astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

ekonomia

HEZUR-HARAGIZKO LANGILEAK

Xabier Martin-Jon Fernandez

HEZUR-HARAGIZKO LANGILEAK

Soldata eskasa ez, kaka bat jasotzen dute gazteenek»; «sei orduan, komunera joateko bakarrik geldi gaitezke»; «ehunka jantzi tolesteaz gain, komuna eta denda garbitu behar nituen». Hiru adierazpen hiru langileren ahotsetan. Testigantzak dira prêt-à-porter moda dendetako sektorearen koadroa margotu dutenak lerro hauetan. Benetako hiru ahots hiru izen asmaturi lotuak: Ana, Miren eta Leire.

Inditex, Mango, Cortefiel, Desigual, H&M, Primark eta Pepe Jeans erraldoiek gobernatzen dute sektorea Hego Euskal Herrian, eta haiek jartzen dituzte arauak: 38ko neurrian sartzen ez dena nekez hartuko dute lanerako, Zara, Pull&Bear, Massimo Dutti, Bershka edota Stradivariusen. Gorputzaren edertasunari gorazarre egiten zaion negozioan toki gutxi dago edertasunaren egungo kanonetatik kanpo dabilenarentzat.

EMAKUMEEN

GORPUTZAREN ERABILERA

«Enpresa batzuetan, garrantzi berezia dauka argala izateak, baina ez nirean», dio Anak. 32 urte ditu, eta eskarmentu handia sektorean. Bost dendatan aritu da hamabost urtez, eta izen handiko marka batentzat aritzen da Gasteizen, denda esklusibo batean. «Nik eduki ditut arduradun batzuk lodi samarrak, baina ez da ohikoena. Hala ere, dena ez da lodia edo argala: tatuajeak, muturreko ile mozketak... gauza asko egon daitezke. Gure dendan ez dira onartzen tatuajeak. Baina Zaran denak daude tatuatuta... Enpresa bakoitzaren politika da».

Hain zuzen, Zaran dihardu Mirenek azken 20 urteetan, orain Bilbon. 42 urte bete berri ditu, eta beti Amancio Ortegarentzat aritu da, hainbat hiritan. Ez du ukatzen edertasunak baduela garrantzia enplegua lortzeko, baina egun beste aldagai batzuek pisu handiagoa dutela dio. «Ez dute eskatzen itxura zehatz bat. Badaukat lankideren bat 40ko neurriarekin, baina onartzen dut aspaldian sartu zela. Egia da neska txukunak nahi dituztela itxura aldetik, baina agian hizkuntzak jakiteak pisu handiagoa dauka orain».

«Itxura txukuna eskatzen dute, bai, baina horrek ez du esan nahi derrigorrean 36ko neurri bat edukitzea», dio Leirek. Frantziako multinazional Celion aritu zen epe batez, Donostian. Gaur egun, beste sektore batean dihardu. «Eta ez daukat damurik».

SOLDATA TXIKIAK

Prezio apaleko ereduaren garaipena islatzen du negozioak: etiketan azaltzen diren prezio txikien pareko soldatak dendetako beharginentzat, eta miseria gorriaren parekoak arropa ekoizten dutenentzat, Asian eta Afrikan. Inditex inperioak finkatzen du alorraren erritmoa. Zortzi markarekin jarduten du ehungintzaren munduko holding handienak. Zara da taldearen sinboloa, baita prezio apaleko ereduarena ere. Saltzaileen lan baldintza kaskarrak ereduaren habeetako bat dira.

«Soldata arruntaz gain, saltzen dudan kopuruaren araberako komisioa daukat. Ondo saltzen dudanean, Gabonetan adibidez, 600-700 euro gehiago jasotzen ditut», kontatu du Anak.

Mirenek baieztatu egin du lan egiteko modu hori. Zarako saltzaileak lan baldintzak hobetu nahiko lituzke, baina «panorama ikusita» onartzen du ez dagoela kexatzeko moduan. «Trebakuntza kontratu asko egin dituzte, eta soldata apalak pagatu. Aurrerantzean debekatu egingo dituzte. 24 edo 26 ordukoak egin, eta 20koak balira bezala pagatzen dute».

Zer-nolako soldata jasotzen da Zaran? «Oinarrizko dendari batek, lanaldi osoan, 1.200 eurotik gora jasotzen du soldata gordinean. 1.000 inguru geratzen zaizkio. Lau astetik behin larunbat batean jai izaten dugu; 24 ordukoak larunbat guztietan aritzen dira». Antzinatasuna edukitzeak abantailak baditu, ordea, Zaran. «Urteak egin ditugunok antzinatasuna eta beste sari batzuk jasotzen ditugu, eta ez gaude kexatzeko moduan». Inditex barruan Zara da soldata onenak ematen dituena. «Badakit taldean bertan dezente gutxiago pagatzen dutela beste denda batzuetan».

Leirek soldata kaskarra jasotzen zuen Celion. «Nire soldata eskasa zen: 25 orduko kontratuaren truke 500dik gora euro jasotzen nituen, baina 25 ordu baino dezente gehiago egiten nituen beti», kontatu du. Celioko langile ohiak dio oso ohikoa dela sektorean dagokien baino ordu gehiagoan lan egin beharra.

KONTRATU PARTZIALAK

Epe labur batean goi mailako diseinuen klonak egiteko eta salgai jartzeko gaitasuna daukate modaren multinazionalek. Joera berrienak finkatzen ditu Zarak; pasarela prestigiotsuenetako diseinuen egokitzapenak egin, eta haiek seriean ekoizten ditu soldata negargarriko hainbat herrialdetan. Diseinu bat erabaki, eta aste gutxian mundu zabaleko milaka dendatako erakusleiho distiratsuetan jartzeko makineria eraiki du Ortegak, moda lasterreko joera hedatuz. Saltzaileen ordutegien malgutasuna oinarrizkoa da horretarako, eta kontratu partzialak hura lortzeko tresna.

«Oso zaila da lanaldi osoko kontratu bat lortzea. Lanaldi erdiekin funtzionatzen dute. Arduradunek izaten dute lanaldi osoa eta, gero, astean 20 orduko kontratuekin ikasleak eta ordu murrizketak nahi dituzten amak hartzen dituzte». Anak denda desberdinetan ikusi du dinamika hori, sektorean oso zabaldua baitago. «Badakit Inditexen gazteei bigarren mailako saltzaile kontratua egiten dietela, hilean 200 euro inguru gutxiago kobratuta. Gazteenek soldata eskasa ez, kaka bat jasotzen dute».

«Lanerako hartzen dituzten gazteak 20-26 ordurekin-edo sartzen dira, eta oso ohikoa da bi urte egin eta gero, kaleratzea», berretsi du Zarako langile Mirenek. «Zuloak estaltzeko bakarrik sartzen dira berriak. Baina oso ona denari trebakuntza ematen diote, eta gora egin dezan saiatzen dira». Kontrataziorako sasoiak ere argiak dira; hala dio Anak. «Marka handiek lanaldi partzialak eskaintzen dituzte, eta urtean bi erpin egoten dira: udako merkealdian eta Gabonetan. Lantaldeari orduak gehitzen dizkiete urteko bi garai horietan, eta gero euren ordutegi murriztuetara bueltatzen dira».

«Nik 25 orduko kontratua nuen; asteburuetan aritzen nintzen gehienetan», dio Leirek. Merkataritza gune bateko saltoki batean dago haren lantokia izandakoa. Horrelako dendetan «normalena da» ordutegi hori. «Jarraitzeko asmoa nuen, baina goizetan ez aritzea eskatu nien haurtzaindegiko praktikak egin behar nituelako, eta arazoak hasi ziren». Erabateko ordutegi malgua egiteko gai ez dena ez dute nahi enpresek. «Langabeziaren paperak jasotzeko ere gorabehera handiak izan nituen; sindikatuari esker lortu nituen, azkenean».

LANAREN GOGORTASUNA

Bangladeshen, esklabotzatik gertuko baldintzetan diharduten behargin azpikontratatuek egiten dute ekoizpenaren zati handi bat Inditex, Mango eta beste handientzat. Beste maila batean daude Txina, Turkia eta Marokoko langileak, eta beste batean Portugalgoak eta Espainiakoak. Sare horrek ekoizpen oso merkea bermatzen du, eta dendetako langileen soldata apalek josten dute multinazionalen irabazi handien poltsa: Inditexek 21.000 milioi euroko fakturazioa du, eta Zarak 2.900 milioiko irabazi garbia, 88 herrialdetako 2.100 dendaren baino gehiagoren jardunari esker. Denda horietan gogor egiten da lan.

«Ezin gara geldirik egon. Kontrol handia dago bakoitza bere lekuan egon dadin, eta une oro egin behar duena egin dezan. Lehertuta bukatzen dugu; ez da bakarrik arropa tolestea, baina hori ere bada: ehunka jantzi tolesten ditugu egunero, milatik gora txukuntzera iritsi naiz behin baino gehiagotan, seguru», kontatu du Zarako langile Mirenek. «Beti aurpegi alaia erakutsi behar dugu. Egunero jasotzen dugu egindako salmenten komisio bat, eta komeni zaigu ahalik eta gehiena saltzea; presio hori badugu. Geldi gaitezke komunera joateko edo ondoezik gaudelako, baina bestela ez. Sei orduan ez gara esertzen, eta horregatik ditugu jantziak gehienok atsedenerako galtzerdi luzeak. Sei ordu egin eta gero, ordu laurdenetik behin atsedena daukagu zertxobait jateko».

Leire ez zen aspertu Celion aritu zen bitartean. «Ordu asko dira zutik egoteko, eta beti dago zer eginik. Arropa berria jaso, salneurriak aldatu merkealdietan, biltegia txukundu... arropa tolestearena beste zereginen artean egiten dena da, arnasa hartzen den bezala. Denda eta komuna ere guk garbitu behar izaten genuen».

«Bokaziozkoa ez bada, jendea joan egiten da», esplikatu du Anak. «Jakina, gogorra da; biltokian ordu asko egiten ditugu poltsak desegiten. Zutik gaude ordu pila bat, jende lotsagabea ere tratatzen dugu sarri, eta salmenta gehienak asteburuetan ditugu. Ostirala eta larunbata libratzea pentsaezina da guretzat; eta entzun ere ez dugu egin nahi igandeetan irekitzeko aukera».

SEKTORE FEMINIZATUA

Batik bat emakumeak dira modaren jomuga, eta haiexek dira musika ozeneko eta aire egokitu hotzeko denda abangoardistetako beharginak. Sektore feminizatua da, langile gazteen lehen enplegu aukera sarri, eta horrek, salbuespenak salbuespen, prekaritatea dakar itsatsita gehienetan. Azken urteetan, baina, gizon gehiago hasi dira lanean; hala dio Mirenek. «Gehiago gara emakumeak, jakina, baina gero eta gizon gehiago hartzen dituzte. Emakumeen eta haurren arloetan ere jartzen dituzte. Kontuan hartu behar da gizonek ez dutela amatasun bajarik hartzen, adibidez. Hortik ere egongo da zerbait seguruenera».

AFILIAZIO ESKASA

SINDIKATUETAN

Sektoreko lan baldintzak hobetzeko premia dagoela ondo dakite Anak, Mirenek eta Leirek, baina kontzientzia kolektibo txikia dagoela uste dute. «Beldur handia dago sindikatuetan sartzeko», onartu du Mirenek. Anak azaldu du egoera: «Hamabost urtean, langile bakarra ezagutu dut benetan mugitzen zena lan baldintzak eskatzeko eta lankideak eskakizunak egin zitzaten motibatzen. Baina, oro har, ez dut ikusi kontzientzia kolektiborik lan baldintzak hobetzeko».

BERRIAn argitaratua (2017/04/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA