astekaria 2017/04/28
arrowItzuli

gizartea

Francorik ez faxismorik gabe

Mikel Rodriguez

Francorik ez faxismorik gabe

Mingarria izan da hainbertze urtetan zuen borrokaren inguruan isiltasunari eutsi behar izatea». Solas horiexek erran zizkien Adolf Hitler Alemaniako diktadoreak Kondor Legioko beteranoei, 1939ko ekainaren 6an. Desfile jendetsu batekin omenaldia egin zieten Berlinen, eta legioa desegin zuten. 36ko gerrak iraun bitartean, Alemaniak ofizialki beti ukatu zuen esku hartzen ari zela, baina jakina zen Kondor Legioak suntsitu zuela Gernika gaurko egunez duela 80 urte, eta Bizkai osoa bonbapean eduki zuela hainbat hilabetez. Eta, Hitlerrek bidalitako legioarekin batera, Benito Mussolini Italiako diktadoreak bidalitako indarrek ere bai. «Erantzuna hagitz motza da», Angel Viñas historialari espainiarraren ustez: «Hitlerrik eta Mussolinirik gabe, ez zen Francorik izanen».

Viñas Ekonomian katedradun emeritua da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta 1970eko hamarkadan hasi zituen Espainiako II. Errepublikaren eta 1936ko gerraren inguruko ikerketak. Herenegun, hitzaldia eman zuen Gernika-Lumon, bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira Elai-Alai aretoan antolatu zuten mintegian. Francisco Franco Espainiako diktadoreari Alemaniako naziek eta Italiako faxistek eman zioten laguntzari buruz mintzatu zen. Gerra piztu aitzinetik, harremanak zituzten Espainiako armadak eta Alemaniakoak, eta, Viñasek azaldu duenez, Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralak 36ko kolpearen aitzinetik saiatu ziren Hitlerrekin harremanetan paratzen, errepublikaren aurkako ekinaldi bat babestu zezan. «Zirkulu industrial eta militarretan mugitu ziren, baina nahiko maila apalean». Viñasen arabera, Molak Alemaniaren babesa lortzeko egin zituen negoziazioak «traketsak eta eraginkortasunik gabeak» izan ziren.

Konspirazio luzea Italian

1936ko uztailaren 18an, estatu kolpea gertatu eta astebetera onartu zuen Hitlerrek militar kolpistei laguntzea, «Francok Tetuandik [Espainiaren Marokoko koloniatik] bidalitako mandatari batzuk hartu ondoren», Viñasek azaldu duenez. «Francoren eskaria xumea zen, baina Hitlerrek gehiago eman zion».

Viñasen ustez, «anitzez interesgarriagoa» da Italiaren kasua. «Mussolinik 1931z geroztik izan zuen errepublika ahultzeko interesa, Morten Heibergek Mediterraneoko enperadoreak liburuan azaltzen duen bezala». 1932an, Sanjurjada babestu zuen Mussolinik —Sanjurjok Andaluzian zuzenduriko kolpe saialdi bat—, eta, ondoren, monarkiazaleek, karlistek eta eskuin muturreko militarrek hainbat bidaia egin zituzten Erromara. «1934ko martxoan, akordio bat egin zuten Mussolinirekin. Mussolinik Jose Antonio Primo de Riveraren Falange finantzatu zuen, eta espioitza sare bat hedatu zuen Espainian. 1936an, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ondoren, aukera paregabea ikusi zuten plana gauzatzeko». Otsailean izan ziren Espainiako hauteskunde orokorrak, eta, hurrengo hilabeteetan, eskuineko hainbat ordezkari Erromara joan ziren gerrako materiala lortzeko. «Uztailaren 1ean, Pedro Sainz Rodriguezek [diputatu monarkiazaleak] kontratu batzuk sinatu zituen Erroman, eta horietan xehetasunez zehaztu zen italiarrek zer material bidaliko zieten matxinatuko zirenei. Juan Marchen [kontrabandista mallorcar boteretsuaren] diruarekin ordaindu zen. Hau da, matxinada militarrak trama zibil bat eduki zuen, eta erabakigarria izan zen faxismoaren laguntza erakartzeko».

1936rako, Alemaniako nazismoa eta Italiako faxismoa ongi egituratutako doktrina politikoak ziren, eta izaera berritzailea zuten eskuinaren munduan. Espainiako eskuineko sektore klasikoekin ezberdintasun ideologikoak zituzten, «baina horrek ez du deus erran nahi», Viñasen ustez. «Espainiako eskuina faxismorako bidean mugitu zen bake urteetan, eta laguntza nazi-faxistak prozesu hori sustatu zuen. Faxismoak gero eta sektore gehiago hartu zituen, modu nahiko irregularrean eta inoiz ez osoki, baina sinbologiaren aldetik arrakastatsua izan zen. Franco militar autoritario bat zen, eskuin muturrekoa eta antikomunista, eta ez zuen kutsadura faxista handirik. Baina berehalakoan bereganatu zuen; batetik, Hitlerren eta Mussoliniren laguntza sustatzeko, eta, bertzetik, itxura modernoa emateko aukera bakarra zelako 1930eko hamarkadan. Urte horietan, faxista izatea egokitu zen, eta hala izan zen; gero ez zen hala egokitu, eta izateari utzi zion, sinbologiaren aldetik, bederen».

Esku hartzeko motiboak

Hitlerrek eta Mussolinik agudo eta modu erabakigarrian esku hartu zuten gerran, Europako bertze herrialdeek ez bezala. «Literaturan oraindik anitz eztabaidatzen den gaia da Espainian zer interes zuten», kontatu du Viñasek. Bi potentzia faxistek esperimentazio militarrerako erabili zuten 36ko gerra, baina, Viñasen ustez, hori ez da «lehen mailako motibo bat». Anitz aipatzen den motibo bat «antikomunismoa» da, Espainiako Errepublikak komunismoa hedatzeko sortu zuen ustezko aukera, baina historialariak dio «arrazoi geoestrategikoetan eta geopolitikoetan» sakondu behar dela. «Hitlerrentzat, Frantziaren atzeragoardian Alemaniaren aldeko erregimen bat ezartzeko aukera zen. Mussolinirentzat, berriz, Mediterraneoaren mendebaldea menperatzeko pieza bat ezartzea, demokraziekin sor zitekeen gatazkari begira».

Ingo Niebel historialari alemaniarraren ustez ere, esperimentazio militarra bigarren mailako helburua izan zen. «Zalantzarik gabe, gerra irabaztea zen helburu nagusia. Ondoren, taktikak eta armak esperimentatzea: aire indarrak ongi aztertzen zuen helburua, eta, baldintzek uzten zutenean, teknikariak bidaltzen zituen eraso egindako tokia aztertzera. Eta, hirugarrenik, jendea entrenatzeko baliatu zuten gerra». Niebelek ongi aztertu ditu Kondor Legioaren historia eta Gernikako bonbardaketa. Viñasek bezala, Niebelek ere uste du nazien esku hartzea erabakigarria izan zela frankistek gerra irabazteko. «Kondor Legioak parean gerra hegazkin flota azkar bat izan balu, ez zukeen Gernika bonbardatu ahal izanen egin zuen bezala. Hegazkinek eta artilleriak rol erabakigarria jokatu zuten, eta frankistek ez zuten Sperrlek eta Von Richtofenek zuten esperientzia militarra. I. Mundu Gerran borrokatu ziren ofizial gazteak izan ziren, eta bazekiten, adibidez, nola eraso Bilboko Burdin Hesiari, frantziarrek Verdunen eta bertze fronte batzuetan eraikitako defentsen kopia bat baitzen».

Von Richtofen eta Gernika

Hugo Sperrle jenerala izan zen Kondor Legioaren aireko indarren buruzagia, eta, 1937an, Wolfram von Richtofen legioaren estatu nagusiko buruzagi izendatu zuten. Legioa 1936ko azaroan hasi zen osatzen, Hitlerrek esku hartzeari egitura eta ordena bat eman nahi ziolako. «Alemaniarrek hagitz argi utzi zioten Francori espedizio indar bat bidaliko zutela komandante batekin, eta komandante horrek protokoloz Franco matxinatutako indar guztien komandante burutzat onartuko bazuen ere, Kondor Legioa autonomoa izanen zela, eta soilik Sperrleren aginduak beteko zituela. Hala ere, ez nioke gehiegi begiratuko hierarkiari, une bakoitzeko egoera militarrari baizik. Azkenean, Franco, alemaniarrak eta italiarrak ados paratu behar ziren Kondor Legioa non eta nola erabili erabakitzeko».

Horregatik, zalantza: nork erabaki zuen Gernika bonbardatzea? «Askotan galdetu didate hori Gernikan», kontatu du Niebelek. «Erantzuna zaila da, eta hanka sartzeko aukera anitz dago». Historialariak argi du Franco dela «erantzule nagusia», hura eta harekin matxinatu zirenak «gerraren erantzule politikoak» direlako. Hala ere, oroitarazi du agiri bakar batean ere ez dela agertu Francoren zuzeneko agindurik Gernika bonbardatzeko.

Niebelen ustez, «berehalako erantzulea» bederen, Von Richtofen da. «1937ko apirilaren 26a baino egun batzuk lehenago, eztabaida bat izan zuen Molarekin, Molak nahi zuelako Kondor Legioak Bilbo bonbardatzea. Von Richtofenek ez zuen nahi, bazekielako Bilbok zer-nolako garrantzi estrategikoa zuen gerrarekin jarraitzeko». Niebelen iritziz, militar alemaniarrak bazekien Gernikak balio sinbolikoa zuela euskal abertzaletasunarentzat. «Nire iritzi pertsonalean, Von Richtofenek bi arrazoirengatik erabaki zuen Gernikari eraso egitea: bata, aitzineko bonbardaketetan bezala, faktore psikologikoa da. Kondor Legioak herri bat edo trintxera bat bonbardatzen duenean, han dagoen jendea beldurtzea da helburua, alde egin dezaten infanteria frankistak aitzinera egiteko». Bertze arrazoia, berriz, estrategikoa litzateke. Horren aurka argudiatu izan da bi helburu militar argi —Errenteriako zubia eta Astra armen fabrika— ez zituztela jo, baina, Niebelen ustez, badu azalpena: «Von Richtofenek Lekeitioko frontetik Bilbora erretiratzen ari ziren gudariak geldiarazi nahi zituen, eta, mapa hartuta, ohartu zen Gernikan errepideen bidegurutzea zegoela: iparraldetik, Bermeo aldera joan zitezkeen Bilbora hurbiltzeko, edo, hegoaldetik, Muxika eta Zornotza aldera. Horregatik, bidegurutze hori ixtea erabaki zuen, eta, bidegurutze hori ixtea zen Gernikako alde zaharra bonbardatzea. Zubia bota eta bidegurutzea itxi gabe, batailoiek ihes egin zezaketen berdin-berdin».

Plana ez zen ongi atera, «bertze behin infanteria frankista Von Richtofenek nahi baino motelago ibili zelako», baina Kondor Legioak arrakastatsutzat jo zuen bonbardaketa, bonbak nahi zituen tokian erori zirelako. Faxisten arteko kolaborazioaren eta esperimentazioaren biktimak, berriz, gernikarrak izan ziren duela 80 urteko egun hartan.

BERRIAn argitaratua (2017/04/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA