astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

mundua

PRISCILLA CHAVEZ HOYOS

«Ia 40 urte daramatzagu erantzunik gabe»

Igor Susaeta

«Ia 40 urte daramatzagu erantzunik gabe»

Elena Poniatowskaren esan bat irakur daiteke Memoria Menderakaitzaren Museoko paretetako batean: «Heriotzak esperantza hiltzen du, baina desagerpena onartezina da, ez duelako ez hiltzen, ez eta bizitzen uzten ere». Priscilla Chavez Hoyos (Puebla, Mexiko, 1954) erabat ados dago kazetari eta idazle mexikarrak adierazitakoarekin. Haren anaia desagerrarazi egin zuten 1978an, eta orduan dena alboratu zuen hura topatzeko ahaleginean; ia 40 urteren ondoren, borrokan jarraitzen du. «Eta hala jarraituko dut anaia aurkitu arte». Desagerrarazi zituztenak topatzea du helburu Eureka batzordeak, duela 40 urtetik, eta haren kideetako bat da Chavez, doña bat. Itxaropenari eusten dio.

Zure anaia Juan Chavez Hoyos 1970eko hamarkadan Mexikoko Gobernuak desagerrarazi zituen ehunka pertsonetako bat da.

1978ko irailaren 8an desagertu zen. Sasoi hartan, ikaslea zen, eta ikasle egoitza batean bizi zen, Mexiko Hirian. 20 urte zituen. Lan ere egiten zuen, gauez, eta gero ikasleen egoitzara bueltatzen zen. Egun batean ez zen itzuli, ordea... Haren bila joan nintzen, bere bikotekidearekin batera, baina iritsi, eta esan ziguten ez zegoela, bezperatik ez zutela haren arrastorik.

Ikasle mugimenduren bateko kidea zen?

Tira, beste edozein ikasleri gerta dakiokeen bezala, hura ere ez zegoen gobernuarekin ados. Desagertu ondoren, nik galdetu nuen ea zer zen berak egiten zuena. Egoitzak sostengua ematen zien nekazariei, langileei, grebak babesten zituen... Pentsatzen dut hura izan zela haren delitua... Izan ere, ezin zaio beste deliturik leporatu. Desagerrarazi zuten, eta, 1979an, beste estatu batzuetako ekintzaile sozial batzuei gauza bera gertatu zitzaien.

Nola ekin zenioten bilaketari?

Ospitaleetara jo genuen, polizia etxeetara... Eta ezer ez. Desagertu zenetik hilabete igaro baino lehenago, esan zidaten Rosario Ibarra bere semearen bila zebilela, eta harekin bildu ginen gure anaiari gertatutakoa jakinarazteko. Ni ere, beraz, Eureka batzordeko kide egin nintzen, eta gobernuari dokumentu bat entregatu genion, nire anaia desagertuta zegoela esanez.

Zertan izan zen lagungarria Eureka batzordearen sostengua?

Indar handia eman zigun. Ni bezala, beste asko ere Rosariorekin harremanetan jarri ziren.

Zein izan zen eman zenuten hurrengo pausoa?

Gobernuari erreklamatzen jarraitu genuen. Esaten genion beste kide batzuek gure anaia bizirik ikusi zutela kartzela batean, non zegoen jakin nahi genuela.

Zer erantzuten zizueten?

Ez ziguten ezer erantzuten; ikertzen jarraitzen zutela. Baina ia 40 urte daramatzagu erantzunik gabe. Guk, noski, ez genien sinesten. Amorratuta geunden, eta horregatik egiten genituen gobernuaren kontrako manifestazioak, horregatik exijitzen genuen ordurako desagerrarazi zituzten 500dik gorakoen askatasuna. Baina jende gehiago desagerrarazi zuten...

Exijitzen jarraitzen al duzue?

Eureka batzordeko doña asko hilda daude jada, baina senideek hartu zuten haien lekukoa, eta ez gara hain bakarrik sentitzen. Batzordeak, agian, indar apur bat galdu du doña-k hil zirenetik... Baina, nire anaia agertzen ez den bitartean, gertatu zena argitzeko exijituko diot gobernuari..

Etsitzeko zorian egon al zara inoiz?

Batzuek etsi izan dute, bai. «Hainbeste urte igaro baldin badira, nire senidea jada ez da existitzen», esan izan dute batzuek. Nik, ordea, orainaldian hitz egiten dut anaiaz.

Zer pentsatu zenuen 2014an, zure anaiarena gertatu eta ia 40 urtera, Ayotzinapan 43 ikasle desagerrarazi zituztenean?

Ba, estatu zapaltzailea dela hemengoa, eta, lehen bezala, ekintzaile sozialak bahitzen jarraitzen duela. Ahotsa altxatzen ez badugu, hau ez da inoiz bukatuko.

Zuen ahotsa ozen aditzen al da?

Bai, baina kontua da gobernuak, adibidez, entzungorrarena egiten duela. Herri xehearen artean, bestalde, jende epel asko dago, eta komunikabide gehienek, gainera, gobernuaren alde egiten dute.

Ahalegindu izan al dira zu zeu zuzenean beldurtzen borroka egiteari uko egin zeniezaion?

Nik neuk ez dut indarkeriarik zuzenean nozitu, baina batzordeko beste kide batzuek, bai; batez ere, Jose Lopez Portillo estatuko presidentea zenean, 1976-1982 urteen bitartean. Tira, gogoratzen dut garai batean taxi bat aparkatuta egoten zela gure etxearen kanpoaldean. Noski, ez zen taxi gidari bat, gu zelatatzeko ardura zuen morroi bat baizik.

BERRIAn argitaratua (2017/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA