astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

kirola

FERNANDO J. PEREZ

«Boluntarioen babesa ikustea izan da gauzarik politena»

Unai Ugartemendia

«Boluntarioen babesa ikustea izan da gauzarik politena»

Paperen eta elastikoen artean dabil Fernando J. Perez kazetaria (Bilbo, 1965), Bilboko egoitzan. Ostiralean abiatuko da lau lasterketatan Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuko dituen Basque Ultra Trail Series proiektuko bigarrena: Gasteiz-Iruñea (130 kilometro, +5.700). Egun luzeak eta gogorrak izaten dira lasterketaren aurrekoak: ibilbideak markatzea, anoa guneetako osagaiak pilatzea, korrikalarien zalantzak argitzea...

Nola okurritu zitzaizun halako saltsa batean sartzea?

Betidanik mendian ibili naiz, eta 25 urte daramatzat mendiari buruz idazten. Gainera, ipurterre bat naiz, eta hainbat ideia izan ditut buruan. Bere garaian Shebe Peñak Euskal Herriko lau katedralak elkartu zituen ibilbidean oinarritu nintzen. Ideia horri bueltak ematen hasi nintzen, betiere gaur eguneko baldintzetara moldatuta. Ibilbideak duela urte asko nituen pentsatuta.

Erakundeei eta babesleei nola saldu zenien zuen ideia?

Lasterketa bakarra antolatzeak izugarrizko lana badu, pentsa lau antolatzeak. Ez dizut esango damutu naizenik, baina une batzuetan hori pentsatu izan dut.

Nolako babesa eman dizuete erakundeek?

Proiektuak harrera ona izan du, eta erakundeen babesa dugu. Hala ere, gauza ezberdinak dira erakundearen babesa eta erakundeen diru laguntza. Lehena badugu, bai Euskadikoa, bai Nafarroakoa, baita lau hiriburuetako udalena ere. Guretzat garrantzia handia zuen babesa izateak, lau lurralde zeharkatzen dituelako gehienbat.

Eta udalen eta mendi taldeen babesa ere jaso al duzue?

Bai. Herriak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta harrera hobea izan dugu. Eta zer esan mendi taldeei buruz: horrelako proiektu bat bideraezina litzateke boluntarioen laguntzarik gabe, eta horretan zerikusi handia izan dute mendi taldeek. Gauzarik politena hori da niretzat: boluntarioen babesa zenbaterainokoa izan daitekeen ikustea.

Zaila al da babesleak erakartzea?

Oso zaila da, hori da gehien kostatu zaiguna.

Gasteiz-Iruñea izango da ostiraletik aurrera. Zein izan da lehen lasterketaren balorazioa?

Gure balorazioa lasterkarien aldetik jaso duguna da. Guretzat, haiek dira garrantzitsuenak. Oso pozik gaude lehen lasterketarekin. Gehienek oso gustura zeudela esan digute, bai lasterketarekin, bai tratuarekin, ibilbidearekin… Lehen lasterketa bukatuta, korrikalariei orri bat bidali genien, haien iritzia jakiteko. 150 korrikalarietatik 110ek erantzun zuten. 110 horietatik bakarrak esan zuen ez liokeela lasterketa beste norbaiti gomendatuko. Horrek balio handia du gure lanarentzat.

Zein dira zure helburuak?

Ez dut inongo asmo garbirik. Azken finean, nirekin lanean ibili direnak eta korrikalariak gustura ikusiko banitu, nahikoa izango zen niretzat.

Lehen urtea duzue. Lasterketa bakarra egin duzue. Urte askotarako proiektua izango al da?

Jarraitzea gustatuko litzaiguke. Lehen urtea da zailena, eta egia da korrikalari gehiago espero genituela. Lehen aldia da, proba gogorrak dira, oso luzeak, kilometro asko… Ea urte askoan egiteko aukera dugun eta zirkuitua egutegian egonkortzen den. Mendiko lasterketak boom handi bat bizitzen ari dira, eta badirudi orain ari dela egoera normaltasunera itzultzen. Badirudi babes handien duten lasterketak geldituko direla, herriaren babesa dutenak.

Korrikalari gehiago espero zenituzten?

Bai. Gauza bat argi dago, horrelako proiektu batean lasterkarien kopuruak handiagoa behar du. Ez litzateke posible 70 edo 80 lasterkarirekin bakarrik, esaterako.

Korrikalari askok eman al dute izena lau lasterketetan?

Ez genuen espero hainbeste izatea, eta badirudi jendeak zirkuitua egin nahi duela. Bada jendea lehen lasterketa egin eta gero, hurrengo hirurak egitera animatu dena ere. Datu esanguratsu bat badut: lehen lasterketa amaitu zuten 130 lagunetatik 70 inguru Gasteizko irteeran izango dira ostiralean.

Kanpotik izar handiren bat ekartzea pentsatu al duzue denbora honetan?

Egia da lasterketei herrietako korrikalariek eusten dietela, baina egia da lasterketei izena itzal handiko korrikalariek ematen dietela ere. ITRA Nazioarteko Trail Running Elkarteko sailkapeneko lehen hamarrak gonbidatu genituen, bai gizonak, bai emakumeak, baina haien egutegiak dituzte, babesleen konpromisoak, eta, zenbat eta gorago egon, orduan eta zailagoa da haiek erakartzea. Egon nahi izan dutenak etorri dira.

Zazpi hilabeteren buruan jokatuko dira lau lasterketak. Ez al da gehiegizko egutegia?

Egutegia horrela moldatu behar izan dugu. Urtaro bakoitzean bana egin nahi genuen, baina Bizkaian martxoaren 1etik irailak 1era ezin da lasterketarik jokatu natur parkeetan. Horregatik, ezinbestekoa zen lehen lasterketa otsailean egitea, eta azkena ere baldintzatu digu.

BERRIAn argitaratua (2017/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA