astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

iritzia

Jazarpena, libre?

Elixabete Garmendia Lasa

Jazarpena, libre? Elixabete Garmendia Lasa

Telefono deia mugikorrean ordu txikietan: susto ikaragarria, gertuko norbaiti zerbait larria gertatu zaiolakoan. Apenas entzuten den telefonoz bestaldekoaren ahotsa, eta areagotu egiten da ikara. Azkenean, bi minutu eta erdi iraun duen elkarrizketan, pare bat hitz ulertu zaizkio: zilborra, kilimak... Orain, ezinegona bestelakoa da: Nor da nire telefono zenbakia duen hori? Ezagutzen dut? Ezagutzen nau? Zergatik deitzen dit gaueko ordu batak eta erdietan? Zer nahi du? Zenbaki pribatua azaltzen da pantailan; beraz, ezin jakin nondik ari den hoska.

Bosgarren deiaren (03:52an) ondoren, Ertzaintzaren komisariara joan, eta salaketarik hartu ere ez: denuntzia epailearen aurrean aurkeztu behar omen da, ikerketa bati ekiteko. Informazio printza interesgarri bat jaulki zaio polizia-gizonari: orain dela gutxi, antzeko kasu batean, deitzailea Malagatik ari zela deskubritu dutela. Hortaz, horrelako gertakari bat ikertu eta delitugilea topa daiteke. Baina, ertzainaren aholkua: «Ez erantzun dei horiei, munduan zoro asko dabil eta. Ez egin kasurik; aspertuko da».

Otsailetik hona hogeitik gora dei, eguneko nahiz gaueko edozein ordutan. Telefonoaren bestaldean, limurtzailea-edo izan nahi lukeen gizonezko baten ahots higuingarria entzuten da, beti galdera berak egiten: «Nolakoa daukazu zilborra: sartua ala irtena?; sentitzen dituzu kilimak?; galtzetinak jantzita dauzkazu?; sentitzen dituzu kilimak oinetan?; ...?».

Telefono konpainiaren dendara joan, eta Bezeroaren Arreta Zerbitzura jo behar duzula esaten dizute; nolanahi ere, epailearen agindua beharko dela ezertan hasteko. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Biktimen Arretarako telefonora deitu kontsulta egiteko, eta ez dute bere gain hartzen afera; Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren Telefonora deitzeko gomendatzen dizute. Hor, azkenean, argibide batzuk ematen dizkizute:

· Seguru asko, telefono zerbitzariak blokeatu egin ditzakeela zenbaki pribatuak.

· Ertzainek salaketa jaso izan balute ere —ulertuz jaso behar zutela—, epaileak atzera bota zezakeela.

· Biktimari Laguntzeko Zerbitzu horretan hitzordua eskatuz gero, begiratuko luketela ea denuntzia bat aurkeztu ote daitekeen epaitegian, jazarlearen telefonoa bilatzeko.

Azkenean, hiru aukera horietan lehena izan da atakatik oraingoz irteteko biderik eraginkorrena; hori bai, zenbaki pribatu guztiei jartzen die hesia zerbitzariak, eta horrek galeraren bat ekar dezake.

Jazarleaz dakigun apurra: gaztelaniaz hitz egiten du; nor den galdetuta, behin Alvaro zela erantzun zuen, eta David beste batean. Halako batean, bere diskurtso likits hori botatzen ari zen bitartean, emakumeak nebari pasatu zion telefonoa, eta Alvaro edo David edo dena delakoak zapla! moztu zuen deia, gizonezkoaren ahotsa entzunda. Bistakoa da: gizonezkoak ez ditu jomugan.

Gauza da goian deskribatutako periplo horrek erakusten duela zenbat kostatzen den horrelako kasu bat jazarpena dela ulertaraztea: emakumearen kontrako jazarpena. Hasteko, Ertzaintzaren komisarian: nolatan ez zuten salaketa jaso?

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Biktimen Arretarako Telefonoan adeitsua izan zen harrera, baina jazarpen mota hau ez da sartzen, nonbait, haien eginkizunetan; eta ez ote luke sartu beharko? Gorputz jipoituak bakarrik al dira emakumearen kontrako indarkeriaren erakusleak?

Asko uste gabe, Espainiako Polizia Nazionalaren web orrian topatu dut honen antzeko jazoera bati ematen dioten erantzuna: ezorduetan telefonoz deitu eta lo egiten uzten ez badizute, eta egoera hori behin eta berriz errepikatzen bada, poliziaren aurrean salaketa jartzeko gomendatzen dute; ondorioz, esaten dute Polizia Judizialak ikerketari ekingo diola, «mehatxu eta indarkeria delitu bat» izan daitekeelakoan.

Ez legoke gaizki gure polizia integralak beste horrenbeste egitea, salaketa jasotzetik hasita.

BERRIAn argitaratua (2017/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA