iritzia
Zutik iraunen du
Mikel Elorza
Aditu nuen jarduna, baina kontrakantxan jarraitzen nuen. Haien frontoia eta nirea diferenteak dira, desberdinak pilotak, txapak, arauak... Arazoa, nirekiko, finantza erakundeek etxebizitza eta lokalak edukitzea da. Norbaiti kendu dizkiotelako dauzkatelako. Kasuak kasu, mailegua itzultzen ez duenari hipoteka exekutatu eta lokalaren jabetza hartzea normala da, ez naiz inozoa, ez dute oparituko, baina hainbeste edukitzea da kezkagarria. Hainbeste desahuzio eta bere garaian hainbeste mailegu kriminal. Hainbeste ezen etxe-agentziak eratzen ere ari diren... Paranoia honen bukaera izango baita bankuari erostea etxea bankuak berak emandako mailegu batekin.
Horraino iritsi izana da arazoaren parte bat, beraz. Bestea, inportanteena, zenbat jendek ezin duen etxe bat erosi (edo alokatu, prezio zentzuzko batean), milaka etxe huts egonagatik ere (baina hor ez dute soilik bankuek kulpa, ez dira etxe hutsen jabe bakarrak).
Eta kontrakantxan jarraitzen dugu, frontoia ez ezik, artekariak eta ingurukoak ere arrotz zaizkigula. Okupazioarena konpontzeko irtenbidea badakigu zein den: desahuzioak erraztea, alde batetik. Errenta kobratu ezinik dabilenari mesede egiteko, egia da-eta sistema judizialak oso erantzun mantsoa ematen duela kasu hauetan, eta eskrupulurik gabeko jabeak dauden bezala, kopeta izugarriko maizterrak ere badira, legeen arrakalak eta bide luzeak baliatuz jabe askori penitentzia ezartzen diotena. Ez da hori, baina, bankuak kezkatzen dituen arazoa. Arazoa okupazio ilegalarena da, gaztelaniaz ere k-z idazten dena, eta legeak azken urteetan horri emandako erantzuna Zigor Kodea da, zigorren gogortzea. Zuk besterena dena zuretzat hartu duzu, legez kontra, eta ordaindu beharra daukazu.
Finantza erakundeek ere urtetan hartu dute beraientzat besterena zen dirua, zoru-klausulak direla-eta; edo komisio ilegalak bitarte, edo bezeroei kobratuz ez zegozkien gastuak (Notaritzakoak, derrigorrezko aseguruak...). Baina kasu honetan legearen erantzuna ez da Zigor Kodea, bestelako konponbideak baizik. Beste erremediorik egon ez denean —epaitegietako hainbeste urtetako borrokaren ostean—, auzitegiek bai ala bai bezeroen alde egin dutenean, orduan eta ez lehenago Espainiako Gobernuak legea egin du diru horiek itzul ditzaten behartuz. Baina letra txikia asko publizitatu gabe: kostuen alorrean bankuen alde jokatuz, hainbat kasutan oraindik ere epaitegietako borrokara behartuz herritarra...
Ekipo berekoak baitira, elastiko desberdina jantzi arren. Elastiko diferentea baina gerriko bera, gu estutzeko darabiltena.
Baina jakina, sosena asunto serioa da. Pentsa zein den inportantea, kupoari buruzko akordioak 15 urteko zerga-bakea ekarriko duela. Egin itzazue nahi dituzuen gerrak, erreferendum eta deklarazio unilateralak, zerga-bakea lortua dugula! Nola zen poema? Kenduko dizkigute konpetentziak, jarriko errekurtsoak, curriculumak inposatuko; epaituko gaituzte, zigortuko gaituzte, gobernutik botako gaituzte (gure seme-alabek jarraituko dute, noski)... baina gure kupoak iraunen du zutik.