zaizkigun arren, ez gara ezkutatu.

Auzitegietatik hainbat albiste txar iritsi dira, eta zuzendaritzaren ustezko azpijokoak ere bolo-bolo ibili dira. Horrek izan al du eraginik zuengan?

Gauza horiek alde batera uzten saiatzen gara. Gu futbolean zentratu behar gara. Horrekin nahikoa daukagu. Baina egia da halako gauzek ez dutela laguntzen. Ez dakit eragin zuzena duten, baina lagundu, behintzat, ez dute laguntzen. Espero dut gauza horiek behingoz argitzea eta bukatzea.

Zer iritzi duzu zuzendaritza honen jardunaz?

Egoera oso zailean iritsi zen, beste inork klubean sartu nahi ez zuenean. Alde horretatik, meritu handia dute. Ordea, denboraldi honetan hutsegite batzuk egin dituzte, jokalarion eta entrenatzaileen antzera. Taldea osatzeko agian ez dute behar beste diru erabili. Orain, trantsizio garaia da, hauteskundeak baitatoz. Berme oso onak daude etorkizun oparo bat eraikitzeko.

Hauteskundeak urrian egitea erabaki dute bazkideek. Ez al da beranduegi?

Jendeak erabaki badu hori dela aukerarik onena, bada, aurrera. Ondo ikusten dut. Orain izango balira, agian denbora gehiago egongo litzateke talde berria osatzeko. Baina bazkideek ez dute aukera hori hautatu, eta ez zaio buelta gehiago eman behar.

Zer aldaketa egin behar dira?

Ezinbestekoa da entrenatzailearekin asmatzea. Hurbila izan behar du, eta klub honen balioak eta ezaugarriak ezagutzen dituena. Bestalde, jokalariok umilak izan behar gara, eta garbi izan behar dugu Bigarren Mailan lehiatzea oso zaila dela. Ilusioa eta gosea izan behar ditugu.

Bada bereziki gustura hartuko zenukeen entrenatzailerik?

Badira gustuko ditudan entrenatzaile asko. Adibidez, Gaizka Garitano ezagutzen dut apur bat, eta oso ongi hitz egin didate. Lanean oso fina omen da. Gure ezaugarriekin bat datorrela uste dut. Baina, Garitanoz gain badira beste entrenatzaile on asko lan txukuna egingo luketenak.

Zein helburu izan beharko luke taldeak datorren sasoian?

Partidaz partida joatea, erotu gabe, jakinda zein den gure errealitatea. Datorren sasoia lehiatzea oso zaila izango da. Umiltasun horretatik abiatuta, dena eman behar dugu lehen partidatik.

Zuzendaritzak aipatu du Osasuna ahal den azkarren bueltatu behar dela Lehen Mailara. Zuk, ordea, patxada gehiagoz jardungo zenuke.

Irmoki diot: lasaitasuna izan behar dugu. Gauzak ongi egiteko, lasai aritu behar da. Igotzeko lau urte behar baldin badira ere, berdin du. Proiektu sendo bat egiteko erroak finkatu behar dira, behingoz.

Nafarroako Ogasunarekin duen zorra kasik osorik kitatu du Osasunak. Hortaz, bada motiborik etorkizunari begira baikor izateko, ezta?

Bai, ni oso baikorra naiz. Zorra kitatu dugu, aurrekontu ona dago datorren denboraldirako… Azkenekoz jaitsi ginenean, baldintzak oso bestelakoak izan ziren. Orain, egoera askoz ere hobea da.

Eta zer esango zenuke zure etorkizunaz?

Fisikoki oso ongi ikusi dut neure burua, eta aurrerantzean ere elastiko hau jantzi eta kapitaina izan nahiko nuke. Klubaren mendeurrenean [2020an] hemen egon nahiko nuke. Maitasun handia diot Osasunari, asko eman baitit, atsekabeak barne. Bizipen horiek guztiak nirekin daramatzat.

BERRIAn argitaratua (2017/05/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA