astekaria 2017/04/28
arrowItzuli

mundua

SERGIO JARAMILLO

«Hamabost urte beharko dira bake ituna betetzeko»

Adrian Garcia

«Hamabost urte beharko dira bake ituna betetzeko»

Kolonbia baketzeari eskaini dizkio Sergio Jaramillok (Bogota, 1966) azken lau urteak, gobernuaren Bakerako Goi Mandatari gisa. Habanan, giltzarria izan da haren rola, FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadaren eta gobernuaren arteko elkarrizketetan. Mende erdiko gerra amaitzeagatik, Gernika saria eman diete aldeei, Juan Manuel Santos presidenteari eta Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruari. Jaramillok jaso du Santosen izenean, eta BERRIArekin hitz egin du ondoren. Filosofoa da ikasketaz, eta hizkuntzek erakartzen dute —sei hizkuntzatan mintzo da—. Euskarari buruz gehiago jakiteko erabili ditu Euskal Herrian pasatutako egunak. «Txunditu egiten nau zapalkuntzatik bizirik atera den hizkuntza honek».

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bakea sinatu zutenean, esan zuten zailena egiteko zegoela, alegia, adostutakoa betetzea izango zela konplikatuena. Akordiotik zein izango da betetzeko punturik zailena?

Erronkarik handiena da koka landareak ordezkatzea; azken urteetan, asko hedatu dira, eta ordezkatze programen aurka dago krimen antolatua. Gatazkaren amaierarekin aukera handi bat ireki da nekazariekin lan egiteko, txirotasunetik atera daitezen. Baina handia da oposizioa, eta denbora gure aurka dago.

Errentagarriagoa zaio nekazariari koka landatzea beste ezer baino.

Bai eta ez. Txirotasunaren tranpan amaitzen du azkenean; nekazariak ez dira aberasten direnak kokaren negozioarekin. Gurpil ero bat da: erosle finko bat izatera ohitzen dira, eta erosle horiek finantzatzen dizkiete beharrezkoak zaizkien produktuak. Eta sistema horren preso bukatzen dute. Baliabide handiak behar dira koka ordezkatzeko, eskualde osoari ekarri behar baitizkio onurak. Mezuak ez du izan behar: gobernuak koka hazleak laguntzen ditu.

Zenbat urte beharko dira akordio osoa betetzeko? Izango al da posible guztia betetzea?

Hori da asmoa. Gobernua akordioaren esparrua bukatzen ari da: testuko konpromiso guztiak betetzeko egingo diren politika publikoak eta horien kostuak jasoko ditu. Horrek bermea emango dio. Ehunka konpromiso dira, eta gutxienez hamabost urte beharko dira betetzeko.

Izaten ari dira zailtasunak eta atzerapenak, batez ere desmobilizatzeko guneetan.

Orain eztabaidatzen ari gara desmobilizatuak denbora gehiago geratzea kanpalekuetan, baina desarmatuta.

Ekainaren 1erako utziko dituzte armak, orduan?

Hori da konpromisoa.

Desmobilizazio guneetako egoera kaskarra dela eta, borondate politiko falta egotzi diote gobernuari.

Ez da egia. Lan handia egin behar izan da kanpalekuak eraikitzeko. Eremu horiek tokitan daude, eta oso zaila da hara iristea. Zailtasunak izan ditugu, zubi hondatuengatik, administrazioko barne arazoengatik... FARCeko buruzagiekin ere ez ditugu izan arazo gutxi; batzuek gauza bat adosten dute, baina besteek gero ukatu egiten dute. Halere, horrek ez luke eragotzi behar kronograma betetzea.

Nola eragingo diote bake prozesuari hurrengo urteko presidentetzarako bozek? Blindatuta al dago akordioa?

Erabateko blindajerik ez dago, baina badaude berme juridikoak. Haatik, bakea bultzatu nahi ez duen gobernu batek asko atzera dezake hitzartutakoa betetzea.

Alvaro Uribe presidente ohiarekin lan egindakoa zara gobernuan. Zergatik nahi du bake prozesua hondoratu? Zer helburu du?

Neure buruari hitzeman diot Uriberi buruzko galderei ez niela erantzungo.

Nola bizi izan zenuen iazko urriaren 2an erreferendumaren gaua?

Kolpe gogorra izan zen, baina urte asko dira honetan, eta lanbidearen ajeak dira. Ohitu egiten zara krisietara, eta segituan hasten zara pentsatzen arazoa nola konpondu. Une gogorrak izan ziren, baina beti jakin behar da probetxua ateratzen. Akordioari zuzenketa batzuk egin genizkion, eta hobetu egin genuen.

Zein ondorio ateratzen dituzu erreferendumaren hutsegite horretatik? Zergatik irabazi zuen ezezkoak?

Analistek atera ditzatela ondorioak. Bakarrik esango dut kanpainak brexit-arenarekin antzekotasun handiak izan dituela.

FARCen desmobilizazioaren inguruan gizartearen interes falta bat dagoela esango al zenuke?

Neke bat badago, prozesuak denbora askoan iraun duelako. Landa eremuan bizi direnak oso hunkituta daude, azkenean gerra amaitu delako. Baina hirian ez da gerra horrenbeste sentitu, eta emozio horiek ez daude. Hori da Kolonbiak duen arazo handietako bat, hiriaren eta landa eremuaren arteko urruntasun handia.

Eremu askotara ez da estatua iristen, eta hutsune hori aprobetxatzen dute talde armatuek. Ezinezkoa al da estatua gune horietara ailegatzea?

Kolonbiaren tamaina Frantziaren halako bi da, eta oso menditsua da. Lurralde urrun horietan azpiegitura kaskarra da. Nire ustez, estatu eredua aldatu behar da. Gobernua ezin da iritsi Bogotako martetar batzuk balira bezala: «Ni naiz estatua». Parte hartzea sustatu behar dugu, eskualdeko jendeak aintzat hartzen dituztela ikus dezaten. Beste era batera eraiki behar ditugu harremanak eskualdearekin. Lurraldetasun bakea behar dugu.

AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak 2006an desmobilizatu ziren. Baina paramilitarren presentzia handia da oraindik. Zein neurri jasotzen ditu akordioak indar horien aurka egiteko?

Eztabaida handia dago paramilitarismoaren inguruan. Gobernuak uste du ez dela egokia krimen taldeei paramilitarrak esatea, haien helburua delako gatazkaren parte gisa kontsideratzea, negoziatu ahal izateko gobernuarekin. Horrek ez du esan nahi mehatxu bat ez direnik. Noski, mehatxu handia dira. Akordioan badaude horien aurka egiteko neurriak, baina erronka akordiotik harago doa: autoritatea ezarri behar da lurraldean.

Bi astean, FARCeko bi kide hil dituzte. Desmobilizatuak babesteko akordioak jasotako neurriak nahikoak al dira?

Oso larria da. Badaude neurriak: fiskalaren ikertzeko gaitasunak handitu dira, mehatxuen aurka egiteko. FARCeko ehunka kidek entrenamendua jasoko dute babes lanetan parte hartzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/04/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA