astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

gizartea

'Etxera' heltzeko bi bide

Samara Velte

'Etxera' heltzeko bi bide

Duela bi aste, Gasteizko emakume batek salatu zuen bere bi seme-alaba txikiak bahitu zituztela. Ikerketak segituan jarri zuen bien aita jomugan; hark urruntze agindua zeukan amarekiko. Ustez Frantziara ihes eginda dago orain, Espainiako Poliziaren arabera, eta amari hara joateko eskatu dio. Adingabeen nazioarteko bahiketa esaten zaie halako gertakariei: guraso edo tutoreetako batek haurra bere ohiko bizilekutik ateratzen duenean beste gurasoaren baimenik gabe.

Jatorri desberdineko geroz eta bikote gehiago daude munduan, eta banaketak, seme-alabak tartean daudenean, konplexuago izaten dira maiz. «Kanpokoak diren gurasoek herrialde horretan daukaten errotze maila ikusi behar da», azaldu du Esperanza Ezkerekotxa abokatuak: «Ez badaude oso errotuta, badakizu joan egin nahiko dutela. Eta litekeena da haurra eurekin eraman nahi izatea». Euskal Herrian, kasu gutxi ezagutzen dira, baina batzuek arreta mediatiko handia izan dute. Ezkerekotxak haietako bitan jardun zuen 2000ko urteen hasieran, Legazpin eta Errenterian (Gipuzkoa). Bietan antzeko hurrenkera izan zen: gurasoak banatuta egonik, aitak bisita edo oporraldiren bat baliatu zuen haurra atzerrira eramateko; kasu batean, Turkiara, eta bestean, lehenbizi Alemaniara eta gero Yemenera.

Ikusmin handia eragin ohi dute halako kasuek, baina ez dira gehien gertatzen direnak. «Azken urteotan, asko aldatu da soslaia, eta, orain, munduko kasuen %60tan, ama izan ohi da bahitzailea», zehaztu du EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle Idoia Otaegik: «Haurren zaintza eskubidea daukaten amak dira, askotan tratu txarrengatik ateratzen direnak herrialdetik». Zaintza eskubidea, ordea, mugatuta egon daiteke: «Gerta liteke bi gurasoek izatea haurraren ohiko egoitza erabakitzeko eskumena. Kasu horretan, zaintza eduki arren, bestearen bisita eskubidea errespetatu behar da».

Itun berrien bila

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2011tik 2016ra, adingabeen nazioarteko 107 bahiketa salatu zituzten; 53 kasutan, amari egotzi zioten haurra eramatea. 53 emakume horietatik 27k tratu txarrak salatuak zituzten lehenagotik. «Arazo larriak sortu ohi dira emakumea genero indarkeriaren biktima denean eta haurrarekin bere jatorrizko herrialdera itzultzea erabakitzen duenean», argitu du Ivana Larrosak, Zaragozako (Espainia) Probintzia Auzitegiko ordezko magistratu eta Zaragozako Unibertsitateko irakasleak. «Bahitzaile gisa salatzen badute, haurra itzularazteko prozedura abiatzen da, beste gurasoa erasotzailea izan litekeen arren». Adibide batekin irudikatu du: kide bat errusiarra eta bestea greziarra dituen bikote bat Grezian bizi da. Tratu txarrak direla medio, egoera jasanezina bihurtu da, eta errusiarrak bere herrialdera itzultzea erabaki du, haurra hartuta. Kasu horretan, Grezian geratu den gurasoak salaketa jar dezake bere estatuko Aginte Nagusian, eta hura Errusiako administrazioarekin jarriko da harremanetan haurraren bilaketa eta itzulera koordinatzeko; amaieran, Errusiako epaile batek ebatzi beharko du haurra zilegitasunik gabe eraman ote duten, eta hura itzularazteko arrazoirik ote dagoen. «Nazioarteko akordioek saihestu nahi dute legez kanpoko egoerak [atzerrian] legeztatzea; horregatik, nahiko automatikoa izaten da haurrak lokalizatu eta itzularaztea», uste du Otaegik. Gurasoen arteko harremana bigarren mailako auzia izaten da: «Bikotean arazoak badaude, bizilekuan ebatzi behar dituzte».

Gehienetan, gurasoetako batek bahiketa salatzen duenean hasten da haurraren bilaketa. Batzuetan, epaile batek araututako zaintza erregimena egoten da tartean, baina ez beti. Nazioartean, Hagako Itunak arautzen ditu prozedura horiek, haurraren interesari baliorik handiena aitortuta; mundu osoko 109 estatuk sinatu dute, eta agiriak legezko babesa eskaintzen die administrazioei, elkarri haurren itzulera exijitzeko eta mugez gaindi lankidetzan jarduteko.

«Printzipioz, guk hemendik jarduten dugu, eta beste herrialdeko ordezkariek, handik», azaldu du Ezkerekotxak. «Baina badira bide azkarragoak ere: epailetik epailera, komunikazio judizial bidez...». Eta, zenbait kasutan, baita erabat legezkoak ez diren bideetatik ere. Ezkerekotxak gogora ekarri du bere kasuetan hackerretara jo behar izan zutela haurra non zegoen jakiteko, eta Euskal Herrian geratutako gurasoetako batek dirua ere eskaini behar izan ziela harrerako estatuko agintariei. «Oso bestelakoa da estatu sendo batekin lan egitea, Polizia eta epaileak dauzkan batekin, edota instituzioek funtzionatzen ez duten batekin aritzea. Nire kasuetan, bakar batean ere ez zuen estatuak ongi funtzionatzen. Turkian gehiago Yemenen baino, baina Polizia erosita zegoen han». Diruaren truke, Turkiako segurtasun indarrek aita-semeak babesten zituzten, nazioarteko itzulera aginduari muzin eginda. Eskualdeko egoera geopolitikoak eragin zuen azkenean: Irakeko gerra hasi zenean (2003), ezin izan zioten nazioarteko presioari eutsi, eta haurra itzularazi zuten.

Yemengo kasuan ere ez zen aski izan Hagako nazioarteko araudia: maila goreneko diplomaziak ebatzi zuen auzia; «dirua ordainduta, ziurrenik». Estatuek, oro har, tokiko den gurasoa babesteko joera daukatelako kexu da Ezkerekotxa: «Eta ez soilik herrialde arabiarrek; AEBetan ere nabarmena da chauvinismoa».

Tratu txarretatik ihesi

Hagako Ituna 1980an sortu zutenean, Ezkerekotxak deskribatutakoaren antzeko kasuak izaten ziren ohikoenak. Hitzarmenak, ordea, ez du aintzat hartzen azken urteotan behatutako garapena: bahiketen kopuru esanguratsu baten atzean tratu txarrengandik ihes egiteko nahia dago. «Orduan nazioarteko bahiketa asko zeudelako sortu zen hitzarmena, orduko prototipoa aita bahitzailearena zelako», Otaegiren hitzetan. «Itunaren helburua da adingabea ahalik eta lasterren ohiko egoerara itzularaztea, zaintza eta bisita eskubideei buruz bertan erabakitzeko».

Ihes egiten duten emakume batzuek salaketaren bat jarria izaten dute jatorrizko estatuan, baina askok ez. «Ez badute inoiz salaketarik ipini, aukera bakarra geratzen zaie: haurra itzultzeko prozedura ebazten duen epailearen aurrean oposiziozko arrazoia alegatzea». Larrosak ipinitako adibidean, amak Errusiako epailearen aurrean argudiatu behar luke tratu txarrak sufritu izan dituela, eta haurra ere arriskuan egon daitekeela indarkeria horixe bera sufritzeko. Hagako Itunaren arabera, estatuek itzulera galaraz dezakete, baldin eta hark umearentzat «arrisku fisiko edo psikiko larria» badakar. «Praktikan, aldez aurretiko salaketarik ez badago, oso zaila izaten da epaileak arrazoia ematea, nekeza delako halako zerbait frogatzea», azaldu du Larrosak. Indarkeriaren biktima den emakumea ataka zailean geratzen da orduan: «Epaileak hala erabakitzen badu, haurra itzuli behar du, eta bere aurkako zigor prozedura bat abiatzeko arriskuarekin, gainera». Lau urteko espetxe zigorra jaso lezake nazioarteko bahiketagatik.

Zuzenbidean, «geroz eta gehiagok eskatzen dute itzulera geldiarazteko arrazoiak zabaltzeko», Larrosaren arabera. «Gero eta kasu gehiagotan, bahitzailea ez da haurrak eraman ohi dituen aita, baizik eta ama-biktima. Arazoa da oraingoz epaileek jarrera uzkurra daukatela argumentatze horrekiko: oso orokorra da, eta ongi frogatuta egon behar du. Baina andre horrek edukiko lukeen aukera bakarra da».

Batzuetan, ihes egin duen emakumeak herrialde berrira —edo bere jatorrizko herrialdera— iritsitakoan jartzen du bikotekidearen aurkako salaketa. Kasu horretan, genero indarkeriagatiko ikerketa zabalduko litzateke, eta arlo horretako epaile baten esku geratuko litzateke. Hark haurra itzularazteko prozedura geldiaraz dezake tratu txarrak egon diren edo ez ebatzi arte. «Uste dut halako egoerekin lanean ari direla, haurra ez itzultzeko arrazoiak zehaztuz», argitu du Larrosak. Beste aukera bat ere badago: urtebete baino gehiago igaro bada haurra bizileku berrian dagoenetik, hura «egokitu» dela ebatz dezake epaileak, eta arrazoi horretan oinarrituta bota dezake atzera itzulera eskaera.

«Azken urteotan, Europako Giza Eskubideen Auzitegia geroz eta gehiago ari da kontuan hartzen adingabeen interes gorena», hausnartu du Otaegik, eta 2010eko epai esanguratsu bat aipatu du: haur israeldar-suitzar baten aita lubavitch muturreko mugimendu erlijiosoan sartu zen, eta amak Suitzara —bere jatorrizko herrialdera— jo zuen semearekin. Aitak salaketa jarri arren, Estrasburgoko Auzitegiak haurra Suitzan gera zedin ebatzi zuen argudio horrexetan oinarrituta: bost urte igaro zirela eta haurra egokitu egin zela ingurune berrira.

Legeak zabalik uzten dituen zirrikituak dira halakoak, baina ez dago espresuki tratu txarren kasuetarako prestatutako araudirik; are gutxiago aldez aurretik salatzen ez direnetarako. Hala eta guztiz ere, elkarrizketatutako aditu guztiak bat datoz: modu batean zein bestean, indarkeria matxista osagai garrantzitsua izan ohi da adingabeen bahiketetan; ama bahitzaileen kasuan, harengandik ihesi doazela hasi ohi delako prozedura, eta, aiten kasuan, bahiketa ama kontrolatzeko xantaia mota bat izan ohi delako. «Emakumeak esaten zidan gizonak horretarako eraman zuela haurra: emakumea ere gizonarekin gera zedin umearekin egon nahi bazuen», ekarri du gogora Ezkerekotxak: «Tratu txar mota bat da hori. Haurren bidezko kontrola emakumearen aurkako indarkeria da».

Gasteizko kasuan, aitak urruntze agindua zeukan amarekin; ustez parkean jolasean ari zirela bahitu zituen haurrak. Espainiako Gobernuak berriki egindako lege moldaketa baten arabera, genero indarkeriaren biktima diren amen seme-alabak ere hala dira. Kasu batzuetan, ordea, haurra ikusteko eskubidea bermatzen zaio genero indarkeriagatik zigortutako aitari. «Oso zaila da haurrarekiko urruntze agindua ere jartzea», uste du Ezkerekotxak: «Gaur egungo epaileen buruan oraindik ez da sartu adingabea ere genero indarkeriaren biktima dela, eta zaintzapeko bisitak eman behar zaizkiola aitari, eta ez umea utzi eta jasotzekoak». Berak eraman izan dituen kasu batzuetan, lotura argia ikusi izan du: «Indarkeria psikologikoa haurraren aurka hasten zen maiz. Haur hori ezin da utzi bakarrik gizonarekin; edo ez, behintzat, hasieran».

Konponbide posibleak

Prozedura luze eta mingarriak izaten dira bahiketen ingurukoak, helburua haurra berreskuratzea nahiz norberarekin mantentzea izan. Kasu askotan, adingabea ere harrapatuta senti daiteke, eta gurasoetako bati ipinitako zigorrak ez dio beti mesederik egiten. Larrosak justizia leheneratzailea proposatzen du auzi zibiletarako: biktimak jasotako kaltea lan psikologikoaren bidez leuntzea lortu nahi du hark. Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila ere eredu hori erabiltzearen alde agertu da berriki, zigor neurri tradizionalek «kalte egin duten pertsonak jazarri, zigortu eta gizartetik baztertzea beste helbururik ez» daukatela argudiatuta. «Kasu batzuetan, biktimak galera bikoitza sufritzen du: lehenbizi, zauria eragin dionaren aldetik, eta, gero, ezin duelako zigor prozesuan osorik parte hartu».

Hagako Itunak ere bitartekaritza proposatzen du adingabeen nazioarteko bahiketetarako: ahal bada, gurasoek irtenbidea elkarrekin ados dezaten. Arazoa da Hego Euskal Herrian bitartekaritza debekatuta dagoela genero indarkeria kasuetan, haiek zuzenean zigor esparrura doazelako. Larrosa justizia leheneratzailea modu zabalagoan ulertzearen alde dago: «Biktima eta kaltea eragin duena aurrez aurre jartzea oso gogorra da; hasteko, bi aldeek nahi izan behar dute, eta emakumeak ahaldunduta egon behar du, ezin du bikotekide ohiarekiko menpekotasun psikologikorik eduki. Hitzaldien bidez lor daiteke hori, edo beste pertsona batzuk erabiliz sentimenduak elkarri komunikatzeko. Justizia leheneratzailearen bidez, posible litzateke akordio bat lortzea, ez soilik 'Har ezazu zuk hamabost egun eta nik beste hamabost', baizik eta ama ahalduntzeko moduko akordio bat, pisua arindu eta aurrera ateratzeko modukoa».

BERRIAn argitaratua (2017/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA