astekaria 2017/04/28
arrowItzuli

bizigiro

Albisteak, oihalean

Iker Tubia

Albisteak, oihalean

Papera krisian dagoela han eta hemen aditzen den garaietan, albisteak oihaletan argitaratzea. Burutazio hori izan zuten BERRIA egunkariak eta Oninart enpresak duela hiru urte. Ongi atera ere. Oihala ez dago krisian, dirudienez. Hala, ostegunetik aurrera Trixertak egitasmoaren hirugarren aldia hasiko da. Bi hilabetez hiru sortzaile arduratuko dira BERRIAko edukiak oihalera eramateaz: Maite Mutuberria ilustratzaileak, Maite Caballero marrazkilariak eta Joseba Beramendi Exprai marrazkilari eta diseinatzaileak eginen diote aurre kamisetak egiteko erronkari aurten.

Trixerta berriak asteon hasiko dira, ostegunean, eta astero berri bat aurkeztuko da, bi hilabetez. Ekainaren 29koa izanen da azkenengo diseinua. Baina aurreko bi aldietan ez bezala, azkenengoa ez da trixerta bakarra izanen, hiru baizik. Gai bera landuko dute hiru artistek, eta diseinu bana proposatu. Lehenbiziko trixerta Maite Mutuberriak diseinatuko du, eta, gainerakoetan bezala, 48 ordu izanen ditu horretarako. Izan ere, astelehenean aukeratuko da oihalera eramanen den albistea, eta diseinua asteazkenerako aurkeztu beharko dute artistek.

Astero trixerta berri bat aurkeztuko da, baina aste horretatik kanpo ere eskuratzeko aukera izanen da. Kamisetak eskatzeko trixertak.eus atarira jo behar da, eta, prezioei dagokienez, iazko berak izanen dira: 19,45 euro BERRIAlagunak ez direnentzat, eta 17,45 euro BERRIAlagunentzat. Orotara, 12 elastiko eginen dira bi hilabeteotan.

Dagoeneko Lesakan izan dira sortzaileak (Nafarroa). Maite Mutuberria eta Maite Caballero elkarrekin egon dira Oninartek Plaza Zaharrean duen tailerrean. Han aritu dira elastikoen koloreak aukeratzen, eta haien marrazkiak elastikoetan inprimaturik nola geratzen ziren ikusten. Oninarteko langileekin aritu dira koloreen inguruan: «Errazena erabiltzeko grisa eta beltza izaten dira», esan du langile batek. «Gorria ere ondo salduko da, ez?», gaineratu du Caballerok. Soinean jertse gorria daramala eta, irri egiten hasi da.

Oninartek kamisetak banaka egiten ditu, makina berezi baten bidez. Inprimagailu baten antzekoa da. Elastikoa ongi zabaldu, zimurrik gabe utzi, eta inprimatzeko makinan sartzen da. Denbora tarte txikian kamisetak marrazkia du bere gainean. Ondoren, beste makina batekin irudiaren eremua 30 segundoz zanpatu egiten dute, eta listo, kamiseta egina dago.

Hala ere, ez diote bide berari jarraitzen diseinu guziekin. Kolore batzuekin, aurretik tratamendu berezi bat eman behar zaio esprai bidez. Horren ondoren, 40 segundoz zanpatu egiten dute tratamendua duen azala, eta orduan sartzen dute irudia egiteko makinan. Bukatzeko, berriz ere zanpatu beharra dute. Baliteke prozesu horrek marka txiki bat uztea, baina behin garbituta kendu egiten da. Horren berri jasoko du trixerta erosten duenak kamiseta banatzeko kutxaren barnean.

Hasteko gogoz

Emaitzak ikusi ondoren, artistek azaldu dute proiektuarekin hasteko gogotsu direla. «Gogoz nago. Normalean eskuz egiten dut, eta bat-batean beste batzuek nire marrazkiak inprimatzea berria izango da. Pozik nago», azaldu du Caballerok. Gainera, uste du ikasteko balioko diola. Mutuberria ez dago ohiturik horrelako lanak egitera; beraz, hark ere izanen du zer ikasi. Uste du ikuspegi «komertzialagoa» izan beharko duela, eta, gogotsu bada ere,aitortu du urduritasun puntu bat ere baduela, elastikoaren euskarrian ez baitu lanik egiten. Egunerokoari buruzko diseinua pentsatzea ere erronka izanen da ilustratzailearendako: «Ez dut errealitateari itsatsita lan egiten, eta erronka polita iruditzen zait astean gertatzen denari begira egon eta horrekin lan egitea».

Hirugarren artista ezin izan da Lesakara joan, baina, telefonoz esan duenez, «bertigoa» ematen dio, nahiz eta gogotsu hartu duen Trixertak egitasmoan parte hartzeko deia. «Ideia polita da; jendearen gustukoa ez izatea da nire beldurrik handiena», esan du Expraik. «Egin eta lau egunera ikusita, agian pentsatuko dut hobetu nezakeela».

Ez zaio arrotz oihala, kamisetak diseinatu izan baititu. Koloreen banaketa nola egin, serigrafia eta bestelako aspektu teknikoak ezagun zaizkio, baina badago harendako berria den osagai bat: denbora. Izan ere, elastikoak bere kasa egin izan ditu, nahi zuelarik eta inolako presiorik gabe. Orain, 48 ordu izanen ditu albiste bat kamiseta bihurtzeko. «Presioa ere bada, baina egitasmo polita da. Tentsio puntu horrek badu grazia puntu bat».

Caballerok ere kezka apur batekin begiratu dio denboraren aferari, baina erronkari aurre egiteko prest da erabat. Estiloan ere pentsatzen aritu da: «Nik komikiak egiten ditut normalean, eta zinta batzuk edo antzeko zerbait egin dezaket, baina ez dakit». Mutuberriak ere kezka hori du: bere estiloa kamiseta diseinura nola eraman: «Egiten ditudan irudiek zentzu asko dituzte, eta uste dut mezu bat eta argia egin beharko dudala». Caballerok bide beretik jarraitu du: «Mezu zehatz bat azaltzea zaila izaten da, ni inguru-minguru ibiltzen naiz askotan».

Egoera hori dela-eta, ikastea, horixe da Mutuberriak behin eta berriro errepikatu duen hitza. «Espero dut nire estilotik abiatuta, horri tiraka, aukera berri bat ezagutzea, nik egin dezakedana ikusi eta kamiseta batera nola moldatuko dudan jakitea». Emaitzak, seguruenik, oso desberdinak izanen dira. Orain arteko aldietan horrela gertatu da, bederen. Expraik hori nabarmendu du.

Bestalde, egitasmoa begi onez ikusi du. «Kamisetaren mundua ez da nolanahi agortuko; are gehiago, Interneten toki guztietan daude, eta mundu guztiak egin ditzake». Hala, haren aburuz, jendea ez da aspertuko elastiko berrien eskaintzarekin. «Politak badira eta jendeari gustatzen bazaizkio, zergatik ez erosi? Ea aurten ere ongi ateratzen den, eta jarrai dezatela honekin». Orain artekoak, bederen, oso ongi baloratu dituzte BERRIAk eta Oninartek. Orain arte 28 diseinu egin dira, eta ekain hondarrean 40 izanen dira orotara. Horrekin batera, dagoeneko 1.500 elastiko baino gehiago saldu dira, eta egunkariko edukiak beste euskarri batzuetara eramatea lortu da; betiere, euskal diseinatzaile, marrazkilari eta ilustratzaileei aukera emanda.

Sorkuntza ekarpen zabala

Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak esan duenez, Trixertak egitasmoak, kamisetak ez ezik, 40 diseinu berri sortuko ditu hirugarren aldia bukatzerako. «40 diseinu izango dira, plazan jarritako marrazkiak, eta aztertzen ari gara erakusketa egiteko aukera, irudi horiei bizia luzatzeko». Horrek, baina, oraingoz ez du data finkorik. Etorkizunari so jarrita, Trixertak egitasmoaren aldi berrirako proposamena egin die erosleei: kamiseta etxera ailegatzean, soinean jantzi, argazkia atera, eta sare sozialetan paratzea #trixertak traolarekin.

Atzo, dagoeneko bildu ziren asteko albisterik nabarmenenak aztertu, eta aste honetako elastikorako albistea aukeratzeko. Hautaketa horretan, BERRIAk ez ezik, artistek ere izaten dute zer esanik. Lasak esan duenez, oreka lortu nahi izaten dute gaiei eta sailei dagokienez. «Beti ez da gaiaren pisuaren arabera aukeratzen: izan daiteke arinagoa baina joko handia ematen duena».

Hala, hiru hankako mahaia prest da berriz ere. Sormena, ekoizpena eta zabalpena, edo sortzaileak, Oninart eta BERRIA. Horiek dira hankak, eta ostegunetik aurrera astero kamiseta bat plazaratuko dutenak. Harian-harian ibili beharko dute denek, aktualitatearen erlojuaren pean. Tituluetan ez ezik, irakurleen soinean zabalduko dira albisteak beste behin ere. Paperean ez ezik, oihalean.

BERRIAn argitaratua (2017/04/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA