astekaria 2017/04/28
arrowItzuli

bizigiro

Itxaropen tantak

Nagore Etxeberria

Itxaropen tantak

Hamar urtez etorkizuneko proiektuen karpetan ezkutuan egon ostean, politikarien agendara itzuli da berriro ere esne bankuaren gaia. Ahaztuta zegoen gaia gogora ekarri, eta bankua sortzeko lehen mugimenduak egiten hasi dira Osakidetzan. Aspaldiko eskaera bete egingo dela dirudi: Bizkaian ezarriko dute Euskal Herriko lehen esne bankua, Galdakao-Usansoloko ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan. Aurreikuspenen arabera, urte amaierarako esne bankua izango du Euskal Herriak.

Ama esnea jasoko duen bankua sortzeko lehen proposamena Euskadiko Esnearen Liga elkarteak eraman zuen Eusko Legebiltzarrera, 2007an. Alderdi guztiek ontzat eman zuten proposamena. Ezer gutxi egin zen orduko hartan. Proposamen hutsean geratu zen. 2013an, bigarren eskaera formala egin zen legebiltzarrean; orduan, PSE-EE alderdiak atera zuen gaia, Euskadiko Esnearen Liga elkartearen laguntzaz. Orduan ere, alderdi guztiek baiezkoa eman zioten proposamenari.

Onartu zenetik hiru urte igaro ziren arren, hatzik mugitu gabe jarraitzen zuten iaz. Azken bultzadaren premian, bankua sortzearen alde sinadurak jasotzea erabaki zuen Maria Garcia Gurutzetako ospitaleko jaioberrien guneko zaintza eta trebakuntza arduradun eta erizainak. 15.000 lagunen onarpena jaso zuen proposamenak, eta babes horrekin jo zuen Garciak legebiltzarkideengana. Politikarien babes osoa jaso zuen, beste behin ere. Eta hariak mugitzen hasi ziren.

Aldarrikapen ozenak oihartzuna izan du. Martxoan iragarri zuen Jon Darpon Osasun sailburuak albistea: 2017aren amaierarako, martxan izango da Euskal Herriko lehen esne bankua. Darponen ustez, euskal bankua abian jartzea «osasun sisteman garrantzi handiko aurrerapausoa da, eta euskal gizarte osoaren osasunarentzat eta ongizatearentzat onuragarria izango da».

Ama esnearen biltegia Galdakaon egongo da, baina Darponek azpimarratu zuen «Euskadi osoaren» beharrak beteko dituela, «neonatologiako unitateak dituzten sare publikoko ospitaleen bitartez: Txagorritxu, Gurutzeta, Basurto eta Donostia». Eta gaineratu zuen: «Bankuari esker, nutrizio eta tratamendu egokiak emango zaizkie 32 aste baino gutxiagorekin jaiotako haurrei edo 1.500 gramo baino gutxiagorekin jaiotakoei, amek ezin dietenean behar adina esne eman edo neonatologiako medikuek adierazten duten kasu jakinetan: gaixotasun kirurgiko abdominalak, kardiopatiak eta bestelako gaixotasun arriskutsuak dituztenean». 2015eko datuen arabera, hamar haurretik bat jaiotzen da denbora baino lehen, eta horietatik %15ek 1.500 gramo baino gutxiago pisatzen dute jaiotzean.

Esne bankua martxan jartzearen arduradun nagusia Garcia erizaina da, eta txoratzen hartu du erabakia: «Oso albiste ona da. Aspalditik askok nahi eta espero genuen zerbait da». 31 urte daramatza haur goiztiarrekin, gaixo daudenekin edo arazoren bat dutenekin lanean, eta esne bankua izatea «ezinbestekoa eta premiazkoa» dela dio, horrek behar duten jaioberri guztientzako elikagaia ziurtatuko duelako.

Euskadiko Esnearen Ligak ere urte luzez itxaron duen albistea da osasun sailburuak iragarritakoa. «Legebiltzarrean onartu zenetik gaude zain», azpimarratu du Erne Unzurrunzaga Euskadiko Esnearen Ligako kideak, eta «oso pozik» hartu du albistea.

Amaren esnearen onurak

«Haur guztientzat ona da amaren esnea, eta hobesten den lehen aukera da. Frogatua dago, eta hala diote Munduko Osasun Erakundeak eta beste hainbat osasun elkartek. Sei hilabete bete bitartean, amaren esneak izan behar luke haurraren elikagai bakarra», argitu du Unzurrunzagak.

Haur denentzat da ona amagandik jasotako esnea, baina are gehiago haur goiztiarrentzat edota pisu gutxirekin edo gaixorik jaio direnentzat. Haientzat, «hil edo bizikoa» izan daitekeela diote Unzurrunzagak eta Garciak. Gurutzetako ospitaleko erizainak gogoratu du amaren esneak «onura izugarriak» dituela: «Haurrari laguntzen dio: infekzio gutxiago izaten; hobeto heltzen, fisikoki eta neurologikoki; burmuina baldintza onenetan heltzen eta beste. Hainbat gaixotasun larri saihesten ere laguntzen du: larriena, enterokolitis nekrosatzailea; jaioberrietan oso ohikoa da, eta hesteei eragiten dien gaixotasun larri bat da; bizi osorako ondorio larriak utz ditzake».

Horiek horrela, denbora baino lehen jaio diren haurrentzat, gaixorik zein pisu gutxirekin jaio direnentzat, «elikagaia ez ezik, sendagaia ere bada bularreko esnea», Garciaren ustez.

Haur guztiek, baina, ez dute aukerarik amaren esnea jasotzeko, hainbat arrazoi direla medio: ama gaixorik egotea, amak behar adina esne ez izatea edo ama hil izana, besteak beste. Kasu horietan, bankuek «ezinbesteko funtzioa» betetzen dutela diote Esnearen Ligako kideak zein erizainak. Eta gogoratu dute amaren esnea hartzeko aukerarik izan ezean dohaintzan emandako ama esnea dela jaioberrientzat hobesten den bigarren aukera.

Esne bankuen bitartez ez bada, nekez jaso dezakete jaioberriek amaren esnerik; ez bada inguruan esnea duen amaren bat dutela. Unzurrunzagak gogora ekarri du haurrek beste amen esnea hartzea ez dela «asmakuntza berria»: «Historian, naturaltasunez egin den zerbait da dohaintza. Garai batean, amak behar adina esnerik ez bazuen, gaixotu bazen edota hiltzen bazen, amaren ahizpak, izebak, koinatak edo inguruko emakumeren batek ematen zion esnea haurrari». Garai bateko inudeen edo emakume horien antzeko funtzioa beteko luke esne bankuak.

Hutsunea beteta

Amaren esnea behar duten haurren elikagaia ziurtatzen du esne bankuak. Esne horrek, gainera, berme medikoa du: esnea pasteurizatua dago, kontrol batzuk pasatu ditu, eta, beraz, bermatua dago kalitatezkoa dela eta ez duela kaltegarria izan daitekeen mikroorganismorik.

Izan ere, esnea dohaintzan eman aurretik, osasun azterketa eta galdeketa batzuk egiten dizkiete etorkizuneko emaileei, gaixotasun kutsakorrik duten edo ez jakiteko, besteak beste. Hala, bere esnea emateko erabakia hartzen duen emakumeak esne bankuarekin jarri behar du harremanetan. Berez, edozein amak eman dezake esnea; betiere, baina, euren edoskitzea ezarria izan behar dute. «Haien umeek behar adina esne izan behar dute. Ezin dena egin da esnea dohaintzan eman nahi izateagatik, haien seme-alabentzat esnerik ez izatea», ohartarazi du erizainak.

Azterketa eta galdeketa guztiak pasatu ostean, esnea ateratzeko behar dituzten tresna guztiak ematen zaizkie emaileei. Amek esnea etxean atera, potoetan sartu, etiketa jarri eta izoztu egiten dute. Jarraian, esne bankuak ezarritako esnea jasotzeko lekura eramaten dute etxean izoztutako esnea. Bankuko arduradunak arduratuko dira esne poto guztiak biltzeaz. Bankuan guztiak jaso ostean, esnea aztertu eta pasteurizatu egiten da. Etiketatuta, biltegian gordetzen da, neonatologoen eskaerak jaso artean.

Orain arte osasun sisteman zegoen «hutsunea» beteko luke amaren esnearen biltegiak, Euskadiko Esnearen Ligako kidearen eta Gurutzetako erizainaren ustez. Izan ere, amaren esnea eduki ezean, formulako esnea edo esne artifiziala eman izan zaie orain arte haurrei. Garcia erizainak kontatu duenez, inguruan diren bankuen artean oraindik ez dagoelako interakziorik.

Aurrerantzean, beraz, jaioberriak behar duen elikagaia bermatuko luke esne bankuak. Ez hori bakarrik: gainera, esnea dohaintzan eman nahi duten amek ere izango dute nora eraman urre zuria. Izan ere, urte askoan harraskatik joan dira balio handiko esne litro ugari. Unzurrunzagak kontatu du elkartean esnea eman nahi duten amen dei ugari jasotzen dituztela: «Tamalgarria eta tristea da jendeari esan beharra esnea bota egin beharko duela. Azkenean, balio handiko material bat konketatik behera doa».

Garciak dio harriduraz hartzen duela jendeak Euskal Herrian esne bankurik ez egotea: «Gure osasun sistemak ospe handia du, eta jendea harritu egiten da amaren esnea jasotzeko bankurik ez dugula jakitean».

Jaioberrien beharrak asetzeko biltegia laster izango da abian. Horrekin, baina, ezin dela inor erlaxatu azpimarratu du erizainak: «Gogoratu behar da amaren esnea dela beti onena, eta, beraz, ezin da inor lasai gelditu dohaintzan emandako esnea dugulako. Edoskitzea bultzatu behar da. Neonatologian dauden haurrei euren amak titia ematea da garrantzitsuena, tanta gutxi batzuk oso-oso garrantzitsuak baitira».

BERRIAn argitaratua (2017/04/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA