astekaria 2017/05/05
arrowItzuli

politika

Badaezpada, atxilotu

Jokin Sagarzazu

Badaezpada, atxilotu

Eztanda hotsak, oihuak. Dozena bat ertzain. Armekin burura apuntatzen. Modu bortitzean atxilotu zituzten Amir eta Akram, 30 urteko aljeriarrak, Gasteizen, 2008ko otsailaren 14an. Akusazioa: islamisten alde propaganda egitea. Lau orduko miaketa baten ostean, lau kutxa atera zizkieten etxetik: barruan, ordenagailu eramangarri bat, bi disko gogor, musika CDak eta ikasle garaiko apunteak; arabieraz idatzitakoak, bereziki. Handik, hiriaren erdialdeko mintzaleku batera; ez zuten ezer atzeman. Biharamunean, libre utzi zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak. Kargurik gabe. «Frogarik gabe» atxilotu zituztelako, kargu hartu zien epaileak ertzainei.

«Terrorismo islamistarekin» loturik Ertzaintzak atxilotutako aurrenekoak izan ziren Amir eta Akram. Gertatutakoa salatzeko, agerraldia egin zuten, eta haiei, haien gertukoei eta islamiar komunitateari oro har egindako «kalteengatik» azalpenak galdegin zizkioten Eusko Jaurlaritzari. Gobernuak aitortu zuen egindakoa hutsegite bat izan zela, eta «lekuz aldatu» zituen operazioa agindu zuten ertzainak.

Halako operazioak «ohikoak» direla dio Endika Zulueta abokatuak. «Froga zehatzik gabe atxilotzen dituzte; prebentzioagatik, badaezpada. Eta atxiloketa horietako asko legez kanpokoak izaten dira». Amir eta Akramen kasuak izan zuen erantzuna «ezohikoa» dela dio, eta azpimarratu du atxilotuen «babesgabetasuna» handia izaten dela halako kasuetan. «Legedi antiterrorista ezartzen diete, horrek ekar dezakeen guztiarekin, eta, gero, aske uzten dituzte, edo herrialdetik kanporatzen, inor gutxik ezer jakin gabe. Gainera, baliabide eskaseko pertsonak izaten dira, eta ez dago haiek laguntzeko eta kasu hauek salatzeko erakunderik».

Zulueta ofiziozko abokatua da Madrilen. «Terrorismo islamistarekin» loturiko kasuak izan ditu eta ditu esku artean. Ezagunena, Rabei Osmanena. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen «egile intelektuala» izatea leporatuta epaitu zuten Osman. Froga faltagatik, absolbitu egin zuen Javier Gomez Bermudez epaileak. Eta Gorenak berretsi. Gisa horretako kasuetan aritzeagatik haren aurkako «akusazio gogorrak» entzun behar izan dituela dio Zuluetak. «Terrorismoa babesten ari naizela, eta horrelakoak. Gai honetan, ez dago erdibiderik: edo gurekin, edo haiekin».

Abokatuarentzat, baina, «kezkagarriena» da «erantzun sozial eskasa» egon dela «terrorismo islamistari» aurre egiteko argudioa erabilita egin diren lege aldaketen inguruan. «Badirudi ez dela zuzena hori salatzea. Kanpoko arazotzat du jende askok: 'nirekin ez du zerikusirik, niri ez dit eragingo', pentsatzen dute askok. Baina ez da horrela. Herritar guztion oinarrizko eskubideak eta bermeak mugatzen ari dira».

Zuluetak ez du ukatzen «terrorismo islamistaren arriskua». Baina uste du «mamu» hori «erabiltzen» dela. «Badirudi egunero gerta daitekeela zerbait, baina Espainian atentatu bakarra egon da. Estatuak eraginkortasun mezuak zabaltzen ditu atxiloketen bidez, beldurra hedatzeko. Gauza jakina baita beldurtuta dagoen gizartea otzanagoa dela».

Antzera mintzo da Aziz Messaoudi Euskal Herriko Islamiar Federakundeko eleduna. Hark dio musulmanen komunitatea ez dagoela bakartuta, haiei ere eragiten dietela gainontzeko herritarren arazo berberek, eta interesa ere badutela horiek konpontzeko: «Baita terrorismoa ere». Dena den, harentzat, «hemen», arazoa ez da «zenbait komunikabidek eta politikarik» irudikatzen duten tamainakoa. «Hildako gehiago daude indarkeria matxistarekin loturik, eta ustelkeria herri oso bat jartzen ari dira hilzorian, baina jihadismoa deiturikoari argi gehiago ematen zaio, eta une jakin batzuetan bereziki».

Hori esanda, berak ere ez dio garrantzirik kendu nahi auziari, eta Poliziak eginiko lana «eskertzekoa» dela dio. «Ñabardura garrantzitsu» batekin, halere. «Instituzioek horretan soilik oinarritzen dute beren lana, eta ez da nahikoa. Pertsonen erradikalizazioa saihestu nahi bada, prebentzioan lan egin behar da, baina horretarako hezkuntza edota kultura dira gakoak eta ez haiek inteligentzia poliziala deiturikoa».

Messaoudik ezagutzen ditu atxilotu eta ordu gutxira aske geratu diren kasu batzuk, Frantzian dituen harremanengatik. Han, giroa «asko gaiztotu» dela dio. «Nire ustez, gogorrago ari dira komunitate musulmanaren aurka eta azken aldian izan diren atentatuak garrantzia handia izan dute. Atxiloketak egiten ari dira modu arbitrarioan, eta atxilotua izan zaitezkeen kezka eta beldurra oso hedatua dago hango komunitatean. Uste dut, epe ertainera begira, kalterako izan daitekeela hori».

Poliziaren jarduteko modu hori salatu du Zuluetak ere. «Akusazioak oinarritzen dituzte inteligentzia informeak deiturikoetan. Eta horiek berresteko-edo beharrezkoak izaten dituzte sarekadak. Modu horretan, gainera, zabaltzen dute kontrol soziala komunitate oso batera eta beldurra gizarte osora».

Euskal Herriko egoera, aldiz, «bestelakoa» dela dio Messaoudik. «Ez dago sentsazio hori, eta espero dugu islamofobia ez zabaltzea, baina nork daki». Euskal Herrian izandako atxiloketei buruz, informazio eskasa duela dio. «Ez zuten loturarik komunitate musulmanarekin. Nolabait, sare sozial sendorik ez duten gazteak dira, Internet bidez sartu direnak horretan. Baina horrek ez du esan nahi arazo bat ez dugunik».

Bere elkartea aurki da biltzekoa Segurtasun Sailarekin, Ertzaintzak meskitetan abiatutako kanpaina baloratzeko. «Eragina ez da oso handia izaten ari. Ertzaintzaren Inteligentzia Zerbitzuak ari dira kanpaina hau eramaten eta gure komunitatean aurreiritzi eta iritzi ezkor asko daude inteligentzia zerbitzuekiko. Hau ez da konpontzen ertzain bat meskitara bidaliz eta han daudenei terrorismoaren arriskuez ohartaraziz». Kanpainak, beraz, ez duela «denek» espero dituzten emaitzak emango uste du Messaoudik. «Planteamendua okerra da. Imanak dira gure erreferente nagusiak. Baina Imanekin ez dute lan egiten; eta formazioa behar dute, bereziki teknologia berrien arriskuei buruz-eta. Gainera hau ez da segurtasun arazo bat soilik; Segurtasun Sailaz gain besteen inplikazioa ere behar da».

Atentatu bat, 746 atxilotu

2004ko Madrilgo atentatua izan da «terrorismo islamistarekin» loturik Espainian egin den bakarra, Zuluetak gogoratu duenez. Ordutik, 746 pertsona atxilotu dituzte, Barne Ministerioaren datuen arabera. Baina epaitu, hirutik bat. Eta zigortu, hamar atxilotuetatik bi. Egun, 220 preso inguru daude: erdia zigorrak betetzen eta beste horrenbeste epaiketaren zain. Europan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gogortu dituzte gehien beren legediak «terrorismo islamikoaren aurka» egiteko. Azkenengo bi urteetan, bereziki. Horren isla dira Europolen datuak. 2015ean, 377 pertsona atxilotu zituzten Frantzian; bi urtean %90 ugaritu dira atxiloketak han.

Euskal Herrian, Gasteizko bi gazteak izan ziren aurrenekoak, 2008an. 2012. urteaz geroztik, Hegoaldean hamahiru lagun atxilotu dituzte; horietatik lau Ertzaintzak, eta horietatik bi zigortu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Internet bidezko «autodoktrinamendua» egotzita. 2005ean sartu zuten Zigor Kodean figura hori. Auzitegiek ezarritako lehenengo zigorrak Ertzaintzaren ikerketetan oinarritu dira.

Pirinio Atlantikoetako prefetaren arabera, berriz, 50 pertsona daude zaintza berezian han, terrorismoarekin zerikusia izan dezaketelakoan, eta beste sei etxean daude atxilotuta. Horietatik bi Baionan behar lukete, baina aurtengo otsailean atxilotu zituzten, Eslovenian; zabaldutako informazioen arabera, Siriara bidaian ziren, Estatu Islamikora batzekotan. «Frantziako eta Espainiako legedietan gatazka egoeran den herrialde batera bidaiatzeak susmagarri egiten zaitu, baita webgune batzuk ikusteak ere. Zerrenda luzea da», dio Zuluetak.

Abokatuak azpimarratu duenez, «portaerak, ideiak» zigortu nahi dira. «Zuzenbidearen oinarriak iraultzen ari dira: pertsona bat ez dute atxilotzen delitu bat egin duelako, delitu bat egin dezakeelako baizik. Susmoa bihurtu dute froga». Zuluetaren arabera, etsaiaren zigor zuzenbidea deiturikoa ari dira aplikatzen.

Messaoudi bat dator iritzi horrekin. «Autorea musulmana baldin bada, ekintza hori terrorismo bihurtzen da, edo horrela saltzen dute». «Gure komunitatean oso zabalduta dago honako uste hau: hauteskundeak, ekintza terrorista, terrorista hiltzen dute, eta Daesh-ek bere gain hartzen du atentatua. Formula hau kasualitatea ote den, benetan zer gertatzen ari den... Ez dakigu, eta susmoa daukat ez dugula jakingo».

BERRIAn argitaratua (2017/04/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA