astekaria 2017/05/12
arrowItzuli

kultura

MICHAEL TAUSSIG

«Esklabotzak badirau AEBetan, beste izen batekin»

Gorka Erostarbe

«Esklabotzak badirau AEBetan, beste izen batekin»

Jakin-minak eta munduak bizi zuen irakite politiko-sozialak bultzatuta, Australia jaioterria utzi eta Kolonbiara egin zuen 1960ko hamarkadan. «Mundua aldatuko genuela uste genuen orduan». Medikuntza ikasi zuen aurrena Michael Taussigek (Sidney, 1949). Antropologia lizentzia London School of Economicsen eskuratu zuen, hurrena. Egun, irakasle da Columbiako Unibertsitatean (AEB) eta European Graduate Schoolen. Hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu, besteak beste, nekazaritzaren komertzializazioaz, esklabotzaz, kolonialismoaren ondorioez —historikoaz etagaraikideaz—, bortxakeria instituzional eta paramilitarraz, kapitalismo globalizatuaz... Gaztetako jakin-min eta mugitzeko gose horrek berak mugituta iritsi da Donostiara, Seed Journey proiektuaren ekimenez. Hazien inguruko proiektua da hori; Oslotik abiatu ziren iazko irailean, eta Istanbul dute helburu. Bideko geldialdietan, leku bakoitzeko haziak biltzen ari dira, hazi zaharrak, horiek babestu eta baita landatzeko helburuarekin ere. Michael Taussig proiektu horren kolaboratzailea da, eta, Seed Journey proiektuaren inguruan Donostian hainbat jarduera izango direla aitzakia hartuta, Tabakalerara ere gonbidatu dute. Han, guztiz bestelako gai baten inguruan ariko da. Gorpuen mendekuaren magia eta bere desagerpen bitxia hitzaldia emango du bihar (19:30), batez ere AEBetan beltzen komunitateak Poliziaren aldetik pairatzen duen indarkeriari eta jazarpenari buruzkoa; «nahiz eta bestelako gai batzuk ere agertuko diren hari lotuta».

Ikuspegi antropologikotik zer gogoeta egiten duzu AEBetan beltzen komunitateak jasaten duen jazarpen eta biolentzia polizialaren inguruan?

Kontu konplexua da, baina hitz gutxitan esateko: esklabotzak badirau AEBetan, nahiz eta beste izen batekin izan. AEBetako gerra zibila amaitu orduko, bederatzi lege aurkeztu zituzten arraza beltzeko jendea kontrolatzeko.1980ko hamarkadaren erdian, Ronald Reaganen agintaldian, hasi ziren jende beltza espetxeratzen, droga kontuengatik batez ere; Reaganen garaian indarra eta ospea izaten hasi zen drogaren aurkako gerra deitu zutena. 1980an, gutxi gorabehera, miloi erdi preso beltz zegoen; gaur egun, 2,7 milioi preso beltz daude, eta ia beste bost milioi ez espetxean, baina bai administrazioaren kontrolpean.

Droga da beltzen aurka egiteko aitzakia, hortaz?

Droga da estatuak kontrolerako darabilen arma; baina ez droga soilik; bitxia badirudi ere, baita automobilaren industria eta autoa bera objektu bezala ere. Fergusonen [Missouri], beltz askok eta askok dituzte arazoak autoekin; autoen inguruko zergak direla eta. Haietako askok ez dute nortasun agiririk baina badute autoan ibiltzeko lizentziarik, eta horrekin kontrolatzen dituzte. Autoa beste droga mota bat da, eta kontrolerako tresna, hortaz.

Trump AEBetako gidari dela, berriro hasi dira drogaren aurkako gerraren horrekin, ezta?

Bai, hala da, berriro hasi dira termino hori erabiltzen. Obamak ez zuen erabiltzen gerra hitza, ekar zezakeen oihartzun ezkorrarengatik. Kontua da Trumpi botoa eman dion zuri pobre asko ere drogazalea dela, opiazioen zalea. Eta jende horrek ere kolpe gogorrak jasoko ditu Trumpen administraziotik, beraz, ikusiko da...

Biolentzia ofizial edo erakundezko horretaz jabetzen da jendea?

Uste dut pertzepzioa oso desberdina dela klase edo arrazaren edo talde etnikoaren arabera. Jende beltza kontzienteagoa da, esaterako, biolentzia horretaz, baina badago Poliziak defenda ditzan nahi duen jende beltza ere. Batzuek, nik edo Black Lives Matter kolektiboak esaterako, asko kritikatzen dugu poliziaren jazarpen hori. AEBetan klase ertain urbanoak uste dut amorrua eta mina duela, oro har, jazarpen horrekin. Egunero, poliziak hiru beltz hiltzen ditu; datu horiek enpirikoak dira, baina Gobernuak ez ditu halakoak ematen, soilik bi egunkarik eman izan dituzte: The Washington Post-ek eta The Guardian ingelesak.

Basakeria da datu horrek islatzen duena.

Halaxe da, AEBetan berean dagoen egitate kolonial bat da.Deklaratu gabeko gerra bat da. AEBek bi gerra dituzte orain bizi-bizirik. Ekialde Hurbilean dute bat, eta bestea etxean bertan. Etxe barruko kolonizazioa da.

Bortxa berezkoa du gizarteak, edo botereak gidatzen du bortxaren dinamika?

Gizakiak historikoki bortxa erabili du botereari eusteko. Badago erreakzio moduan sortzen den bortxa, baina batez ere boteretsuek darabilten kontrol modua da, eta askotan da beldurra dutelako... Bertold Brechten poema hark dioen moduan, boteretsuek jende arruntak uste duen baino beldur handiagoa dauka.

Beren pribilegioak galtzearen beldur?

Bai. Badirudi ez dutela beldurrik, baina badute, eta, beldur direnean, indarkeria erabiltzen dute. Badago ideia orokor bat, ideologia bat, dioena gizakiak berezko joera duela bortxa erabiltzeko, baina hori da boteretsuaren bortxakeria justifikatzeko ideologia bat da. Izan estatuarena edo izan gizonezkoarena; botere egoeran dagoenaren biolentzia justifikatzeko ideologia baino ez da.

Mundua gidatzen duen tradizio hegemonikoa aztertu duzu urte luzez: Mendebaldeko kapitalismoa. Hark ezartzen du biolentziaren dinamika?

Zer alternatiba ditu gaur egun kapitalismoak? Bestalde, ziur aski kapitalismo desberdinak daude munduan barrena, ez baita berdina AEBen kapitalismoa edo Txinarena, edo Espainiarena... Akaso, hasi beharko genuke pentsatzen merkatuaren eta ondasun komunaren arteko harremana lantzeko modu misto berrietan. Gaur egun, neoliberalismoaz hitz egiten da, eta ematen du XIX. mendeko kapitalismo basatira itzuli garela. Nik uste dut hori erreformatu litekeela, transformatu litekeela, eta beharrezkoa dela. Helburu bakar dirua bilakatu du Mendebaldeko gizarteak, eta gizakia non da? Humanismoa non da?

Kapitalismoa muga jotzen ari dela eta faxismoen itzulera sasoia bizitzen ari garela diote aditu dezentek. Hala uste duzu?

Ez dut kapaz ikusten neure burua hain galdera serioa modu txukunean erantzuteko, ez naiz horren jakituna gai horretan.

Zure ikerketa antropologikoak heterodoxoak direla esan izan da. Unibertsitateko esparru akademikotik urruntzen saiatzen zara?

Ez, bueno, egia esan, aitortzen dut nire lana nahiko intelektuala dela. Saiatzen naiz neure burua batez ere idazle gisara identifikatzen. Lehenik, idazlea naiz, libre behatzen eta idazten saiatzen den idazlea, eta, gero, irakaslea. Izatekotan, hori dut heterodoxoa.

BERRIAn argitaratua (2017/05/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA