astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

kirola

GENTZA IRAITZ ZUBIRI

«Pixka bat erreta nenbilen Kaikun, eta aldaketa behar nuen»

Aitor Manterola

«Pixka bat erreta nenbilen Kaikun, eta aldaketa behar nuen»

Arkoten hasi zen traineruan arraunean mendearen hasieran, eta, hiru urtez han aritu eta gero, bost urtez ez zen tostetan eseri. Kaikuk eman zion aukera, 2009an, eta hantxe ibili da iaz arte. Bertako arraunlaritzat jo izan da, hainbeste denbora bertan jardun eta gero, eta horregatik ere deigarria izan zen udazkenean zabaldu zen albistea: Gentza Iraitz Zubiri (Bilbo, 1986) Urdaibaik fitxatu zuela jakin zen. Kaiku eta Urdaibai, Urdaibai eta Kaiku, ia-ia etsaiak azken urteetan, eta Zubiri batetik bestera igaro. Natural hartu zuen erabakia, eta modu berean ematen ditu aldaketa arrazoitzeko azalpenak. Ez du nahi gauzak bere onetik ateratzea, eta burua bere talde berrian baino ez dauka, uda gero eta gertuago den garaiotan.

Zer moduz ari zara moldatzen zure talde berrian, Urdaibain?

Giro ona aurkitu dut taldean, eta gauzak ondo egiten ari dira. Ondo sentitzen naiz, gogoz.

Arraunlari berri dezente zarete taldean; jadanik egina duzue blokea esaten zaion hori, ala oraindik egiten zabiltzate?

Elkar ezagutzen hasieran ibili ginen, eta orain taldea eginda dago. Ondo ari gara lanean, eta ea udan lan horren fruituak jasotzen ditugun.

Zenbat balio duen talde barruko giroa ona izateak, ezta?

Garrantzitsuena ez da izango, baina asko balio du talde barruan gustura ibiltzeak.

Uda gainean da, eta ez da asko falta traineru lehiaketa ofizialak hasteko. Zer iritzi duzu prestakuntzako estropadetan egindako lanaz?

Denetarik izan dugu. Gure probak egin ditugu, eta ustez ondo aritu ginen estropadetan emaitza ez zen hain ona izan, eta alderantziz: ontzi barruan oso gustura geratu ez, eta sailkapenean aurrean ibili. Badira dudak, baina betikoa izaten da hori, ez da kezkatzeko zerbait.

Luze egiten da negua?

Bai, baina azkenaldian eguraldi ona egiten ari da neguan, eta azkarrago igarotzen da horrela. Aurtengo neguan ez digu ia euririk egin, eta onerako antzematen dugu arraunlariok. Horrelako negurik ez dut askotan ikusi, egia esanda.

Zergatik esan zenion baietz Urdaibairen eskaintzari?

Uste nuen Kaikuko nire aroa pasatuta zegoela, eta ia erabakita neukan arrauna uztea ere. Baina neska-lagunak animatu ninduen jarraitzera, eta eskaintzaren bat jasoz gero ondo pentsatzeko esan zidan. Urdaibaik eman zidan aukera, eta kezkarekin heldu nion erronkari, baina ondo doa gauza. Bururako ondo etorri zait aldaketa.

Zergatik zenuen kezka?

Talde berri batera joateak beti sortzen duelako halako kezka bat. Gero, aldaketa batzuk izan dira taldean, ez asko ere, eta ona da taldea aurten ere. Berriak gara dezente, eta ikusi dut denak lanera etorri garela. Horrek asko balio du, arraunlaria gosez eta gogoz badago lana errazago egiten baita.

Esan duzu bururako ondo etorri zaizula aldaketa. Hain gogorrak izan dira Kaikun igarotako azkeneko bi denboraldi ez hain onak?

Tira, gure artean oso giro ona zegoen, baina emaitzak ez ziren onak. Eskerrak giro on horrek betetzen zuen emaitza txarrek utzitako nahigabea eta zuloa. Pixka bat erreta nenbilen, egunero eta hainbeste urtean leku beretara entrenatzera joan beharra eta abar. Horrek ez du esan nahi Kaikurekin haserre nagoenik. Asko zor diot, zortzi urtez ibili nintzen han, eta, Urdaibaiko lehen egunetan, arraroa egiten zitzaidan leku eta jende berria ikustea ere.

Jose Luis Kortarekin erreta bukatu zenuen?

Beti egoten dira eztabaidak harekin, den bezalakoa delako. Harekin lan egin nahi duenak badaki non dagoen, eta badaki nolakoa den. Ez daukat ezer Kortaren kontra, gustura ibili naiz. Nik behar nuen aldaketa, eta ez zaio beste bueltarik eman behar nire erabakiari.

Dopina zela eta ez zela, giroa asko gaiztotuta ibili zen Kaikuren eta Urdaibairen artean, eta oraindik ere ez da haserrea baretu. Zuk klub batetik bestera joateko erabakia hartu zenuenean, arraun munduan harridura moduko bat sortu zen.

Bermeon esaten didate: «Hau da Sestaokoa». Baina ez zaio hainbeste bueltarik eman behar eztabaida horri, ia ahaztuta dago. Eztabaidaren urte horietan Kaikun nenbilen, eta egon ziren bai arazoak bi taldeen artean, baina arraunlarion artean ez dugu horretaz hitz egiten. Egin zen egin beharrekoa, eta kito. Orain, elkarrekin ari gara arraunean.

Zuk zeuk izan zenuen eztabaidarik orain taldekide duzunen batekin edo batzuekin?

Ez, inoiz ez. Arraunlarien artean ez da arazorik egon, eztabaida puntualen bat gorabehera estropadaren batean edo.

Zer moduz Joseba Fernandezekin, Urdaibaiko entrenatzaile berriarekin?

Ondo. Berezia da, buruari bueltak ematen ari da beti. Ezberdina da. Jose Luisekin [Korta] zortzi urtez egon eta gero, hau beste eskola batekoa da. Gustura nabil. Entrenatzaile guztiek bezala, honek ere bere gauza onak eta txarrak dauzka, baina normala da hori.

Aurkariei gehiago begiratzen hasita zaudete uda badatorrelako, ala urte osoan izaten dituzue zainduak?

Trainerillekin hasi ginen aurreko asteburuan, eta gorputza erabat fintzen hasteko garaia da. Erritmoak altxatzeko ordua ere bada. Bakoitzak dauka bere metodoa, eta gero uretan ikusiko da emaitza. Bakoitzak badaki zer lan ari den egiten, gutxi gorabehera non ibiliko den lehiaketetan. Guk zail daukagu Urdaibaik azken lau urteetan egindakoa berdintzea ere, baina horixe da gure erronka, eta horretan saiatuko gara.

BERRIAn argitaratua (2017/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA