astekaria 2017/04/28
arrowItzuli

gizartea

PAUL PRESTON

«Gernikak behar du Espainiak aitortzea 36ko kolpea ilegala izan zela»

Zuberoa Iturburu Lopez-Pantoja

«Gernikak behar du Espainiak aitortzea 36ko kolpea ilegala izan zela»

Bi hitzaldi eman ditu egunotan Paul Preston historialariak (Liverpool, Ingalaterra, 1946) Gernika-Lumon (Bizkaia), bonbardatzeei buruzko mintegiaren barruan. 1936an Espainian izan zen estatu kolpean eta gerran aditua da, eta horiei buruzko liburu garrantzitsuak idatzi ditu, baita Francisco Franco diktadoreari buruzko biografia bat ere.

La muerte de Gernika liburua aurkeztera etorri zara. Zer jaso duzu bertan?

Liburuaren bertsio grafikoa aurkeztu dugu; izan ere, gaur arte ez da sekula paperean argitaratu, bertsio digitalean bakarrik. Liburu laburra da; Gernikako bonbardatzeaz jakin beharrekoa laburbiltzen saiatu naiz: testuingurua, arrazoiak, alemaniarren estrategia, frankisten erantzukizuna... Eztabaida interesgarria sortu zen albiste faltsuei buruz; Donald Trumpi eta brexit-ari buruzko eztabaidari esker, gaia hizpide da berriro.

Britainiarrek gerran izan zuten funtzioaz ere mintzatu zara. Zein analisi egin duzu?

Ez esku hartzeko politika zuten britainiarrek, baina ez zen guztiz horrela izan. 1937ko martxo hasieran, britainiarrei Espainia iparraldeko kostaldea kontrolatzea eta zaintzea esleitu zieten; Francok Bizkaian sartzeko zuen asmoarekin batera gertatu zen, erasoa martxo amaieran egitea erabakia baitzuen. Beraz, frankistek Bizkaiari eraso ziotenean, kostaldea britainiarrek kontrolatzen zuten. Britainiarren politika ez esku hartzearena izateak eragin handia izan zuen, funtsean, disimuluan Francori laguntzea ekarri baitzuen: ez ziren neutralak izan. Kazetariek eta diputatu laboristek desmuntatu zuten gezur hura. Adibidez, batetik, ministroen kontseiluko bilera batzuetan hitz egin zuten ez esku hartzearen eta neutraltasunaren garrantziaz, eta, bestetik, Alemaniaren eta Italiaren erasoez. Beraz, ondo zekiten beste batzuk eraso egiten ari zirela, baina fartsari eutsi zioten.

Irabazleen bertsioak zioen gernikarrek suntsitu zutela herria. Notizia faltsuen adibidea da?

Adibide ona da. Bonbardatu egin zutela zalantza izpirik ez dago; gainera, bonbardatze sinple bat baino askoz okerragoa izan zen. Baina, geroago, kanpaina bat muntatu zuten. Hasieran, esan zuten ez zela bonbardaketarik izan, egun hartan behe laino handia zegoelako, baina hura hurrengo egunean gertatu zen. Gezur burugabeak ziren, baina sinesten ziren, Europako eskuinak aitzakiak bilatzen zituelako. Geroago, asmatu zuten asturiar meatzari batzuk eta euskal jendea izan zirela; esan zuten Gernikari su eman ziotela, baina zentzugabea zen: sute mota hura bakarrik gerta zitekeen bonba leherkariak eta su eragileak elkartuta.

Gernika esperimentu bat izan zen; zertarako?

Izuaren esperimentua izan zen eta, geroago, alemaniarrek normaltasunez erabili zuten: Polonian, 1939an; Frantzian, 1940an; eta Bigarren Mundu Gerra osoan. Zibilak kikiltzeko, abiazioaren indarra egiaztatu zuten Gernikan: horrela, balizko etsaien gerra ahalegina suntsi zezaketela.

Alemaniarren esku hartzerako arrazoietako bat izan zen?

Esku hartzeak motibazio nagusi bat zeukan: egiaztatzea britainiarrak eta frantziarrak zenbateraino bultza zitezkeen. Haiek ahultzeko ikuspegi estrategiko batek mugitu zituen: alemaniarrek eta italiarrek nazioarteko harremanen nagusitasun anglo-frantsesa apurtu nahi zuten. Eta arrakasta handia izan zuten. Horretaz gain, arma, hegazkin eta taktika berriekin esperimentatzeko aukera izan zuten.

Bigarren Mundu Gerraren jatorria ikertzean ezagutu zenuen 36ko kolpe faxistan gertatutakoa. Zein garrantzia izan zuen Bigarren Mundu Gerrari begira?

Litekeena da Espainiako gerra izatea Bigarren Mundu Gerraren lehen bataila.

Hainbat kazetariren lana garrantzitsua izan zen egia jakiteko?

George Steer eta beste kazetariak Gernikan egon izan ez balira ikusitakoa jasotzeko, gezur frankistek arrakasta izango zuketen, kontrako bertsiorik ez bailegoke. Kazetaritza ona da historiaren lehen zirriborroa. Haiek gabe ez genukeen zirriborrorik.

Gogoratzearen garrantzia aipatzen da gaur egun, Gernika gehiagorik egon ez dadin. Halako asmorik ikusten al duzu?

Hanburgo, Nagasaki, Hiroshima, Alepo... Oso zaila da. Asmo laudagarria da, baina, zoritxarrez, uste dut esperantza hutsa dela.

Zer beharko luke Gernikak Espainiako erakundeen aldetik?

Hori gernikarrek esan beharko lukete. Baina ez legoke txarto, behingoz, Espainiako Gobernu batek aitortzea egindako krimenak Euskal Herriari, Andaluziako herriari, Extremadurako herriari, Kataluniako herriari eta abar. Gernikak behar du Espainiako Gobernuak aitortzea 36ko kolpe militarra eta diktadura legez kontrakoak izan zirela.

BERRIAn argitaratua (2017/04/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA