astekaria 2017/04/28
arrowItzuli

politika

Ustelkeriak setiatua

Iñaki Petxarroman

Ustelkeriak setiatua

Ustelkeria auziek setiatu dute Urbaser azken urteotan. Enpresako arduradun bat baino gehiago atxilotu dute, eta sona handiko ustelkeria kasuetan izandako harremana ikertzen ari dira epaileak. Aurreko ostegunean, Guardia Zibila sartu zen Madrilgo haren egoitzan, eta hainbat kutxa eraman zituen agiriz beteta. Lezo auzian ikertzen ari dira ea hainbat adjudikazio modu irregularrean jaso dituen enpresa horrek. Bidegabeko diru eskaintzak, opariak, eroskeria eta bestelako delituak egotzi dizkiote han eta hemen. Besteak beste, hark jaso du Zubietako errauste planta egiteko enkargua Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskutik, Murias, Altuna y Uria, Moyua eta LKS enpresekin batera. Iaz erosi zion Urbaser Ying Zhan Investment Txinako multinazionalak Florentino Perez magnate espainiarrari. Honako hauek dira Espainian eta Herrialde Katalanetan azken urteotan inplikatuta ageri den auzi nagusiak.

'3 PER CENT AUZIA'

2015eko urrian atxilotu zuen Poliziak Jordi Duran Urbaserreko Kataluniako arduraduna, Barajasko aireportuan, Kubatik bueltan zela. Durani influentzia trafikoa egotzi diote, Convergencia Democratica de Catalunyari (CDC) erasan dion %3ko komisioen aferan. Auzi horrekin lotuta, dozenaka lagun atxilotu dituzte, enpresariak eta CDCko goi kargudunak: diruzaina, kudeatzaile ohia eta alderdiaren azpiegituretako arduraduna, besteak beste. Urbaserri egotzi diote hondakinen kudeaketarekin lotutako hainbat zerbitzu jaso izana, legez kanpoko komisioen truke. Besteak beste, Olot (Girona) hirikoa hala jaso zuela uste du Poliziak. Kasua epaiketaren zain dago.

'UNION AUZIA'

Lanzaroten (Kanaria Uharteetan) gertatutako ustelkeria kasurik sonatuena izan da Union auzia, eta hor ere Urbaser enpresako hainbat arduradun nahasita ageri dira ikerketan. Haietako lau atxilotu zituen Guardia Zibilak, ustelkeria sarearekin nahasita zeudelakoan. Besteak beste, ikerketa egin dutenek uste dute Arrecife hiriko hondakinen bilketa eman ziola Isabel Deniz alkate ohiak —hura ere auzi horretan inputatua— Urbaserri, eta trukean dirua eta opariak jaso zituela; besteak beste, 42.000 euro, erlojuak, milaka euroko bidaiak eta luxuzko hoteletako egonaldiak... Kasu horrek hainbat atal ditu, baina Urbaser nahasita ageri dena oraindik epaiketaren zain dago.

'PUNICA AUZIA'

Madrilgo erkidegoko PPko hainbat goi arduradun nahastu dituen ustelkeria kasu ezaguna da Punica auzia. Besteak beste, hainbat enpresabururi egotzi diete ezkutuko diruak eman izana —hauteskunde inkesten bidez, adibidez— udal eta erakunde ezberdinei, zerbitzu publikoen eskaintzak jasotzearen truke. Auzi horretan ere nahastu dute Urbaser. Poliziak uste du multinazional horrek 40.000 euro eman zituela 2008an, Mostolesko PPren aldeko inkestak egiteko. Diru horren truke hiriko garbiketa zerbitzua jaso zuela uste dute ikerketa egin dutenek. Auzi horretan nahasia dago Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi ohia —gaur egun, espetxean—, eta ikerketapean daude PPk agintzen zuen hainbat hiritako arduradun: Valdemoro, Alcala de Henares, Mostoles, Pozuelo de Alarcon, Alcobendas, Brunete, Torrejon de Velasco...

'ZABORRAREN KARTELA'

Urbaserren eta beste hainbat enpresaren (FCC, Sacyr, Ferrovial) jarduteko modu irregularra agerian utzi zuen Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) 2015ean. Enpresa handi horiei hondakinen kudeaketaren merkatua kontrolatzeko kartel bat osatzea egotzi zien CNMCk, eta 98,2 milioi isuna jarri zien. Hain zuzen ere, batzordeak deliberatu zuen enpresa handi horiek itun bat zutela merkatua banatzeko eta lehiakideak uxatzeko. Itun horrek Espainiarako ez ezik, Euskal Herrirako ere balio zuela idatzi zuen CNMCk bere txostenean. Enpresen itun hori indarrean egon zen gutxienez 2000tik 2013ra, eta, besteak beste, Euskal Herrian, Andaluzian eta Ceuta eta Melillan aplikatu zuten. Iruzur orokor horrengatiko isun handiena Urbaserri jarri zion CNMCk: 23,2 milioi eurorena.

'MUTUA UNIVERSAL'

Bartzelonako Mutua Universalen egoitzara sartu zen Polizia 2007an, eta hamar arduradun atxilotu zituen. Besteak beste, Gizarte Segurantzako 200 milioi euro desbideratzea egotzi zien Poliziak mutualitateko arduradun horiei, tartean Juan Aicart zuzendari nagusi ohia. Agiriak eta kontuak faltsutzea, dirua bidegabe erabiltzea eta beste hainbat delitu leporatu diete. Hain zuzen ere, euren jokabide horrekin hainbat enpresari onura egin zietela uste du Poliziak, besteak beste, Urbaserri. Ikerketaren arabera, auzi horrekin lotuta onurarik handiena jaso zuen bigarren enpresa da Urbaser, Peugeoten atzetik. Epaileak eskatu dio Urbaserri bidegabe jasotako 10,7 milioi itzultzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/04/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA