astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

bizigiro

Euskara joko eremuan sartuta

Iker Tubia

Euskara joko eremuan sartuta

Beroketa lanak egiten hasi dira, eta zelairatzeko gogoz daude. Kirolak euskararen sozializazioan bete dezakeen rola aztergai izan dute Iruñean, Euskarabideak antolatutako jardunaldietan. Bertan, dagoeneko martxan diren esperientzia batzuei buruz mintzatu dira, eta haurrek eta nerabeek kirolaren bidez elastikoa ez ezik, mingaina ere izerditzeko dauden aukerez eta erronkez.

«Oso garrantzitsua da kirolean eta horrelako jardueretan haurrak euskaraz ohitzea, bai gimnasia irakasgaian, bai hezkuntza ez formalean, gero haien kabuz jolasten aritzen direnean askotan antzeko jarduerak egiten dituztelako. Lehendik euskaraz egitera ohitu badira, gero errazagoa da jarduera hori egiten trebatu diren hizkuntzan aritzea». Uste hori du Luis Mari Zulaika heziketa fisikoan doktore eta EHUko irakasleak. Eta uste berekoak dira jardunaldietan parte hartu duten beste asko ere. Besteak beste, Paula Kasares soziolinguistikan doktore eta Euskarabideko plangintza eta sustapeneko zuzendaria: «Oso berriki arte ez gara ohartu era franko garbian alderdi ez formalak, edo informalak, hizkuntza biziberritzeko prozesuetan zer garrantzi duen. Ez bakarrik familiako transmisioa, aisialdiaz ari naiz».

Hizkuntza eskoletan, unibertsitateetan, administrazioan eta hedabideetan sartzearekin dena konponduko zelako ustea ustela dela nabarmendu du. Haren aburuz, hizkuntza gutxituetako hiztun taldeei zaila zaie haien haur eta gazteen artean biziberritu nahi duten hizkuntzaren erabilera errotzea. «Hori lortzen delarik, hori bezalako seinale onik ez dago».

Zulaikak uste du aspalditik badela kontzientzia gaiaren inguruan. «Bere garaian esaten zen 'Entrenatzaileak kirola ezagutu behar du', baina hori gaindituta dago. Nik ezagutzen dudan errealitatean jarduera horietarako begiraleei euskara menperatzea eskatzen zaie». Egoera ez da bera Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, noski. Hala ere, kezka mahai gainean jarri dute Iruñean. Bestalde, kirolean euskara sustatzeko baliabide eta bibliografia dezente aurreratu dela dio hezitzaile fisikoak, batik bat hastapen mailetakoa: entrenatzaileentzako materiala, EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak sakelakoetarako prestatutako jolas eta entrenamenduak, jolasetarako materialak, Debarroko udalek eta Realaren fundazioak egindako eskuliburuak, eta udalek zein mankomunitateek egin dituzten akordioak eta formakuntza saioak aipatu ditu horren adibide.

Dena den, Kasaresek gabezia nabarmen bat antzeman du: gaia ikertzeko lerro sistematikorik ez da osatu. «Ez da teoria egokirik izan. Uste dut marko metodologiko bat behar dugula koherentzia emanen diona egiten dugunari». Ideia hori garatu egin du: orain arte transmisioa da erabili den kontzeptua, eta horren erdigunean izan dira familia eta eskola. Transmisio horretan eragileak goitik beherakoak dira: guraso eta irakasleek haurrari. Helburua, euskara ikastea izan da. Kasaresek paradigma berri bat proposatzen du. Kontzeptua sozializazioa izan behar duela uste du, eta erdigunean gizartea paratu, baita aisialdia eta kirola ere, adibidez. Eragileak noranzko guzietakoak izan daitezkeela nabarmendu du, eta helburua euskara ikasi bakarrik ez, haurren arteko komunikazioa izan behar dela: erabilera. «Kirolak haurrak hiztun bilakatzeko duen izaera sozializatzailea aitortu, agerian utzi, indartu eta hedatu behar da».

Soziolinguistak nabarmendu du gazteen euskararen ezagutzaren igoera erabileraren igoera bihurtu behar dela, eta eskolak eskaintzen duen hizkuntza jabekuntza prozesua osatzeko aukera eskolatik kanpo egon daitekeela uste du. Hain zuzen ere, aisialdi jarduera eta kiroletan, besteak beste. «Kirolak, aisialdi jarduera antolatu gisa, zubi lana egin dezake euskararen transferentziak sustatzeko edo errazteko». Zulaikak ere garrantzia aitortu dio jarduera horri euskararen normalizazioari dagokionez. «Haurtzaroan egiten den kirola hezitzailea izan behar da, eta ikuspegi horren barruan euskararen sustapenean baliabide bat ere bada». Euskara bigarren hizkuntza duten haurrentzat, bereziki, interesgarria dela uste du. Askotan, haur horiek ez dute aukerarik euskaraz aritzeko eskolatik kanpo, eta kirolaren bitartez euskarazko ingurune bat eskaini ahal zaie.

Esperientzia positiboak

Lanean hasterako tenorean, ongi da ingurura begiratu eta dagoeneko martxan dauden proiektuak ezagutzea. Gaia ongi ezagutzen du Dindaia elkarteak. Nafarroako D ereduko ikastetxeetako aisialdiko jarduerak euskaraz eskaintzen ditu. «Kirola guretzat bitartekoa da, ez helburua. Euskara sustatzea da gure helburua», azaldu du Esther Lakasta elkarteko arduradunak. Haien jardueretarako begiraleekin formakuntza saioak egiten dituzte. «Begiraleek jarduera horren edukiak ongi ezagutu behar dituzte, baina formazioa ematen diegu guk nahi ditugun helburuak lortzeko baliabideak izan ditzaten», azaldu du. «Gehienbat haiek jabetzeko eragiten ari direla haurren hizkuntza portaeran».

Euskararen erabilera bultzatzeko gomendioak ematen dizkiete. Adibidez, gazteleraz eginez gero ez zigortzea. «Euskararekin gozatzen badute, gero eragina izanen du haien arteko harremanean ere». Dindaia alor ez formalean aritzen da, baina beste kirol jardueretan ere euskara sustatzeko beharra aipatu du Lakastak. «D ereduko haurrek badute bermatua kirola euskaraz egitea, baina jostatzeko. Eskola eremutik aterata, eta profesionalagoa litzatekeen horretan hutsunea dago». Noski, hor beste mezu batzuk ere ematen dira: «Estatusa neurtzen ahal da: jolasteko eta ongi pasatzeko euskara, baina profesionalagoa izateko euskarak ez du tokirik. Beraz, arlo hori ere bete beharko litzateke».

Sakanako Mankomunitatean (Nafarroa), adibidez, eskolatik kanpoko kirol jardueretan euskaraz aritzeko programa martxan dute. 2013an konturatu ziren egoera aldatu beharra zeukatela: udalek antolatutako kirol jardueretan euskararen erabilera arautu eta begiraleei irizpideak ematea adostu zuten. Herririk handienetan bermaturik dute kirola euskaraz egiteko aukera. Talde batean gehienak euskaldunak badira, euskaraz egiten dira jarduerak, eta gehienak erdaldunak badira, erdaraz, baina euskara tarteka sartuz, animo hitzetan adibidez.

«Erabiltzaileek eskertzen dute kanpaina hau eta jarduerak euskaraz eskaintzea», azaldu du Amaia Gerrikagoitia mankomunitateko kirol teknikariak. «Behar-beharrezkoa da kirolean gai hau lantzea, gustura egiten duzun gauzetan euskara erabiltzeak beste zentzu bat ematen diolako erabilerari». Bestalde, gogora ekarri du familia batzuk erdaldunak direla, eta haur batzuek ez dutela euskaraz aritzeko espaziorik ikastetxetik kanpo. Hala, instituzioek kirola euskaraz egiteko aukerak eman behar dituztela nabarmendu du Gerrikagoitiak.

Irunen ere (Gipuzkoa) jabetuak dira kirola euskaraz egitearen garrantziaz. Duela 20 urte sentsibilizazio kanpaina bat abiatu zuten: biserak, kamisetak... Baina ez zuen fruiturik eman. «Kamisetak ikusten ziren kalean, posterrak, baina erabileran ez zen aldaketa handirik», azaldu du Pablo Murias Irungo kirol teknikariak. Koordinatzaile pedagogiko bat kontratatzea erabaki zuten gero, euskararen aldetik baliabideak eskaintzen zizkien begiraleei eta kirolaren aldetik formakuntza.

«Duela zortzi urte eman zen benetako pausoa: eskola kirola profesionalizatzea». Hau da, orain begiraleek badute lan kontratua. Lanpostu hori lortzeko bi irizpide daude: batetik, kirol ezagutza eta gaitasuna izatea. Bestetik, euskararen ezagutza. «Horrek bermatzen du ez dela arazorik izango». Modu horretan kirola, euskara eta balioak lantzen dituzte, «modu kontzientean» betiere. «Baditugu unitate didaktikoak balioak lantzeko, eta kirolariei hiru hilabetean behin ematen zaie bilakaeraren berri hiru alorretan», esan du teknikariak.

Haurren idoloak, euskaraz

Jarduera bakarrik ez, kirola bere osotasunean euskalduntzeko beharra ere nabarmendu dute alorrean ari direnek. «Gehienbat futbolarekin, beren erreferente guztiak, idoloak, baita erabiltzen duten hiztegia ere guztiz erdalduna izaten da. Hutsune handia dago euskarazko erreferenteetan», ohartarazi du Lakastak. Hala, Dindaiak Xamariko izeneko pertsonaia du, kirolari euskaldunekin bildu, eta horren berri haurrei emateko. «Xamarikoren lagunak dira Abel Barriola eta Oier Sanjurjo. Hori erabili dugu haurrak kilikatzeko, eta ikus dezaten haien erreferente batzuk euskaldunak direla».

Zulaikak ere nabarmendu du kirolari batzuek duten sona, eta haiek euskaraz aritzeak duen eragina. «EITBn askotan behartzen dituzte erdaraz erantzutera euskaraz badakiten kirolariak. Garrantzitsua litzateke horiek euskaraz egitea, haurren atxikimendua lortzeko». Kirolariengan ere jarri du ardura Kasaresek: «Kirol arloko eragileak haurren hizkuntza sozializazioan duten egitekoaz ohartarazi behar ditugu». Kirola euskalduntzeak hiztegia euskalduntzea ere ekarriko luke. «Aspertuta nago amarilla (horia) atera diotela entzuteaz, edo pasos, ez urratsak», dio Zulaikak.

Haurrak ere izan daitezke eragile, Kasaresen aburuz. «Haurrak hiztun gisa trebatzen dira bertze haurren laguntzaz. Hori ulertzen badugu, aukerak biderkatuko dira». Hori lortu liteke, adibidez, jardueren izaera instituzionalizatua lausotuz: «Sentitu dezatela libre ari direla». Bide horretan, Lakastak uste du batera arraun egin behar dela. «Haurrak, eskola, begiraleak eta familia, denok ados jarri behar dugu norabide berean joateko».

BERRIAn argitaratua (2017/05/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA