astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

bizigiro

Haurren lemazain sendoak

Urtzi Urkizu

Haurren lemazain sendoak

Luis Igeltz

«Gaztetu egiten nau biloben harremanaren aberastasunak»

Lakuntzan bizi da Luis Igeltz Azpiroz (Etxaleku, Nafarroa, 1941), eta Iruñerrian ditu hiru bilobak. Baina sarri ikusten ditu. 8 urte ditu zaharrenak, 6 urte bigarrenak, eta 11 hilabete baino ez txikienak. Haien gurasoak lanean daude, eta Igeltzek azaldu du tarteka laguntza behar izaten dutela. «Asteazkenero, behintzat, bilobak zaintzen aritzen naiz». Duela urte batzuk, bi zaharrenekin asteko goiz gehiagotan ere egoten zen, errainaren amarekin txandakatuz. Igeltzek nabarmendu du guraso askok zailtasunak izaten dituztela seme-alaben zaintzan, lantokietako arauek ez dutelako erraztasunik ematen. Horregatik, aitona-amon asko aritzen dira biloben zaintzan laguntzen. Igeltzek pozik bizi du bilobekiko harremana: «Oso harreman maitekorra eta goxoa dut haiekin. Txiki-txikiak zirenetik pasatu ditut goizak haiekin. Bi handienekin, esnatu berritan ohean jolasten nintzen. Jantzi, garbitu, denetarik egitea egokitu zait. Haien autonomia gero eta handiagoa da. Harreman estua dut haiekin, halere».

Igeltzi iruditzen zaio garai batean etxeko harremanak sendoak izaten zirela, eta urteek aurrera egin ahala aitona-amonekin izandako lotura barnean gordetzen duela pertsonak. Hark soilik aitona bat ezagutu zuen, «eta gutxi», baina ondo oroitzen du nola jolasten ziren harekin eta nola egiten zituzten harpajotzeak. «Orain gauzak aldatu egin dira, eta ez dakit haziz joaten diren gaztetxoek zer irudipen izango duten. Edonola ere, uste dut oroitzapen batzuk geldituko zaizkiela, eta arrasto bat izango dutela barnean. Harremanak beroak direnean, horrek marka bat uzten du».

Bere belaunaldiko askok bezala, Igeltzek aitortu du aita gisa ez zuela gozatu seme-alabez: «Lehen beti lanean, beti lanean... eta ez genuen denborarik haurrekin egoteko. Gaur egun, berriz, biloba txikiekin egoteak aberastasun bat ematen dizu». Gaineratu du gaur egun gizartean «isilpean» pasatzen dela aitona-amonen zaintza. «Ez da behar bezala eskertzen. Beste zerbitzu batzuk jarri beharko lituzkete, eta enpresetan malgutasun handiagoa egon beharko litzateke».

Erretiratuek erabaki desberdinak hartu ohi dituzte; denetarik egon ohi da. «Erretiratu batzuei haurrek traba egingo diete, eta ez dute harremanik nahiko haiekin. Nire bizitza ikusteko moduaren arabera, ordea, gehien balio duena ingurukoengan maitasuna jartzea da». Badira aitona-amonak biloben zaintza kargatzat hartzen dutenak. «Eta hori logikoa izan daiteke beren modura bizitza antolatu eta inork trabarik ez egitea nahi dutenentzat», uste du Igeltzek. «Nire kasuan, behintzat, biloben harremanaren aberastasunak gaztetu eta berritu egiten nau, ilusioa sortzen dit».

Eskolako egunetan ez ezik, egun gehiagotan ere egoten da Igeltz bilobekin. Berriki, landetxe batean egin dute asteburu bat. «Aste Santuko oporretako azkeneko egunetan ere etxean izan ditugu bilobak. Emaztearekin eta biokin pasatu dituzte egun batzuk, eta oso-oso pozik ibili dira».

Bilobek aitona-amonen gomendio onak jaso ohi dituzte, eta Igeltzek argi du zein eman: «Ikas dezatela elkartasunean bizitzen. Harrokeria baztertu, eta gauzak parteka ditzatela. Egoismoa ez dadila txikitatik elika».

Nati Iñarra

«Kontziliazioaren kontu hori harpajotze bat iruditzen zait»

Bizkaiko hiriburuan bizi da Nati Iñarra (Bilbo, 1947), eta Arantzazun bizi dira haren bi bilobak, Igorretik gertu (Bizkaia). Hala ere, gutxienez astean bitan egoten da haiekin. 6 eta 3 urte dituzte haurrek, eta gurasoek lan egiten dute. «Horrek esan nahi du egun batzuetan beste norbaitek egon behar duela haiekin: gaixo daudenean, jai egun batzuetan, eskolako oporretako zenbait egunetan... Halako egun askotan ni arduratzen naiz bilobez». Haren irudikoz, Arantzazu eta halako herri txiki batean ez da hain erraza norbait joatea haurrak zaintzera. Funtsezkoa da, beraz, amonaren rola. «Tarteka ni joaten naiz Arantzazura. Baina, adibidez, gaixo baldin badaude, gurasoek Bilbora ekartzen dizkidate haurrak».

Iñarrak aitortu du «oso maitasun berezia» sortzen dela bilobekin. «Txikiena, igogailuko atea ireki bezain laster, lasterka etortzen zait besarkada bat ematera. Horrek asko betetzen zaitu, ilusioa ematen du». Andreak oroitu du amona bat bakarrik ezagutu zuela: «Baserri batean bizi zen, eta igandero joaten ginen hura ikustera. Baina oso adinekoa zen; harremana ezberdina zen». Iruditzen zaio egun dituen bi bilobentzat garrantzitsua izango dela berarekin izan duten harremana. «Nire alabak ere harreman handia izan zuen bere aitona-amonekin; gaixo jartzen zenean beti egoten zen haiekin». Bilobei gomendioren bat ematekotan, «pertsona onak izateko» esango lieke.

Zenbaitetan, oharkabean pasatzen da aitona-amonek bilobekin egiten duten zaintza. Iñarrak uste du, hala ere, estimutan hartzen dela, gero eta gehiago. «Kontuan izan behar da aitona-amonengatik ez balitz askotan bikoteek ezingo luketela seme-alabarik izan». Aste Santuko eta Pazko Asteko oporrak jarri ditu adibidetzat: «Haurrek eskolan hamabost egunez oporrak izan dituzte. Gurasoak lanean baldin badaude, aste bat gutxienez aitona-amonentzat da. Aitona-amonak ez badaude, zeinekin uzten dituzte haurrak? Udan antzekoa gertatzen da. Haurrek bi hilabete baino gehiago pasatzen dituzte oporretan, eta gurasoen oporraldia hilabete batekoa da».

Familia bakoitzean egoera ezberdina da, eta Iñarrak aitortu du amona batzuentzat «gehiegizko karga» egoten dela. «Lagun batek goizean goiz joan behar izaten zuen bilobaren herrira, hura jantzi eta autobus geltokira eramatera. Gero, Bilbora bueltatu, eta arratsaldean berriro joaten zen haurra jasotzera. Egunero-egunero. Halako egoerak gehiegizkoak dira. Erretiratu batzuei biloben zaintzara mugatzen diete bizitza, erabat».

Iñarrak, bestalde, kritikatu du enpresetan ez dutela errazten gurasoen egunerokoa: «Familia kontziliazioaren kontu hori harpajotze bat da. Euskal Herrian, behintzat, horrela da. Jaiotza tasa txikia da, baina ez badute erraztasunik ematen...». Haren iritziz, beste politika batzuk baleude, jaiotza tasa handiagotu egingo litzateke. «Nik egunero-egunero bilobak zaindu beharko banitu, ez nuke indarrik izango».

Josema Lizarralde

«Niretzat, politena familian elkartasuna izatea da»

Biloba bakarra du Josema Lizarraldek (Hernani, Gipuzkoa, 1951). 8 urte egin ditu martxoan mutikoak, eta txikitatik nola haziz joan den ikusi du. «Jaio zenetik, beti egon naiz bilobarengandik gertu». Herri berean bizi dira aitona, haren alaba eta biloba. Alabak eta suhiak lan egiten dute, eta, horren eraginez, haurraren kargu egiten da tarteka Lizarralde. «Ohiko aste batean, egun pare batean egoten naiz biloba zaintzen. Ikastolara haren bila joan, eta, gero, zenbaitetan, futboleko entrenamendura eraman, edo bestela gure etxera joaten gara. Haren gurasoen laneko erreleboaren araberakoa izaten da kontua».

Lizarraldek argi du ez duela karga gisa sentitzen bilobaren zaintza. «Umearekin oso gustura ibiltzen naiz, gainera. Hona eta hara berarekin joaten naiz, eta ondo». Aitona-amona askok esaten dute maitasun berezia sortzen dela bilobekin. Horrela sentitzen du Lizarraldek ere: «Alaba izan genuenean, beti lanean, lanean eta lanean egoten ginen. Ondorioz, alaba txikia zenean, gutxiago egoten nintzen harekin. Orain, erretiratuta libreago nola gauden, aukera gehiago ditugu bilobarekin egoteko». Pozik dago bilobaren eta bere arteko harremanarekin. «Asko-asko maite nau, asko gainera». Lizarraldek nabarmendu du asko betetzen duela bilobarekin duen harremanak.

Badira esaten dutenak aitona-amonen zaintza ez dela gizartean aintzat hartzen. Lizarralderi, berriz, iruditzen zaio kaleko jendeak kontuan hartzen duela hori. «Gaur egun, lagundu beharra dago. Ahal den birtartean, seme-alabak eta haien haurrak lagundu egin behar dira. Aurrera ateratzeko, laguntza behar dute. Niretzat, behintzat, politena familia elkarrekin ondo konpontzea eta elkartasuna egotea da».

Lizarralde oroitzen da bere aitona-amonekin, baina iruditzen zaio harremana bestelakoa zela lehen. «Orain, aitona-amona gazteagoak daude, haurren atzetik ibiltzeko eta». Bestalde, etorkizunean biloba berekin gogoratuko delakoan da. «Askotan esaten diot: 'Ea handitzen zarenean zer gogoratzen duzun aitonaz... Ea aitonaz oroitzapen onak dituzun'. Ikusiko da». Mutikoa koskortzen ari denez, aitonak baditu gomendioak bilobarentzat. «Esaten diot egia esanez joateko, gezurrik gabe, eta errespetua izateko. Gezurrekin laster harrapatuko zaituzte. Bide onetik doala ematen du, baina oraindik haurra da».

Oporretan ere elkarrekin joan izan dira askotan aitona-amonak bilobarekin, Landetara (Okzitania) eta beste toki batzuetara, «eta beti oso ondo».

Lizarraldek biloba ez du egunero zaindu behar, baina ikusten du badaudela aitona-amon batzuk askoz lotuago daudenak: «Urte osoan haurrekin, gelditu gabe...». Iruditzen zaio egoera zaila dela. «Lan munduan ari dira familia kontziliazioaren kontuaz gauzak esaten. Hitz egin bai, baina egiten? Krisitik ateratzen ari direla ere badiote, baina...oso mantso doa. Etorkizuna zaila ikusten dut».

BERRIAn argitaratua (2017/04/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA