astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

kirola

MIKEL LANDA

«Skyko buruak esan dit Thomasek eta biok aukera berberak izango ditugula»

Imanol Magro Eizmendi

«Skyko buruak esan dit Thomasek eta biok aukera berberak izango ditugula»

Zehatz-mehatz aztertu du Italiako Giroa. Prestaketa ona izan da, eta puntu-puntuan iritsiko da. Alpeetako Itzulitik bueltan, Mikel Landak egun batzuk egin ditu Euskal Herrian, eta tarte bat hartu du BERRIArekin hitz egiteko. Egun hotza irten du, eta beroa nahiago du berak; umoreko dago hala ere. Biharko eguna noiz iritsiko irrikan dago, Giroari ekiteko.

Noiz jarri zinen Girora begira? Noiz hasi zen prestaketa?

Iazko azaroan, egutegia diseinatu genuenean. Abenduan hasi nituen entrenamenduak urteko helburura begira.

Bihar hasiko da, baina azken hilabeteetan askotan etorri zaizu Giroa burura lo hartu aurretik?

Bai, gauzak nahi duzun bezala irteten ez direnean batez ere. Aitzakiaren bat bilatzen duzu: Giroa maiatzean izango dela, orduan ondo egongo zarela...

Ibilbide liburua buruz ikasi al duzu dagoeneko?

Begiratzen diogu bai; ondo ezagutzea gure erantzukizuna da. Zuzendariak ere ondo aztertzen du, eta etaparen bat begiratuko dugun erabakitzen dugu: erlojupekoak, mendiko etaparen bat… Izan ere, Alpeetako etapak ikusi nahi izanez gero, joan den astean, esaterako, ezin ziren ikusi elurtuta zeudelako. Ondo antolatu behar duzu otsailaren aurretik horiek aztertzeko.

Euskal zale askok Giroa gustukoago dute Tourra baino. Zuk, zale gisa, nahiago al duzu?

Nik ere bai, zale gisa Giroa nahiago dut. Lasterketa irekiagoa da: zaila da asmatzea zeinek irabaziko duen azken egunera arte. Tira, zale bezala eta txirrindulari bezala ere bai.

Zer moduz zaude? Potentziometroak eta makinek zer diote?

Ondo nagoela esaten dute. Alpeetako Itzulian ondo nabaritu nuen neure burua, egunez egun hobera eginda, eta ondoren harturiko atsedenak mesede egin dit.

Makinek hori, eta bihotzak?

Hura ere ondo. Nahiko alai nabil, motibazio handiz eta Giroa hasteko gogotsu.

Alpeetako Itzulian, konklusiorik atera zenuen? Egun txar bat izan zenuen hasieran.

Bai. Zalantzak neuzkan, Kataluniako Volta ez nuen bukatu, eta gero hiru aste egon nintzen lehiatu gabe. Zalantzak neuzkan nire sasoiaren inguruan, eta Alpeetako Itzuliko lehen egunean erritmo falta ordaindu nuen, baina gero ondo sentitu izanak lasaitasun handia eman dit.

2015eko Giroan, hirugarren izan zinen. Orduko gorputzaldiarekin alderatuta, nola zaude?

Antzera nago. 2015ekoa errepikatzeko itxaropena dut.

Zure inguruan beti sortzen da ilusioa. Euskal zaleak itxaropen handiak ditu jarriak zugan. Ikusmin hori nabaritzen duzu? Eta, era berean, presioa al da?

Jendearen babesa nabaritzen dut, eta hori garrantzitsua da. Nik egiten dudanarekin jendeak gozatu egiten duela jakitea handia da niretzat. Asko betetzen nau jendeak nik egiten dudanarekin gozatzen ikusteak. Presioa badago, baina presio ona. Ez naiz gehiegi kezkatu emaitzak etorri ez direnean, eta, oraingoz, ez dut presio txarrik nabaritu.

Zerekin geldituko zinateke gustura Giroan? Zeintzuk dira zure buruari jarritako etxeko lanak?

Lasterketaren parte garrantzitsua izanda. Azken egunera arte lehiatuz gero, pozik egongo nintzateke. Berdin dio lehenbiziko izateko, hirugarren edo lehen hamarretan sartzeko. Behintzat, lasterketan pisua edukitzea.

Iazko urtea txarra izan zen zuretzat, itzuli handiei dagokienez. Giroa bertan behera utzi behar izan zenuen, eta Espainiako Vueltan ezin izan zenuen parte hartu. Itzuli handi bat lehiatzearen premia nabaritzen al duzu?

Bai, bai, batez ere 2015eko oroitzapenekin. Haren ondoren, beti itzuli nahi duzu itzuli handi batera. Iazko urtea, alde horretatik, txarra izan zen, baina asko ikasi nuen, eta espero dut Giroan egun txarren bat baldin badator esperientzia hori erabilgarri izatea.

Ibilbidea gustatzen al zaizu? Igoerak badaude.

Azken astea oso gogorra da, baina Giroan beti da horrela. Aldapa gora bukatzen diren etapak oso politak dira niretzat. Azken astean erabakiko da itzulia, baina lehen astean badaude etapa interesgarri pare bat.

Etapa interesgarri horietako bat Etna sumendira igoera da, laugarren etapan. Gustatzen zaizu mendia hain goiz sartzea?

Bai, zergatik ez? Horrek garrantzia ematen dio Giroari sasoiko hasteari, baina garrantzitsuena azken astera indartsu iristea da. Lehen asteko aldeak ez dira oso kontuan hartu behar.

Ez al dago erlojupeko gehiegi Landarentzat? Guztira 70 kilometro dira bakarka.

Bai, niretzat bai. Erlojupeko gutxiagorekin egokiagoa litzateke niretzat. Baina, tira, iaz erlojupekoarekin oso gustura bukatu nuen, eta horrek motibazio handia eman dit beste erlojupekoei aurre egiteko. Nire aurkari zuzenek nire antzeko profila dute: igotzaileak dira; beraz, ez diet hainbesteko beldurrik erlojupekoei.

Azken bi urteetan, erlojupeko zure maila asko hobetu al da? Datuek zer diote? Asko landuko zenuen alor bat da.

Heldutasun gehiago dut, eta hortik dator hobekuntza. Txirrindularitza arnasa luzeko kirola da, eta erregulartasun handiagoa dut orain. Lehen egon oso onak eta oso txarrak izaten nituen, eta orain egun on gehiago dauzkat. Hori eman didate urteek.

Ba al duzu etaparen bat gorriz markatuta ?

Stelvioko etapa oso egokia da niretzat [16.a, maiatzaren 23an], mendate guztiak ezagutzen ditudalako. Mortirolo igotzen dugu ere bai, eta 2015ean oso ondo ibili nintzen bertan. Baina, tira, aldapa gora bukatzen diren etapa guztiak dauzkat gorriz markatuta.

Sky taldean, egoera oso bitxia duzue, bi taldeburu zaudete, Geraint Thomas eta zu. Nola bizi duzu egoera?

Taldeko buruek urte hasieran erabaki zuten Geraint Thomasek ere aukera bat merezi zuela bere lasterketa egiteko, eta hark Giroa aukeratu zuen. Nire aldetik, ez dago arazorik; ondo moldatzen gara, eta taldearentzat ona izango da bi lider egotea. Aurkari zailak izango gara kontrolatzeko.

Nolakoa da Thomas? Hitz egin al duzu berarekin?

Oso tipo jatorra da. Asko lehiatu dugu elkarrekin aurten: Tirrenon, Voltan, Alpeetan... Oso jatorra da, galestarrek eta euskal herritarrek antzeko umorea daukagulako izango da agian.

Asko hitz egin da gaiari buruz, Skyk izan zuelako antzeko aurrekari bat Chris Froome eta Bradley Wigginsekin, 2012ko Tourrean. Nahi gabe ere zaleari hura datorkio burura. Beldurrik ba al daukazue?

Gaur egun, jabearen babesa daukat. Dave Brailsforden babesa daukat, eta hark esan dit biok aukera berberak izango ditugula. Harengan sinesten dut, eta espero dut arazorik ez izatea.

Ugazabak esan badu, arazorik ez orduan.

Nahiko hurbil izan dut beti Brailsford, eta horrek lasaitasuna ematen dit.

Etapen ordenak, baina, ez dizu laguntzen. Erlojupeko luzeena azken astearen aurretik da, eta Thomas erlojupekoan espezialista izanda, pentsa daiteke zure aurretik iritsiko dela mendiko etapetara. Arduratzen al zaitu?

Ez dut asko pentsatzen, egin ditzakezun kalkulu guztiak lasterketak alda ditzakeelako. Baina ez dut uste arazorik izango dudanik nire lasterketa egin eta nire kartak jokatzeko.

Skytik kanpo ere ez zaizu aurkaririk faltako. Luxuzko parte hartzaileak daude. Baten bat ikusten al duzu indartsuago?

Niretzat, Nairo Quintana (Movistar) da faborito nagusia. Azken urteetan, indartsuena dela erakutsi du, baina txirrindulari on asko dago: Vincenzo Nibali (Bahrain), Steven Kruijswijk (Lotto), Bauke Mollema (Trek), Simon Yates (Orica)... Aurkari on asko dago. Aurten, lehen hamarren artean gelditzea oso zaila izango da.

Izen handiei erreparatuz, lagun handi bat galdu berri duzu: Michele Scarponi taldekide ohia. Kolpea hartuko zenuen zuk ere.

Bai, egia esan, oso kolpe gogorra izan zen. Bezperan, elkarrekin egon ginen, betiko tontakeriak egiten. Oso tipo alaia zen, eta hurrengo egunean albistea jaso nuenean ezin nuen sinetsi. Pena handia eman dit, bai niri eta bai tropel erdiari. Jendearengana iristen zen pertsona bat zen

Zuk izan al duzu inoiz susto handirik errepidean?

Ez dut inoiz susto larririk izan. Agian, ibiltzen naizen tokiak lasaiak direlako, edo errepide aproposak aukeratzen ditudalako, baina ez dut inoiz arazorik izan.

Eta beldurrik pasatu?

Ez dut beldurrik, eta gustatuko litzaidake horrela jarraitzea. Errepidera irteteko beldurra dudan egunean, oso zaila izango da entrenatzea. Argi daukat edozein tokitan gerta daitekeela edozein zorigaitz. Egunean bizi behar da; egunak ondo aprobetxatu eta gertuko jendearekin gozatu.

Gidarien artean, pedagogia egin behar al da?

Ez dakit gidarien kontua den. Txirrindulariok bizikletatik jaisten garenean era gidariak gara, eta gidaria autotik jaisten denean oinezko. Sen ona behar da, gizartean batez ere. Gizartean lehia gehiegi dago, eta eskubideak bakarrik ditugula uste dugu. Gidarien edo metro eta erdiren aldea uztearen kontu bat baino gehiago, sen on eta bizikidetza auzi bat dela iruditzen zait.

Sasoi hasieran, azafatak kentzearen aldeko zure adierazpenek oihartzun handia izan zuten. Halakorik espero zenuen?

Ez nuen espero horrelako oihartzunik, baina hala gertatu zen. Gerora, lasterketak hasi dira azafatek podiumetik jaisten, eta nire ustez joera txalogarria da.

BERRIAn argitaratua (2017/05/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA