astekaria 2015/11/22
arrowItzuli

mundua

EI-k mehatxu egin die Sirian esku hartzen ari diren herrialdeei

Mikel Rodriguez

EI-k mehatxu egin die Sirian esku hartzen ari diren herrialdeei

«Gurutzatuen kanpainan parte hartzen ari diren estatuei erraten diegu, jainkoarengatik, egun bat izanen dutela, jainkoak hala nahi badu, Frantziarena bezalakoa. Eta jainkoarengatik, Frantzia kolpatu dugun bezala bere etxearen erdigune Parisen, zin egiten dugu Amerika ere kolpatuko dugula bere erdigune Washingtonen». EI Estatu Islamikoaren izenean mezu bat argitaratu dute Interneten, eta irudietan ageri diren miliziano armatuek mehatxu egin dute joan den astean Parisen egindako erasoen antzekoak eginen dituztela Sirian eta Iraken EI bonbardatzen ari diren bertze herrialdeetan. Zehazki, AEBak eta «Europako herrialdeak» aipatu dituzte bideoan. John Brennan CIAko buruaren arabera, Parisko erasoak ez dira «egun bakarreko gertakariak» izanen, eta ziurtzat jo du muturreko islamista sunitek «martxan» dituztela plan gehiago. Frantziak eta AEBek, azken egunotan, bonbardaketak gogortu dituzte Sirian eta Iraken, bereziki Siriako Raqqa hirian, EIren hiriburuan. Munduko herrialde boteretsuenetakoak biltzen dituen G20 taldeak Turkiako bilkura bukatu zuen atzo, baina Siriako gerran aurkako jarrerak dituzten herrialdeak ez dira ados paratu.

EIk Parisko erasoak biharamunean hartu zituen beregain, ohar bat argitaratuta. Atzo taldearen izenean argitaratutako bideoan, zenbait miliziano armatu ageri dira AEBei eta Europako herrialdeei mehatxu egiten. Gizonezko gazteak dira, gehienak arropa militarrekin eta turbanteekin jantzita, eta arabieraz mintzo dira. «Europako herrialdeei erraten diet bagatozela; bagatoz bonba-tranpekin, lehergailudun gerrikoekin eta pistolekin, eta ez zarete gai izanen gu geldiarazteko, lehen baino anitzez azkarragoak garelako», dio bideoan Al-Gharib Aljeriarra izenarekin identifikatzen den batek.

Brennan CIAko zuzendaria ez da bideoaz mintzatu, baina egintzat jo du EIk Mendebaldean bertze eraso bat egiteko planen bat martxan duela. «Inteligentzia eta segurtasun zerbitzuak oraintxe bertan jo eta su lanean ari dira ikusteko zer egin dezaketen horiek [planak] azaleratzeko», adierazi du Ikerketa Internazional eta Estrategikoetarako Zentroak Washingtonen antolatutako jardunaldi batzuetan.

EIren diru iturria jomugan

Frantziak Parisko erasoei emandako berehalako erantzuna izan da Siria iparraldeko Raqqa hiria bonbardatzea. Defentsa Ministerioak atzo adierazitakoaren arabera, gerra hegazkinek hogei bonba bota dituzte EIren buruzagitza postu baten, errekrutamendu gune baten eta arma biltegi baten aurka. Ministerioak erran du milizianoak entrenatzeko zelai bat ere suntsitu dutela.

Frantziaz gain, AEBek ere eman dute bonbardaketa gehiagoren berri. Pentagonoko bozeramaile batek berri agentziei adierazi dienez, igandean erregaia garraiatzen zuten «116 kamioi» suntsitu zituzten Washingtonek zuzentzen duen koalizioaren hegazkinek, ekialdeko Deir ez-Zor probintzian. Koalizioaren eta bertze iturri anitzen arabera, EIren diru iturrietako bat da konkistatutako eremuetan dagoen petrolioaren salmenta. «Haien finantzaketa gaitasuna kolpatzeko estrategiaren parte da erasoa», adierazi du Pentagonoko iturriak. Azken urteotan gehien hedatu den teoriaren arabera, EIk Turkiatik lortzen du petrolioa merkatu beltzean saltzea, baina Pentagonoko iturriak ez dio aipamenik egin horri.

Hain zuzen, Turkian elkartu ziren atzo G20 osatzen duten herrialdeak. Munduko ekonomia nagusietako hogei herrialde elkartzen dituen foroa da. Parisko erasoek bereziki eragin zioten atzoko bilkuraren agendari, eta, horrekin lotuta, Siriako gerra izan zuten mintzagai nagusi. Gatazkan era batera edo bertzera bete-betean sartuta daude G20ko herrialde bat baino gehiago: AEBak, Frantzia, Erresuma Batua, Errusia, Saudi Arabia eta Turkia, garrantzitsuenak. «Ados paratu gara pauso garrantzitsuak emateko terroristen finantzaketa mozteko, terroristen muturreko ideologiari kontra egiteko, eta atzerriko borrokalariei bidaiatzea eragozteko», adierazi zuen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak. Dena den, estrategiarekiko kontsentsurik gabe jarraitzen dute. Vladimir Putin Errusiako presidenteak kazetarien aitzinean adierazi zuen bere herrialdeko zerbitzu sekretuek informazioa dutela EI finantzatzen duten «norbanakoei» buruz. «Diru hori 40 herrialdetatik ailegatzen da. G20ko kide batzuk daude horien artean».

Su-etenerako ebazpena

Nahiz eta nazioartean kontsentsurik ez dagoen, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua «berehala» hasiko da Sirian su-etena ezartzeko ebazpen bat egiten, Erresuma Batuko enbaxadoreak jakinarazi duenez.

BERRIAn argitaratua (2015/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA