astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

gizartea

CONNY DUARTE RESTREPO

«Animalien aurkako tratu txarren zigorrak ez dira aski sendoak»

Arantxa Iraola

«Animalien aurkako tratu txarren zigorrak ez dira aski sendoak»

Soinean Love vegan esaldia darama, lepoko batean. Beganismoarekiko atxikimendua ez du ezkutatzen Conny Duarte Restrepo legelariak. INTERcids animalien aldeko operadore juridikoen izenean solastatu zen lehengo astean Donostian, Animalien aurkako tratu txarra: prebentzioa eta erreparazioa jardunaldian. Espezismoaren katea apurtu, eta gizakiek animalien erabilera oro saihestea defendatzen du beganismoak; indarrean dauden legeak ikuspegi horretatik oso urrun daude, baina animalien pairamenaren inguruko kontzientzia gero eta usuagotan agertzen da.

Aldatzen ari den animalien eskubideei buruzko kontzientzia...

Zientziak aurrera egin ahala, argi geratu da animaliak ez direla sentitzen duten bizidunak bakarrik, harago doa. Hortxe dago Cambridgeko deklarazioa: animalien kontzientzia onartzen du, hein batean. Ondorioz, animalien tratu txarrari buruzko kontzeptua aldatuz joan da; orain dela urte batzuk arte, esaterako, helburu estetikoekin egindako ebakitzeak egokitzat jotzen ziren... Baina zientziak lagundu digu ikusten horrek zein ondorio dakartzan. Orain esaten da, era berean, ongizaterako, animaliek erlazio on bat izan behar dutela zaintzaileekin, ez dutela beldurrik edo estresik jasan behar... Eboluzioa garrantzitsua izan da; asko dago egiteko oraino, baina urratsak egin dira.

Paradoxa baten barruan beti, ezta? Animaliak jateko, lanerako eta aisialdirako erabiltzea legezkoa den heinean, tratu txar oro saihestea zaila da, ezta?

Puntu gatazkatsu hori beti agertzen da. Legea legea da: ukaezina da hori. Eta legeak onartu egiten ditu hainbat jarduera klase: ehiza, abeltzaintza, animalien haztegiak... Legezkoak dira, eta araututa daude. Garrantzitsua da gizartearen kontzientzia alde horretatik; animaliak hazten diren tokietan, esaterako, horiek babesteko neurriak ahalik eta zorrotzen bete behar direla eskatu behar da.

Bitartean, zer-nolako babesa lor daiteke legeetan oinarrituta?

Oro har, autonomia erkidego guztietan legeak zaharrak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko legeak, esaterako, baditu puntu esanguratsuak, baina eguneratu egin behar da. Legeak, oro har, egokitu egin behar dira. Hortxe dago, esaterako, Kode Zibila: animaliak gauzen pare jartzen ditu, ez sentitzen duten bizidun gisara. Aldaketak behar dira, eta, oro har, bide horretan goaz.

Zein dira arloan aurrera egiteko eragozpen nabarmenenak?



Oso garrantzitsua da alorreko eragileak trebatzea; prestakuntza gabezia bat agertzen da sarri. Usu etortzen zaizkizu, esaterako, poliziak, esplikatuz: «Ni ez naiz albaitaria; nik ez dakit animalia bat ongi dagoen...». Baina hainbat datu objektibo eman dakizkieke profesional horiei erabakiak hartzen laguntzeko; esaterako, jakiteko noiz dagoen animalia bat argalegi. Tresna objektiboak behar dituzte lanerako.



Kontzientzian aurrera egin da. Legeak tratu txarrei ematen dien erantzunetan ere bai?

Zigor Kodean egindako aldaketen ondorioz, zigorra dakarten sententzia gehiago dago, eta salaketak ere ugaritu dira. Sarri, ordea, trebakuntza eta koordinazio falta dira arazoa. Demagun tratu txarrak jasaten ari diren 60-70 abelburu topatu ditugula; nora eraman behar dira horiek guztiak? Koordinaziorik ez da halakoetan.

Ipintzen diren zigorrak eraginkorrak dira? Alegia, balio dute jendeak jokabideak aldatzeko?

Ez, ipintzen diren zigorrak ez dira aski sendoak. Eta tratu txarrak berriz eragitea dakar, sarri. Halakoak maiz ikusten ditugu: animaliak erretirarazi zaizkien hazleak, handik zenbait urtera berriz ere animaliak hazten ari direnak, eta berriz ere kendu egin behar zaizkienak... Zigorrak handiagoak balira, ez litzateke horrelakorik jazoko. Apalegiak izaten dira.

BERRIAn argitaratua (2017/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA